Dastagailu edo sudur elektronikoa ardaogintzan
Sistemeak hiru modulo independiente daukaz; honeek ardaoaren usaina, kolorea eta gustoa atzemoteko gai izango dira eta hartutako datuen arabera, seinale akustiko bat bialduko dau tresneak. Datuen tratamenturako be programa informatikoa be badauka. Programa honen bidez, ardao bakotxa grafiko batean agertuko da, kolore desbardinagaz. Grafikan alkarren ondoan badagoz, antzeko ezaugarriak daukiezalako da.
Tresna honek ez ditu dastatzaileak ordezkatu gura baina bai parametro objetibo batzuk eskaini bai upategietan baita enologia sailetan be. Hau da, ardao bat ona, oso ona edo bikaina dan esateko, dastatzaile adituetara joko dogu. ‘Panel elektronikoak’ guzurrak ebitauko ditu, Jose Antonio de Saja, ikerketaren arduradunaren eta Valladolideko Unibersidadeko fisika departamentuko zuzendariaren arabera.
Kontua da, personon dastamenagaz ezinezkoa dala igartea jatorrizko izendapenetan, berbarako, derrigorrezkoa dan % 25 edo % 30 ardao mueta batekoa dan edo ez jakitea, eta tresna honen bidez detektau daiteke. Orain arte egindako probek erakusten dabe ardao bakotxa egin daneko upelen ezaugarriak zeintzuk diran jakiteko kapaz dala eta baita erabili diran ardao desbardinen ezaugarriak be.
Imanol Sarasola Ormazabal,
Enologoa
Dastagailu elektronikoa daborduko tresna erabilgarria da. Europar Batasuneko I+G, ikerketa eta garapenerako proiektuan sartu zan milioi bat Euroko aurrekontuagaz: “Wine Panel Test”. 2002an hasi eta 2 urteko epean gauzatu dabe, % 50 Europar Batasuneko laguntzinoagaz eta ganerakoa Espainia, Frantzia, Italia eta Portugalgo ardaogintzako enpresek pagau behar izan dabe.
Espainar estaduari jagokonean, ikerketeari laguntzinoa emon deutsenen artean Matarromera bodegak, ViƱa Ijalba, Finca Allende, Gaztela eta Leoneko enologia saila, Errioxako enologia saila, eta Valladolideko zientzia fakultadeko materia kondensatuaren fisika departamentua dagoz. Horreez gan, Frantziako upategi batzuk be bultzatu dabe ikerketea, EARL Sainte-Marie Monnot bodegeak eta Dejean bodegeak berbarako. Portugaleko Adega de Mogofores eta Montez-Champalimaude be proiektuan sartuta dagoz, baita ardaogintzeagaz zerikusia daukien tresnak egin eta banatzen dabezan Tecnicapompe Zanin enpresa italiarra be.
Ardaoaren azterketa organoleptiko osoa egiteko kapaz dan tresna bat sortzea izan zan proiektu honen helburua. Matarromeraren arabera, “katarako panel elektroniko” bat sortu beharko litzateke, ardao desbardinak bereizteko kapazidadeagaz, baita katalogetako eta aztertzeko be. Orain arte giza baliabideakaz egin izan diran katarako panelen modukoa baina sofistikatuagoa.