Antxina-barri  I. urtea // 5. zenbakia - 2002ko garagarrilaren 1a - Hamaboskaria

Ardi-mozketea, atzoko eta gaurko beharra

Eskuz egiten izan da oraintsura arte, baina gaur egun makina elektrikoek asko errazten dabe beharra


Nahiz eta hasikera baten ardi-moztuteko makinearen aurrean artzain zaharrek arpegi arraroa jarri, beharra ikusi ondoren gustora geratzen dira. 'Basilio Etxebarria auzoko artzain beteranoak be metodo hau lehenengoz ikusi eta gero, bera artazirik gehiagotan ez doala hartzen esan eustan' ziurtatu dau Imanolek. Horrenbestez, zeregin zahar honetan be apurka-apurka aurrerakuntzearen haize barriak sartzen doaz eta nork jakin hemetik urte edo hilebete batzuetara zer ikusi beharko dogun. Eutsi goiari.

Testua eta argazkiak:
Jon Urrutxurtu.

Ez jake beharrik falta artzainei urte osoan, baina behar gehien udabarrian eta udan pilatzen jake: lehenengo axurien jaiotzeari, hazkuntzeari eta salmenteari ekiten deutsee, eta ostean esne-batzeari eta gaztaigintzeari. Eguraldi beroakaz ardi-ulea ebagiteko momentua izaten da. Tradizinoaren arabera, eguraldi ona egin ezkero, San Joan egunak adierazoten dau beheko haranetan ardi-ulearen ebagiteko sasoia dala; goietan, aldiz, Gorbeian berbarako, zeregin hau Santa MaƱe eta San Inazio bitartean egiten da.

Etekin gitxi

Artzaintzan ardi-ulea ebagitea ezinbesteko zeregina izan arren, lanearen edo artilearen salmentatik ataraten dan etekin ekonomikoa eskasa da gaur egun. Antxinako gizartean artilea erropak egiteko oso beharrezkoa zanez, diru osogarria eskuratzen eben lanearen salmentatik. Azken urteotan, zuntz artifizialetan oinarritutako ehungintzeagaz, artileak aldi larria eta txarra igaro dau, eta artzainek ebagitearen lan gogor eta neketsua pagetako dirurik be ez dabe ataraten. 'Orain dala sei urtera arte ezin izaten genduan saldu, eta ez genkian zer egin laneagaz; baina 1996an kiloa 40 pezeta pagetan hasi ziran eta 1998an 50 pezetara heldu zan, baina azken urteotan 10 pezetan be saldu behar izan dogu; aurten 20 pezeta eskaintzen dabilz', esan deusku Basilio Etxebarria Gorbeiako artzain beteranoak.

Urteroko eginbeharra

Saldu zein saldu ez, artzainek urtero derrigorrez egin behar daben lana da. Lehenago, hiru-lau artzain alkartu eta malguki edo muelledun artaziak erabiliz egiten baeben be, gaur egun bakotxak bere kabuz egiten dau behar gogor hori; beste batzuetan, barriz, artzainek eurek zuzenean egin beharrean, espezialista bat kontratetan dabe. Holako beharra egiten dauenetariko bat Imanol Etxebarria, Zeanuriko gaztea da. Haren tresnak: argindarrez dabilen makina ingelesa, artazien kutxilea, orrazi australiarrak eta ardi-ulea ebagiteko metodo neozelandarra.

Orain dala zortzi urte ikusi eban lehenengoz ardi-ulea ebagiteko era hau Imanolek. 'Nire lantegian, Arkauteko Granja Modeloan, Irunberriko (Nafarroa) espezialistak ikusi nituan makinaz jo eta ke, eta lan hau betidanik gustau izan jatanez, irakasteko eskatu neutsen. Posturak egun baten ikasi nituan. Hurrengo urtean etorri ziranean, barriro fijau nintzan eta, gero, eskuko makina txikiagaz etxeko eta lagunen ardiakaz hasi nintzan. Azkenik, makina handia erostea erabagi neban'. Harrezkero, Imanol ardien uleapaintzaile bihurtu da.

2.000 ardi urtero

San Isidro inguruan hasi eta San Inazio egunera arte, gitxi gorabehera, hartu makinea eta han-hemenka ibilten da Imanol herririk herri, mendirik mendi, artalderik artalde. Itxura baten erraza emoten badau be, behar honetan derrigorra da oinarrizko pausu batzuk jarraitzea: 'ardia lotu barik, lehenengo sabela, gero ezkerreko izterra, sama ingurua, bizkarraren ezker aldea eta, azkenik, eskoiko aldea moztuten jakoz. Posturak ondo menperatu ezkero, ez zara nekatzen, bestela bai, ardiak indar egin beharrean norberak egiten dau-eta'. Imanol espezialistea da ardiakaz.

Batez beste bi eta kilo bi eta erdi ule kentzen jako ardi bakotxari eta hiruren bat minutu behar da ardi bat moztuteko; baina animalia batetik bestera aldea dago, 'ardia lodi edo argal egoteak, eta artile klaseak be eragina dauka'. Bakarrean lan eginez, egunean laurogei eta ehun buru bitartean moztu leikez Imanolek; denporaldiaren amaieran bi mila ardi inguru pasetan dira bere eskuetatik.

Salneurriari jagokonez, hogei arditik gora moztu ezkero, buruko 200 pezeta kobretan dau eta kopuru horretatik behera 'tratua egin behar'.