Bizkaiko Eskolarteko Bertsolari Txapelketa ‘04
Gidabaimenik bako bertsolari nagusienen kategorian Josu Martinez (txapeldun), Jon Agirre (txapeldunorde), Manex Sagarna eta Olatz Ibarluzea lehiatu ziran. Josu Martinez bilbotar bertsolariak bigarren faseko bakarkako lanean eskuratu eban txapela, Jon Agirregaz ia alderik be egon ez zan arren. Gaia hau zan: “Josu, orain gitxi Ibilaldia izan da eta zuk hainbat gazte ikusi dozuz bertan; asko eta asko gaztelaniaz berbetan”. Bere azken bi puntuek halako zer edo zer esan eben:
“Gure herria eta hizkuntza
babestu beharra dago,
gurean hitzak balio baitu
ekintzak baino gehiago”
Hamazortzi urtetik beherako bertso horreek guztiak puntuetako, azken urteetan legez, aurten be Bizkaiko bertsolaritzearen inguruko hiru personak osotu eben epaimahaia: Luis Baraiazarra epaile bertsozalea, eta Igor Meñika eta Beñat Gaztelurrutia bertsolari gazteak.
Bertsolari honeetako batzuk Euskal Herriko Eskolarteko Bertsolari Txapelketan kantau beharko dabe bi aste barru. Ezin jakin txapelik eskuratuko daben, baina jakin badakigu leku onean itxiko dabela jaurerriko bertsolaritzea.
OHARRA: Bertsotzaindia (III) bagilaren 21ean argitaratuko dogu
Xabier Paia
Umeak orain azterketa garaian dabiz. Mate, filo, tekno, inguru, plastika eta bertso. Bai, ondo aitu dozu. Bertso be bai. Izan be, bertsolaritzea urtean zehar astero-astero lantzen daben bertsolari txikienek be ikasitakoaren barri emon behar izaten dabe urte akaberan.
Ahoz zein idatziz, bertsolaritzea presente dago gure umeen ikasgelatan. Idatzizko bertsoen txapelketan Bizkaiako ehunka umek hartu dabe parte. Kanporaketak aste osoan zehar egin ostean, fase horreetako bertsolari onenak Gernikara joan ziran, eta bertan, euren bertsolari sena papeleratu eben, kaligrafia onenagaz batera. Idatzizko sariak emonda dagoz daborduko, baina bat-bateko bertsolaritzearen Bizkaiko ‘oskarrak’ egunotan banandu dira.
Juanjo Respaldizaren agindutara jardun behar izan eben Markinako, Ondarruko eta Bermeoko kanporaketetatik finalera sailkatutako 16 bertsolariek. Hirurogehi aurkeztu ziran hasikerako fasera, eta kanporaketatako ariketen galbahea pasau ostean, 16 baino ez ziran geratu.
Hamalau urtera arteko atalean sei bertsolari honeek jardun eben kantuan: Jone Uria (txapeldun), Aitor Beitia (bigarren), Xabier Aldazabal, Miren Amuriza, Ander Iturraspe eta Ilargi Zuazua. Saioa goizeko hamaikak pasauta hasi zan, iragarritako ordua baino apur bat beranduago. Txikienak honeek izateko, saioa sano bizia izan zan eta Jone Uria erraz nabarmendu zan besteen ganetik.
Hamalau eta hamasei urte bitartekoetan, beste sei bertsolari egozan finalean: Arrate Illaro (txapeldun), Itxaso Paia (txapeldunorde), Eñaut Uruburu, Beñat Romero, Amaia Aurrekoetxea eta Enea Pinillos. Alde txikia egon zan lehen eta bigarren postuen artean. Arrate Illarok ederto kantau eban; zortziko txikian lehen bertsoa atoan bota eban. Hau zan gaia: “Zuk, Enea, horoskopoan leidu zendun zeure bizitzako mutila topauko zendula laster baten. Hilabetegarrenean, Arrate, horoskopo-egilearengana jo dozu, berak iragarritakoa bete ez dala-ta”:
Ligatzeko ez duzu
bat ere kemenik
itxaropena galdu
baituzu jadanik.
Ez dakit miraririk
gertatuko zenik,
neska guapa zinela
pentsatzen nuen nik.
Itxaso Paiak be ondo baino hobeto kantau eban txapeldunagaz batera zortziko nagusian: “Zuk, Arrate, mendira joan gura dozu, baina Itxasok ez dauka joateko gogorik.”
Mendira ere joan gintezke
biok hurrengo astean,
baina zahartu egingo naiz zu
hemen egon bitartean;
nahiz eta jakin ni ez joatea
badela nire kaltean
mendiak ez du alde egingo
ta utz nazazu bakean