Euskerea berbagai  III. urtea // 61. zenbakia

Espainia eta eremu urriko hizkuntzak (I)


Orobat, deskargu txostena idatzita dagoan eran, Espainiar Estaduak hartutako konpromisoak betetea Erkidegoen esku itxi dau, aldian-aldian daukien borondatearen arabera, erantzukizunari uko eginaz eta eskuak garbituz. Baieztapena kontraesankorra da arrazoi birengaitik; batetik, nazinoarteko ordezkaritzea Administrazino Zentralaren eskuduntzea da, Erkidegoek ez daukie ordezkaritza ofizialik Europan, halan da ze, Erkidegoek Estaduaren bitartez hartu dabezan eskakizunak eta betebeharrak, baita horreen esangurea Estaduak jakinarazo behar deutse; bestetik, Erkidego batek autortutako konpromisoak ez beteteak (Nafarroako Gobernuak beteten ez dauazala nahiko kontu garbia eta ezaguna da. Era berean, Estaduak ez dau ezelako pausurik emon Gutunaren 7. artikuluaren 2. puntuan jasotakoak Nafarroan betearazoteko) Estaduak hartutako konpromisoak ez betetea dakar, ezinbestean. Ezen, Nazinoarteko ordezkaritzea Estaduarena bada, berarena da, azken baten, hartutakoak abian jartearen eta betetearen erantzukizuna.

Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutuna osorik irakurteko: http://www.euskadi.net/euskara

Erramun Osa

Orain dala gitxi, Europako Kontseiluaren adituen batzordea bisitan etorri jaku, Espainiak berretsitako Eskualdeetako edo Eremu Urriko Hizkuntzen Europako Gutunaren betetze maila aztertzeko. Nafarroakoak ez eze, EAEko hainbat alkarteren zein erakunderen eretxiak be jaso dabez. Bisitea Gutunaren aplikazinoaren testuinguruan kokatzen da, izan be, 15. artikuluak dinoan legez: “Jarraitutako politikeari buruzko txostena aurkeztuko deutse aldeek, aldian-aldian, Europako Kontseiluko idazkari nagusiari, Ministroen Kontseiluak ezarriko dauan eran, eta Gutun honetako II. zatiagaz bat. Aldeek III. zatiko xedapenetik bere egin dabezanak apliketako hartu dabezan neurriei buruzkoa izango da txosten hori. Alde bakotxak Gutuna berarentzat indarrean sartu osteko lehenengo urtean aurkeztu behar dau, beste txostenak, barriz, lehenengoa aurkeztu ostean, hiru urterik behin aurkeztu behar dira”.

Halan da be, Kontseiluko adituen batzordeak erabili dauan prozedureari buruz ohar bat egin leiteke, egin-eginean be, Gutunaren 7. artikuluak, “b) Eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza bakotxak hartzen dauan geografia-eremua errespetetea; halan da ze, administrazino-banaketak, lehendik hor egozanak nahiz barriak, ez dira oztopo izango eskualdeetako edo eremu urriko hizkuntza hori sustatzeko” badino be, gutunaren aplikazinoa aztertzeko orduan Europako Kontseiluak gitxiengo baten hizkuntza gitxiagotua dan euskerearen geografia-eremua bere osotasunean ez dau errespetau, lehenagotik datorren administrazino-banaketea (Frantzia eta Espainia), geroago sortu barri diranak (EAE eta Nafarroako Foru Komunitatea) kontuan hartuta arituz. Itxura baten, Gutunak adierazotakoa kontuan, euskerearen lurralde osoan, euskereak bizi dauan egoerea jasoko dauan txostena egin eta aztertu beharko litzateke.

Izan be, lurralde bakotxean euskerearen egoerea (geografia-eremu batean euskerearen berreskuratze aztarrenak igarri leitekez –EAEn esate baterako–, beste batzuetan –Nafarroan eta Iparraldean maila desbardinean–, ostera, besteak beste, administrazinoen eta Estaduen nasaikeria eta kontrako jokerak tartean dirala, atzera egiten segitzen dau euskereak), indarbarritze ahalegina (lurralde batzuetan indarbarritzeko barik beste era bateko neurriak hartzen ari dira euskerearen berreskuratzea oztopatzeko), e.a. desbardinak izan arren, lurralde guztiei jagokezan elementu komunak badagoz egon.

Besteak beste, euskerearen lur-eremuan euskereak status juridiko bera ez izatea (EAEn eta Nafarroan ofizialkidea, Iparraldean ofizialtasunik eza), hiztunei hizkuntza eskubide berberak ez onartzea (EAEn eskubideak autortzen jakez, baina, Osasun zerbitzuetan –adibide bat jartzearren– edota Estaduaren menpeko administrazino periferikoan eta haren adarretako zerbitzuetan hizkuntza eskubide horreek erabiltea ezinezkoa da –Justizian, esate baterako-), Nafarroan guneen arabera hiztunek eskubide urri batzuk daukiez edo euskerea zein euskeraz ikasteko eskubiderik be ez jake autortzen, baita Iparraldean be, Frantziar Estaduak Gutunak, printzipioak eta erispideak beteten ez dituaena. Horreek guztiek nahikoa arrazoi eskaeintzen dabez euskereak eta euskal hiztunek bizi daben egoereari buruzko txosten bateratua egin ahal izateko.

Beste alde batetik, epe guztiak gaindituta aurkeztu dan Espainiako txostena dala-eta, hartutako konpromisoak beteteko ze pausuo emon dauan (irakaskuntzan, administrazinoan, Estaduaren baitakoak diran komunikabideetan –hizkuntza ofizialkideak daukiezan erkidegoetan emititzen direnak–, e.a.) ez dauala argitu baieztau geinke (askotariko iturrietatik lotu bako datuak agertzen dira, lege aitamenak –indarrean dagozanak, ez dagozanak argitu barik eta ze eragin daukien argitu barik-, e.a. agiri dira txostenean).