Eretxia  III. urtea // 61. zenbakia

Estadu Batuetan botua emoteko orduan boltsikoak agintzen dau


Ez nator bat eretxi horregaz. Esan behar dot ezer baino lehen ez nazala Bushzale. Gogoan izan daigun Estadu Batuek ez dabela ezelako arazorik izan euren Historian zehar ejerzitoa munduko punta batetik bestera eroateko, batzuetan irabazi eta beste batzuetan galduz. Are gehiago, gaur egun ejerzito profesionala daukie, uritartasun amerikarra lortu guran dabiltzan etorkinez beteta. Ganera, gero eta sarriago entzuten da ejerzitoak "pribatizau" egiten dirala, hau da, lan zikin asko enpresa batzuen bizkarzainek edo mertzenarioek egiten dabezala.

Beraz, ez dot uste baja gehiago ala gitxiago izateak berebiziko garrantzia eukiko dauanik amerikarrentzat. Ganera, hildako asko ez dira soldadu estadubatuarrak. Eta enpresetakoen bajak "aholkulari" edo "behargin" berbakaz disimulau egiten dabez.

Baina gerrea egiteak badauka alde ahula: boltsikoa. Gerrak oso karuak dira, karuagoak azken aldikoak, teknologiaren ondorioz. Estadu Batuek zor handiak eukiezan arinagotik be; zor horreek handitu egin dira gerrearen ondorioz eta zorrak pagetako zergak igo egin beharko dabez: pekatu larria Estadu Batuetan.

Beste alde batetik, zor horreen ondorioz ez da bape erreza izango interes tasearen igoerea geldiarazotea. Ganera, petrolioaren prezioaren igoerea eusten ez badabe, amerikarrak hasiko dira pentsetan ez dabela negozio onik egiten Bushegaz. Horixe izan leiteke Kerryren aukerea. Baina Bush eta bere aholkulariek badakie horixe dala euren alderik ahulena. Horrexegaitik, badaezpada, nik ez neuke oraindino ez aldeko ez kontrako apusturik egingo.

IƱaki Atxutegi

Gure kanpaina martxan dagoanean, ez dago bape txarto gogoan izatea Europan eta Ameriketako Estadu Batuetan jenteak boltsikoari begira emoten dauala bere botoa. Euskadin ez dogu ondo aitzen zelan eta zergaitik aldatzen daben botoa europarrek, gurea sarri askotan ideologiak bultzatuta izaten dalako.

Hemen badagoz beti botua alderdi berari botua emoten deutsienak. Aitzen dot jarrera hori. Horrek frogatzen dau oraindino normalizau barik gagozala herri legez. Persona ugarik bihotzari edo sentimendu nazionalari erantzunez emoten dau bere botoa, lantzean behin bere interes personalaren kontra.

Normalizautako demokraziatan badagoz ideologiak markautako botoak, zelan ez. Baina egon badagoz euren interesen arabera emoten dabenak. Honeek hautagaiek zer esango, gobernuek zer egingo adi egoten dira. Botoemoile horreek ez dabe arazorik izaten botoua mustur batetik bestera eroateko holan jokatu ezkero, euren interes ekonomikoak defendiduten badabez.

Europako eretxiemoile askok esan izan dau Bushek galdu egingo dituala udagoieneko hauteskundeak Irakeko gerrearen ondorioz eta Iraken izandako atentaduek John Kerryri emongo deutsiela garaipena. Hori esaten deuskue Europatik, behintzat, bertan izan diran eta izango diran hildakoen dramea amerikarren galbidea izango dala.