Zinea  III. urtea // 61. zenbakia

Favela Irratia

(Uma onda no ar)


Polizi talde bat Brasilgo favela batera abiatu da. Trafikatzaileak, pistolak eta armak eskuan, horreei aurre egiteko prest dagozan bitartean, irrati pirata batek entzuleei etxe barruan babesteko gomendioa emon deutse. Baina, poliziaren helburua ez da drogen trafikoaren kontra egitea, ezpada irratia isildu eragitea. Kartzelan, irratiko buruak, Jorgek (Alexander Moreno), presoei kontauko deutse zelan sortu zan irratia martxan ipinteko asmoa.

Helvécio Ratton zuzendaria favelen mundura hurreratu da irrati independente batek 80ko hamarkadatik aurrera Belo Horizonte-ko komunidadeari emoten deutson zerbitzua erakutsiz. Halanda ze, beste film batzuek, kasu baterako Jainkoaren Uria-ren modukoek, indarkeriaren ganean jasoten daben ikuspuntua albo batera itxi dau, txabolez jositako auzo honetan dagoan gizatasuna agirian jarriz.

Helvécio Ratton-ek film honen gidoia atontzeko, uri ganeko auzo mueta honeetan behar egin edo bizi izan diran personen lekukotzak erabili ebazan; ganera, hainbat antzezle favela-ko bertako persona arruntak izan dira.

Emoitzea, benetan, ona izan da. “Uma onda no ar” pelikulea apala baizen bikaina da, ez dau dramatismo merkerik saltzen eta auzo honetako biztanleen gizatasuna, harrotasuna, umorea eta bizipenak erakusten deuskuz artifizio bako sinplismo miresgarria erabiliz. Ikusleei ez deutse ez penarik ez tristeziarik eragin gura eta, horretarako, jarrera sendo eta argi batetik begiratzen deutso ganerako munduari, umore eta ironiari tarte berezi bat opetsiz. Biktimismo barik eta gauzak garbi esanez. Seguru asko pelikula hau bizia baizen benetakoa dalako. Joan ikusten, ez jatzue damutuko.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Helvécio Ratton.
- Herrialdea: Brasil.
- Iraupena: 92 minutu.
- Antzezleak: Alexandre Moreno (Jorge), Adolfo Moura (Zequiel), Babu Santana (Roque), Benjamim Abras (Brau), Edyr Duqui (Neusa), Priscila Dias (Fátima), Renata Otto (Lidia), Hamilton Borges Walê (Baiano), Tião D'Ávilla (Delegado).
- Gidoia: Helvécio Ratton eta Jorge Durán, Eid Ribeiro-ren laguntzinoagaz