Txutxu-mutxuan  III. urtea // 61. zenbakia

Petrolio barik, zer?


Produkzino mailarik gorena 2010ean

ASPOk zehaztu gura izan dau benetako egoera larria ez dala helduko petrolioa agortukeran, ezpada punturik gorenera heldukeran; izan be, horrek esan gura izango dau erreserbak behera egiten hasi dirala. Erakunde horren esanetan, ganera, muga horretara 2010ean helduko gara. Ez da ahaztu behar Txinak eta Indiak bete behar dabezan premina energetikoak ikaragarri handitu dirana azken urteotan.

Ganera, zientzilari askok dinoe mende honen erdialderako negutegiaren eragina sortu eragiten daben gasen isuriak % 60 urritu behar geunkezala, klimearen aldaketari aurre egitekotan.

Horrek erregai gitxiago erabiltea eta gehiago ez bilatzea ekarri beharko leuke, energia barriztagarriei bultzada estrategikoa emonez.

Bien bitartean, ostera, ez dau emoten gitxiago gastetan hasiko garanik, petrolioaren inguruan dagozan interes ekonomikoak ikaragarri handiak diralako. Horren adibide tragikoa Iraken daukagu zoritxarrez.

Begiluzea

Heriotzearen kasuan legez, inork ez daki zer jazoko dan, baina gauza bat argi eta garbi dago: hemetik urte batzuetara petrolio barik bizitzen ohitu beharko dogu.

Seguru asko berrogei urte inguru daukien gehienek ikusi ahal izango dabe aldaketa hori. Dana dala, Lurraren leku askotan petrolioa izango da geroan be, baina likido likats hori atarateko prezioa sano karua izango dala pentsetan da, petrolio-geruza horreek sakon-sakonean egongo diralako, urriagoak izango diralako eta, beste energia batzuekaz alderatuta, erregai mueta hau karua eta kutsagarria izango dalako.

1998ko martian, Scientific American aldizkari entzutetsuan, Colin Campbell eta Jean Laherre doktoreek adierazo eben “mundua ez dala petrolio barik geratuko, ez momentuz behinik behin. Baina gizarte honek aurre egin behar izango deutso petrolio merke eta ugaria eskuratzeko aukereari, gaur egun nazino industrializatu danak erregai honi esker horniduagaitik be”.

Aldaketak 2030. urtea bete aurretik

Gaur egun, 75 milioi upel produziduten dira egunean. Aditu batzuek aspaldi aitatu eben petrolioaren produkzinoa 2015ean ailegauko zala punturik altuenera; gauzak holan, sasoi honetarako 90 milioi upel inguru produziduko dirala aurreikusten da; horrek konsumoa apur bat handitzeko aukerea emongo dau.

Campbell eta Laherre-ren aurreikuspenak ikusita, 90 milioi upeleko produkzino horri 30 urtean jarraitu ahal izango jako; halandaze, aldaketa gogorrak 2030. urtea bete baino lehenago bideratu beharko dira.

Eta goitik beherako aldaketak izan behar dira; izan be, nazinoarteko garraioen % 90 petrolioaren menpe dago. Ganera, Mendebaldeko bizimoduaren erosotasun kimiko eta plastikorik gehienak –berbarako altzariak, farmaziako produktuak eta komunizinoak- petrolioaren menpe dagoz, horregaz gitxitan konturatzen garan arren.

Aurreikuspen ezkorragoak egin dabezanek petrolioa garraiorako berehalakoan ixtea gura dabe, ordeztezina dan zereginetan baino ez daigun erabili.

Hazkundea murrizteko premina

2003ko maiatzean, Colin Campbell-ek sortutako Petrolioa Aztertzeko Erakundeak (ASPO) petrolioaren murrizketearen inguruko tailer bat egin eban Parisen.

Berbaldian parte hartu ebenetariko bat Matthew Simmons bankari ospetsua eta George W. Bush-en aholkulari ohia izan zan. Honen esanetan, “ezin jakin daiteke zehatz-mehatz noz helduko garan produkzinoaren mugara, baina hori etorri-etorriko da eta hemetik urte gitxira”.

Eta ganeratu eban: “hori holan bada, ondorioak ikaragarriak izango dira. Munduko petrolio erreserbak punturik gorenera heltzen diranean, nazinoarteko agendako gai eta arazo gehienak zuztarretik aldatuko dira. Gaur egun ez dago denpora luzeagoa emongo deuskun urtenbide energetiko on-onik... Alternatiba bakarra gure ekonomien hazkundea murriztea baino ez da”.