Uruguai (II):
Dana ahal izan dogun moduan batu eta kanpineko sarrerara joan gara aterpe bila. Praka luzeak eta jersea imini doguz, ez dau berorik egiten eta. Hiru mahai dagoz, ‘xs’ neurrikoak honeek be, eta sei banku mahaiei lotuta, neurri bardinekoak. Beste bikote bi dagoz, eta antza, seiontzat leku nahikoa dago. Motxilak mahai ganean itxi doguz, behearen ganea ur eske dabilela emoten dau eta. Goizaldeko ordu biak dira eta lau ordu geratzen jakuz eguna egin arte. Pentsau dot Ekaitz izarrik geratuko dala, ez da logura eta. Nik, Ekaitzen bernen ganean imini dot burua, baina ezin izan dot lorik egin. Bankuan jesarrita egon gara, eta haizea dabil. Horregaitik, bernen ganean ‘xs’ neurriko lo-sakua imini dogu, eta burua haizetik babesteko Ekaitzen lo-sakua erabili dogu.
Ekaitzek nahiko izan dau horregaz, handik hamar minutura loak hartu dau. Baina nik ezin izan dot lorik egin. Beste bikote biak be lo dagoz eta urduri imini naz, horregaitik altzetea erabagi dot. Euria eta haizea, haizea eta euria. Aterpean bost pausu baino ezin dodaz emon: bost aurrera eta bost atzera. Liburua hartu eta Atxaga irakurten hasi naz, bost pausuko ibilaldi asko egin dodazan bitartean. Seietan Ekaitz izartu dot, eta oraindino be euria da. Hori dala eta, hurrengo gauean be ezin izango dogu kanpoan lo egin, lo-sakuak bustita egongo dira eta. Horregaitik, handik alde egitea erabagi dogu.
Autobus geltokia zarratuta egon da eta bi ordutan egon behar izan dogu itxaroten. Esan deuskue hurrengo autobusak eguerdian urtengo dauala. Barriro gosetuta, dendan zeozer jateko erosi ostean, zabalik dagoan tabernara joan gara. Apur bat lohi dago, apur bat baino gehiago, asko esango neuke. Barrearen beste aldean topau dogun gizonak berrogeita hamar urte baino gehiago eukiko dauz, eta beste horrenbeste kilo sobran, alkondara barik ikusteko aukera parebakoa izan dogu, eta bizarra oraindino ebagi barik. Tabernea eta komuna ez, baina kafea ondo egon da. Armosuaren ostean, hondartzara joan gara. Benetan polita da: bedarra eta arbolak hondartzaraino ailegetan dira eta aurrez aurre Itsaso Atlantikoa daukagu. Olatuak indarrez joten dabe, eta Euskal Herria jatorku gogora hau ikustean. Hondartzearen inguruan ez dago ia etxerik, eta dagozanak egurrezkoak dira. Pozik egon gara, eta hats nazkagarri bategaz be ‘disfrutau’ dogu. Antza, handik kilometro batera itsas lehoi bat dago hilda.
Eguerdian Montevideora, eta gero Coloniara joan gara. Han gauaz gozau dogu, batetik bestera ibili gara eta. Hamarretan gasolindegiko denda-tabernea zarratu dabe eta hamabietan autobus geltokira joan gara. Kanpoan geratzea erabagi dogu, goizaldeko lauretan portua zabaldu daben arte. Bitartean, oso ondo pasau dogu kale-txakur bigaz: gure ondo-ondoan gura izan dabe errietan egin. Gero, txartela erosi eta mugako poliziak papeltxu bat eskatu deusku. Zein? Geuk be, Laboaren harria batzen eban papela moduan, bota egin dogu. Ederto! Multea pagau dogu, eta eskerrak peso uruguaitarrak dirala eta ez euroak.
Iratxe Ormatza
Montevideotik urten dogu eta iparraldera joan gara, sano polita dala esan deuskue eta. Iparraldean natureari ahalik eta kalte gitxien egiten saiatu dira: bide asko asfaltau barik dagoz, gauez ez dago argirik eta etxe gitxi dagoz.
Gaueko bederatzietan ailegau gara neo-hippyen mundura. Aterpetxean ez da egon lekurik eta baserrietan daukien prezioa hotel karu baten modukoa da. Lo-sakuak daukaguz eta dendarik euki ez arren, kanpinera joan gara. Kanpinean, dana da naturala: komun-ontzia lurrean dago sartuta, hanka bakoa da. Ondo horniduta dago komuna, aurrekoek itxitako gomutagarriakaz. Kanpoan bakeroen pelikuletako dutxea dago, izan be, ataraten dan ura hari fin baten modukoa da, baina sikeran ez da hari beilegia. Lekua hartu dogu, motxilak eta lo-zakuak itxi eta dendara joan gara, gosea kentzeko amesagaz. Ogia, tomatea, errez zabaltzeko atun-lata bat eta ardao botila bat erosi doguz. Ardaogaz ospatu dogu nire lehen gaua izarpean, eta jakin be jakin dogu zelakoa dan hemengo ardao nuklearra.
Lotara joan garanean, Euskal Herriko lagun batek itxitako lo-sakua zabaldu dot. Berak erabili bakoa da, eta esan eustan ondo jagoteko. Jabea ez da txikia, baina lo-sakua ‘xs’ bat da eta bularreraino ailegetan jat. Makurtuta, ia bizkar osoa sartu neike. Ze ondo! Handik gitxira, loak hartu deusku, golpetxu bat igarri dodan arte: ‘ez daukat gogorik altzetako, gaua da oraindino eta’, pentsau dot. Segiduan, baina, beste golpe bat, eta: ‘Iratxe, altxau, euria da eta!’. Ordurako tangada batzuk igarri dodaz, eta horreen atzetik, tangada danak arrapaladan etorri jakuz.