Zazpi eskualde zazpi txapeldun
Bizkaiko txapelketara begira
Daborduko badakigu zein zazpi bertsolarik kantauko daben Bizkaiko Txapelketako kanporaketetan. Honeeri izena emoten daben 2002 aurreko txapelketetako finalistak batuko jakez (2002ko finalistak finalaurretara sailkatuta dagoz zuzenean), eta Eskualdeetako Txapelketetatik puntuazinoaren arabera sailkatutakoak, hogeita hamarreko zerrendea osotu arte. Antolatzaileek izen emotea zabalduko dabe hurrengo hilabeteetan eta orduan jakingo dogu zehatz nortzuk kantauko daben Bizkaiko Txapelketan. Guk Eskualdeetako Txapelketan 200 puntutik gora lortu dabenen zerrendea dakartsuegu, honeek dira eta sailkatzeko aukerea euki lekienak (bat baino gehiago kanpoan geldituko da seguruenik, 2002 aurreko finalisten artean bizpahiruk parte hartuko dabela aurreikusten da eta):
Iker Belaustegi 233,5 Busturialdea
Onintza Enbeita 229,5 Busturialdea
Miren Ibarluzea 226,5 Ipar Uribe
Urtzi Urrutikoetxea 223,5 Bilboaldea
Amaia Uribe 222,6 Busturialdea
Igor Meñika 221 Arratia
Joseba Artza 220,5 Lea-Artibai
Gorka Lazkano 219 Durangaldea
Eneko Abasolo 218,5 Durangaldea
Matxalen Zabaljauregi 218 Bilboaldea
Jabier Olibares 216 Arratia
Jon Eizmendi 216 Bilboaldea
Iñaki Iturriotz 212,5 Arratia
Ander Salaberria 212 Durangaldea
Garikoitz Sarriugarte 209 Durangaldea
Ibai Guridi 209 Durangaldea
Jon Unanue 208,5 Durangaldea
Oier Azula 208 Lea-Artibai
Lander Ibarluzea 204 Lea-Artibai
Josu Landeta 204 Ipar Uribe
Joanes Igeregi 201 Ipar Uribe
Xabier Enbeita 200,5 Busturialdea
Amaia Jauregizar 200,5 Busturialdea
Durangaldeak ziurtatuta daukaz beste sei bertsolari Bizkaiko Txapelketan, maila altuena erakutsi dauan eskualdea izan danaren seinale. Beste bost eskualdetik hiruna bertsolari sailkatu leitekez, orokorrean dagoan orekearen adierazgarri. Udako etenaldiaren ostean, urriko asteburuetan entzungo doguz kantuan barriro, Bizkaiko Txapelketako kanporaketetan. Guztien helburua ondo egitea izango da eta askok izango dabe buruan abenduaren 19ko Euskaldunako final handia.
Iñaki Aurrekoetxea
Amaitu dira Bizkaiko Eskualdeetako Txapelketak eta ezagutzen doguz zazpi txapeldunak. Nork bere eskualdeko txapela ez eze, urritik aurrera jokatuko dan Bizkaiko Txapelketarako sailkapena lortu dabe. Txapela jantzi dauan azkena Durangaldeko Beñat Ugartxea izan da. Zorionak zazpiei. Honeek dira txapeldunak eskualdez eskualde:
Lea Artibai: Gorka Ostolaza (392,5 puntu)
Ipar Uribe: Xabier Paia (386)
Bilboaldea: Oihana Bartra (379)
Busturialdea: Anertz Muniategi (372,5)
Arratia: Eñaut Intxaurraga (369,5)
Durangaldea: Beñat Ugartetxea (357,5)
Enkarterri: Jokin Castaños (323)
Balantzea
Ez da sorpresa handirik izan saioetan. Esperientzia gehiago daukien bertsolariak esperotako maila emon dabe. Enkarterrikoa ez beste eskualdeetako txapeldunak aurreko Bizkaiko Txapelketan kantau dabe eta gehienak finalaurreetara be heldu ziran; hiru dira eskualdeko txapela errepikau dabenak: Gorka Ostolaza, Anertz Muniategi eta Beñat Ugartetxea. Eskualdeetako Txapelketen helburu nagusi bat bertsolaritzea eskualdean zabaltzea eta lekuan lekuko bertsozaleengana hurreratzea izan da eta helburua ondo bete dala emoten dau. Eskualde batzutan finalera sailkatzeko kanporaketa saioak antolatu dabez afari edo bazkari giroan eta horrek posible egin dau txapelketa batek eskatzen dauan girotze graduala. Bide batez eskualde bakotxean gai-jartzaile eta epaile taldeak be antolatu dira, Bizkaia mailako sare zabal bat osotzeko aukerea emoten daualarik.
Saioetan ehun bat entzule izan dira, inon gehiago eta beste inon gitxiago be, Basaurin jokatu zan Bilboaldeko Txapelketaren kasua esaterako. Bertoko garbitzaileen grebea dala-ta, Kultur Etxean egin beharrean udalak atondutako karpa batean egin zan eta egia esan giro nahiko hotzean kantau behar izan eben bertsolariek, hogeita hamabost bat entzuleren aurrean. Portau ziran bertsolariak halanda be. Bestelako kasu bat Enkarterrikoa da. Lehenengoz egin da aurton eta bertoko bertsolariak hiru baino ez izan arren (beste eskualdeetatik konbidatuta kantau eben beste hiruk), girotze lan bikaina egin dabe eskualde mailan eta finalean han bildutako entzuleak gogo biziz txalotu eben bertsolarien lana. Ia hasitako lanak jarraipen egokia daukan. Txapelketek itxitako beste ondorio bat finalean aritutako bertsolarien kopuruarena da. Batzutan sei, beste batzutan zortzi, inon zazpi. Seitik gorakoetan denpora ikaragarri luzatu da eta bertsolari eta entzule askoren eretxian eskualdeetako hurrengo txapelketetan sei bertsolarik kantetako erabagia hartu beharko litzateke.