Euskerea berbagai  III. urtea // 60. zenbakia

Adolfo Arejita eta Itziar Laka, Andolin Eguzkitza euskaltzaina zanaren aulkia hartzeko hautagaiak


Adolfo Arejita

Bilbotarra, baina umearoa Morgan (Bizkaia) pasau eban. Deustuko Unibersidadean Filologia eta Letretan lizentziatua, Erromanikoaren sailean. Unibersitate horretan dihardu, irakasle lanetan, 1980-81 ikasturtean hasita, gaurdaino; honako gaiak erakutsi ditu: Euskerearen Morfosintaxia, Euskerearen Gramatika Historikoa, Euskal Literatura Klasikoa eta Lexikologia eta Semantika. Euskal Herriko Unibersidadeko irakasle be izan da, 1992-1994 bitartean etaEuskal Hizkuntzearen Teoria eta Egitura eta Gaurregungo Literatura Unibersala gaiak emon ditu.

Kazetari beharretan be ibilitakoa da: Bilboko Herri Irratian, TVE-eko Bilboko Zentroan eta Bizkaia Irratian.

Euskaltzaindiak euskaltzain urgazle izentau eban 1983ko apirilaren 28an.

Labayru Ikastegiaren Euskal Hizkuntza Arloaren zuzendaria da, 1977an sortu zanetik eta gaurdaino, eta Litteræ Vasconicæ / Euskeraren Iker Atalak aldizkariaren zuzendaria be bai, sortu zanetik (1981) gaurdaino.

Ikerkuntza-lana, batez be, Labayru Ikastegia eta Deustuko Unibersidadearen inguruan garatu dau, irakaskuntzearen aldamenean, baita be Euskaltzaindiaren eta Eusko Ikaskuntzearen inguruan aldian aldian.

Lan ugari argitaratu ditu, bai testu zaharren inguruan, baita gramatikari buruzkoak be. Argitaratu dituan lan batzuk:

-Pedro A. Añibarroren “Misionari Euscalduna” (I eta II tomoak) eskuizkribu potoloaren transkripzinoa eta ohar kritikoak.
-Juan Mateo Zabalaren Irungo sermoi-bildumearen azterketa kritikoa eta autorearen obra guztien gramatika-azterketea (1994-2002) (argitaratze-prozesuan).
-“Euskal joskera”. 1978.
-Mogelen “El Catequista Bascongado. Cristau Eracasle Euscalduna” liburua. Sarrera-azterketa, edizino kritikoa eta lexikoa. 1993.
-“La obra de Juan Antonio Moguel. I: Gramática descriptiva de la lengua”. 1994
-“Bizkai euskera idatziaren morfologia-eredurako zertzeladak”, Mendebaldeko euskara XX. mende goienean. 1997
-“Lizardi eta euskal pizkundea”. 1985
-Elkarlanean: Studia Philologica in Honorem Alfonso Irigoien. Batzorde argitaratzailea: Adolfo Arejita, Itziar Turrez, Carmen Isasi. 1998
-Jose Basterretxea Oskillaso zenaren Euskaldunak Madrilen eleberri argitaragabea kaleratu zuen, 2003. urtean.

Itziar Laka

Bilbon sortua. Itziar Lakak Euskal Filologia ikasi eban, Euskal Herriko Unibersidadean. Doktorego tesia Massachusetts Institute of Technology zentroan lortu eban, 1990. urtean, Noam Chomskyk eta Ken Halek zuzendutako Negation in Syntax: A Study on the Nature of Functional Categories (Ezeztapena sintaxian: funtzio kategorien izaerari buruzko azterketa) tesiagaz.

Gaur egun, EHUko Historia, Geografia eta Filologia Fakultadeko irakaslea da, Hizkuntzalaritza eta Euskal Ikasketak Sailean. Irakasle gonbidatua ere izana da, hainbat unibersidadetan, besteak beste Vienakoan eta OTS Institute for Language Research zentruan (Utrecht, Holanda).

Euskaltzaindiko Gramatika batzordeko kidea da.

Hainbat lan argitaratu ditu, besteak beste:

-"Euskal-Izkindeako aditza" in Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 1986

-"Eta juntagailua 1700 aurrerako testuetan" en Kritikalari, UNED, Bergara, 1986; "Parnasorako bidearen hizkuntzaz" in Anuario del Seminario de Filología Vasca "Julio de Urquijo", 1985
-"Azpikotasunaren Baldintzaz: Muga Adabegiak Euskaraz", P. Salaburu (arg.) Euskal Sintaxiaren Zenbait Arazo, Euskal Herriko Unibertsitatea, 1986.
-"Astarloaren hizkuntzalaritzaz" in A.S.J.U.International Journal of Basque Linguistics and Philology (ASJU). 1989
-“Gramática Generativa y Lengua Vasca: estudios sobre ergatividad” in Foro Hispánico 21. 2002
-Interneteko argitalpena: A Brief Grammar of Euskara, the Basque Language, EHUko Euskararako Errektoreordetzaren babesean. 1995.

Ikerkuntza proiektu batzuetan parte hartu izan dau, bai ikerburu legez, baita partaide legez be. Kongresutan be hizlari izan da eta hiru doktorego tesi zuzendu ditu.

Bestalde, hautapen batzordeko kide izan da ondoko erakundeetan: West Coast Conference in Formal Linguistics (EEBB), North Eastern Linguistic Society Conference (EEBB) eta Linguistics Symposium on the Romance Languages (EEBB). Bestalde, National Science Foundation erakundearen aholkulari da, ikerkuntza proiektuen ebaluaketan, (EEBB). Permanent Fellow NIAS (Netherlands Institute for the Advanced Study in the Humanities and Social Sciences), erakundeko partaide be bada, 1997tik hona.

Bizkaie!

Maiatzaren 28an Euskaltzaindiak Bilbon egin dauan osoko bilkuran, Andolin Eguzkitza euskaltzaina zanaren hutsunea beteteko hautagaiak aurkeztu dabez euskaltzainek:

-Adolfo Arejita. Xabier Kintana, Jose Luis Lizundia eta Andres Urrutia euskaltzainek aurkeztua.
-Itziar Laka. Miren Azkarate, Beñat Oihartzabal, Pello Salaburu eta Piarres Xarriton euskaltzainek aurkeztua.

Datorren hilean, bagilean egingo dan osoko bilkuran aukeratuko dabe euskaltzain barria.