Berbabarrigintzea
Berba barriak egikeran, ostera, kontuan euki behar da zelan egiten diran eta bi berba batzean zein dan adierazo gura dogun kontzeptu barria. Izan be, kantagintzea kantuak egitea izan leiteke, baina zer da kulturea egitea? Zeintzuk dira kulturea egiteko behar diran osogaiak? Pentsau leiteke kulturea sustatzeari egiten deutsola erreferentzia berbeak, baina gaztelaniaz “creación musical/de canciones” esan geinke, baina ez “creación cultural” lakorik. “Promoción/fomento de la cultura” askoz be normalagoa izango zan. Azkenik, zer ez esan euskalgintzeari buruz? Kasik egunero egunkarian agertzen dan berba horrek zein kontzeptu adierazo gura dauan be ezin da errez jakin. Izan leiteke euskal kulturearen sustapena, euskaldun izatearen promozinoa, euskalduna dan ororen goraipamena...
Edozelan be, berba txarto eratorria izateak ez dau esan gura berbea erabiliko ez danik. Horren kasu dira aurretik aitatutakoak eta beste horrenbeste: ikastola, emendakin, kontularitza... neuk ez dot esango berba honeek danak zuzenak ala okerrak diran, baina nabarmena da inork ez dauala askorik pentsetan horrek berorrek ahotik ataraten dauazanean.
Ikastolaren osoketearen kasuan, nabarmena da ‘egurrola’ edo ‘burdinola’ lako berbakaz alderatuta; ‘-ola’ aurretik lantzen dan gaia imini behar dala esango geunke zentzu zabalean. Orduan, zer topau geinke ikastola batean?
Emendakin berbeak be badauka zer emendau gai honi. Berez, berbea ondo osotuta dago esan gura dogunaren sinonimo ‘eranskin’ bada. Ostera, lege proposamen bat aldatzeko egin beharreko prozesua bada adierazo gura doguna, alperrik ari gara berbetan: egin gura doguna zuzenketa bat izango da orduan. Emendakin ezin da hartu “enmienda + kin” legez, aurreko adibideetako osoketa txarra topauko dogulako oraingoan be.
Azkenik, kontalaritzak badaukaz hamaika kontu aitatzeko. Errez aitzen da berba honek zer esan gura dauan, baina interprete batek ezustean itzuli beharko baleu, kostauko jakon berba bakarreko baliokiderik topetea. “El arte de contar cuentos/del cuentacuentos” esatea posible izango zan, baina ikusi dozue zelako bueltea emon behar izan dogun euskereak zuzenean adierazoten dauan zer edo zer esateko.
Ez da kontu erreza berbak sortzearena, baina gatxagoa izan ahal da berba horreek itzultzea. Askotan ez dira berba zuzenak izango, baina denporearen ontasunak zilegiak egingo dauz eta, zalantzarik barik, egokiak be izango dira euren kontestuan.
Barka begie artikulu hau leidu daben euskaldun jatorrek gaztelania ibiltearren konparazinorako hizkuntza legez.
Xabier Paia
Aste batzuk baino ez diranean falta munduaren historia osoko Itzulpengintza eta Interpretazinoko lehen promozinoak argitara urteteko, aspaldian interprete legez bizi izan dodazan berba-arazo batzuk hartu gura neukez artikulu honen berbagai.
Izan be, uste orokorra da euskerara itzultzea gaztelaniara itzultzea baino gatxagoa dana, enbutu efektua daukan hizkuntza konbinazinoa dalako aitatutakoa. Batzutan gure ezagutzatik urruntxu dagozan berbak topetan doguz, bai euskeraz, bai gaztelaniaz, eta orduan, ez baldin bajaku berba horren baliokidea zuzenean etorten, gehienetan hiponimo, hiperonimo, sinonimo edo perifrasi baten bitartez azaltzen dogu berba horren gitxi gorabeherako esangurea.
Adibide bategaz argiago itxiko dogu: euskerazko berbea “eskatu” bada, aldibereko interpretazinoan emon geinkezan gitxi gorabeherako itzulpenak honeek dira: “pedir”, “solicitar”, “instar”, “requerir”, “hacer un llamamiento a”... bakotxak zentzua izango leuke testuinguru egokiaren barruan.
Hala ta guztiz be, oraindino gaur egun be berba barriren bat jaio daike. Azken batean, hizkuntza batek ezinbestean aurrera egiteko behar dauan ezaugarri nagusia izaera sortzailea da. Berba barriek ez dabe derrigorrez kontzeptu barrien eroale izan behar. Hori da berbarako azken boladan modan jarri diran “-gintza” berba danen kasua: euskalgintza, kulturgintza, kantagintza... Euskaldunak dana egin guran gabiz.