'The day after tomorrow', egunotako estreinaldi esanguratsuena
Laburbilduz, asteon ikusi ahal izango dogun film honetan efektu berezien maisuen erresumaz gozetako abagune ezin hobea izango da. Ganera, horregaz batera ondo bilbatutako gidoi eta istorioa agindu deuskue, Bushen kontrako keinu eta ukutu politikoak eta guzti. Ikusi beharko hori guztiori egia ete dan.
Joseba Terreros
Munduaren suntsipenaren inguruko pelikulak ikusteko jokerea ez da makaldu; gauzak holan, azkenengo urteotan Deep Impact, Independence Day eta Armageddon ikusi ahal izan doguz eta guzti-guztiek itzelezko arrakastea jadetsi dabe, batutako diruari erreparetan bajako behinik behin.
Halandaze, asteon ildo beretik joten dauan filma estreinau da, Roland Emmerich zuzendariak gidatutako “The day after tomorrow”, hatan be. Zuzendari honen barri jakin badakigu, aurretik diru kopuru ikaragarriak batu daben film biren egilea dalako: Independence Day eta Godzila.
Kasu honetan, dana dala, gizateriak aurre egin beharko deutso ondo be ondo justifikaturiko hondamendi bati, hau da, gizakiaren zuzeneko ardurapeko arrazoi bati, pelikulearen ardatza, beroketa globalaren ondorioz, natureak sortu eragindako triskantzea izango da eta. Beraz, era guztietako hondamen ikaragarriek hunkituko gaitue, efektu berezi ikusgarriek horniduta. Los Angelesko erdiko eremua desagertu –Hollywoodeko letra ospetsuak eta guzti–, Delhi Barrian edurra ikusi, Tokion harrien neurriko inetasia egin eta historiako edur ekaitzarik bildugarrienaz gozau ahal izango dogu. Bien bitartean, olatu erraldoiak eta ohiko parafernalia, txiki-txiki egiteko aukera guztiak daukazan AEBko uririk gogokoenean, New Yorken.