Zinea  III. urtea // 60. zenbakia

The Ladykillers


Beharbada Coen anaien azkenengo behar honek jarraitzaile sutsuak nahasteko helburua euki dau. Edo, akaso, arrisku formula barriak topetako irudimena agortu jake. Edozelan be, anaia bien azken produktu hau komedia funtzional eta zuzena besterik ez da, euren ibilbideko arrakastarik eta diru sarrerarik handienak emon eutsezan aurreko “Intolerable cruelty” filmaren ildotik doana.

Horrela bada, film honetan Coendarren hain gustukoak diran ukutu groteskoak eta egoera absurdoak ikusteko aukerea egonagaitik be, pelikuleari darion sundea sano komertziala da. Zuzendari eta gidoi-egileari hainbeste gustetan jakezan egoera lorrin eta ganberroen ukutuak ikusi ahal izango doguz, baina ez dira euren nortasun ezaugarriei eusteko baizen zorrotzak eta barregarriak.

Pelikulearen komikotasunik handiena Tom Hanks-en eta Irma P. Hall-en arteko antzezpen lehia edo norgehiagokan dago eta, egia esan, bikote horren jarduna nahiko ona dala esan daiteke, Hanks handiak antzezpenari emon deutson larregizko histrionismoa ikusteko prest ez bagagoz. Bestalde, ganerako aktoreen lana be behartuegi dagoan figuratismo batetik hur-hur dabil eta horrek artifizialtasun kutsu handia emoten deutso pelikuleari.

Ganera, gidoia zuzen-zuzena da, ez dau ganberrismorako ez tarterik ez aukerarik emoten; hori, zalantza barik, Coen anaien film baten faltan igarten dan agiriko hutsunea da. Laburbilduz, komedia zuzena eta ondo egina, baina gazbakoa.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Joel Coen.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 104 minutu.
- Antzezleak: Tom Hanks (G.H. Dorr doktorea), Irma P. Hall (Marva Munson), Marlon Wayans (Gawain McSam), J.K. Simmons (Garth Pancake), Tzi Ma (generala), Ryan Hurst (Lump), Diane Delano (“montañesa”), George Wallace (Wyner agoazila), John McConnell (agoazilaren laguntzailea), Jason Weaver (Weemack).
- Gidoia: Joel Coen eta Ethan Coen; William Rose-ren gidoi baten oinarrituta.