Txutxu-mutxuan  III. urtea // 60. zenbakia

Andrazko eta neskato zurien salerosketea Europako bihotzean


KFOR eta UNMIKen inplikazinoa

UNMIK-eko poliziek (Nazino Batuek Kosovo behin-behinean administretako zeregina daukan erakundearen poliziak), KFOR-eko langileek (NATOren agindupeko indar militarra) eta herrialdea berregiteko ardurea daukien kontratistek inmunidade oso-osoa daukie eta legez ezin dabez auziperatu, NBEko idazkari nagusiak eskubide hori kentzen ez badeutse behinik behin.

Inmunidade hori bi biderrez kentzea eskatu eta kasu biotan behin-behinean kendu da, bata 2002an eta bestea 2003an; horrek polizia bi auziperatzeko aukerea emon eban. Edozelan be, gaur egun Kosovon ezin da KFOR-eko kiderik epaitu, andrazko edo neskatoen trafikoan diharduelako susmoa egonagaitik be. Amnesty International-ek aitatutakoari jarraituz, ustezko delitugileen jatorrizko herrialdetan oraindino ez da zigor prozedurarik ezarri trafiko honetan inplikauta dagozan KFOR-eko kideetariko bakar baten kontra be.

Andrazkoen trafiko eta prostituzinoaz arduratzen dan UNMIK-eko polizi unidadearen arabera, KFOR-eko 27 kide inguru susmopean dagoz personen trafikoan zerikusia daukien delituak egin dabezalako. Dana dala, polizi unidade horrek, antza danez, ezin izan deutso AI-ri jakinarazo ia uztezko trafikatzaile horreen kontrako zigor neurririk hartu ete dan.

Nazinoarteko komunidadearen erakundeak 1999an Kosovora ailegau eta gero, andrazko eta neskatoen trafikoan oinarrituriko sexu-industriaren gorakadea itzela izan da. 1999 eta 2000ra bitartean, andrazko eta neskato honeen berezoen % 80 inguru nazinoarteko komunidade horretako kideak zirala kalkuletan da. 2002an zenbateko hori % 30 bajatu zan, baina kide berberak ziran industria horren sarreren % 80 sortu eragiten ebezanak. Gaur egun, bezeroen % 20 nazinoarteko komunidade horretako kideak ei dira, Kosovoko biztanleriaren % 2 besterik ez diran arren. NO COMMENT.

Amnesty Internationalek argitara emondako datuetan oinarritzen dan artikulua

Begiluzea

Aurreko astean giza eskubideen defentsan jarduten dauan Amnesty International (AI) erakunde ospetsuak salatu dau NBE eta NATOko tropak andrazkoen esplotazino eta, hainbat kasutan, trafikoan be zuzeneko parte-hartzea daukiela. Londresen egoitza daukan erakunde honen esanetan, hamaika urteko neskato gazteak be salduak izan dira Kosovon, esklabo sexual modura jardun daien.

Bost eta hiru mila eta bostehun euro arteko giza salerosketak

Kosovon behartutako prostituzino trafikoan diharduen andrazko eta neskatorik gehienak Europako herrialderik behartsuenetatik datoz; bertan, gizarte eta ekonomi eskubideez gozetako diskriminazino handia sufriduteaz ganera, sarritan genero desbardintasunaren eta indarkeriaren biktimak izan ohi dira.

Trafiko lazgarri honen bitartez, Kosovora ailegetan diran andrazkorik gehienak Moldavia, Errumania, Bulgaria eta Ukrainakoak dira. Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen arabera, herrialde horreetatik Kosovora heldutako Moldaviako andrazkorik gehienei lanpostu bat agindu eutsien Italian.

Kosovoko albaniar jatorria daukien andrazkoen kopuru handia be –gehienak edade txikikoak–, herrialde barruko prostituzino trafikorako saldua izan da Kosovon bertan. Ganera, oso ohikoa izaten da andrazko honeek behin baino gehiagotan salerostea. Migrazinoetarako Nazinoarteko Erakundearen esanetan, prezioak 50 eurotik 3.500era bitartekoak izaten dira.

Era berean, trafiko sareen bitartez, Kosovotik makina bat neskato eta andrazko ailegetan dira Sartaldeko Europara, besteak beste Italia, Holanda eta Erresuma Batura.