Euskaldunok munduan  III. urtea // 60. zenbakia

Sareak euskal diasporeari ekarri deutsozan onurak


Izen propioren bat emotekotan, Blas Pedro Uberoaga jatorku burura, berak sortu eban eta euskerazko lehenengo web orria. Hartu-emon digitalen aitzindaritzat joten dabe bera askok eta askok, izan be, 90eko hamarkadan hasi eban proiektua euskal komunikabideen eta kulturearen erreferentzia bihurtu zan. Izan be, euskal izakerako oso espazio gitxi egozan orduan, eta Uberoagak berak autortzen dauan legez, ‘ideia ona otu jatan hortik jotea’. Posta zerrendara jentea batzen, barriak eguneratzen eta artikuluak jasoten, webgune sendoa osotu eban, bere ezizenagaz: ‘buber’. Orain, izen hori hartuta, Buber Sariak emoten ditu urtero internet&euskadi alkarteak euskal webgune onenak saritzeko eta, besterik ez bada, gogoratu, 2003an 'euskerea interneten zabaltzen eta sendotzen gehien lagundu dauan web gunea' kategorian Bizkaie! Aldizkaria izan zala irabazlea.

Orain hamar bat urte, Eusko Jaurlaritzeak be ahalegin berezia egin eban mundu osoko Euskal Etxeakaz, bakotxean ordenadore bana ipiniz eta posta zerbitzua eskainiz.

Holan ba, aurrerakuntza horreek diasporako jentearen komunikazino maila (Euskal Herriarenganako) asko igo dau, eta besteak beste, Internetek gaur egungo Euskal Herriaren ikuspegi eguneratua emon deutse. Bestalde, euskaldunen eta euskal alkarteen arteko barruko-komunikazinoetan be pausu garrantzitsuak emon dira azken hamar urteotan. Euskal Herriko erakundeakaz lotura zuzena euki leiteke munduko edozein tokitatik, eta horrek loturak sendotzea dakar, baita erlazinoak hobetzea be. Ganera, euskal jatorria daukien hainbat persona ez dira inoiz euskal kolektibidadean sartuta egon, eta eurentzat be bide barriak edegi dira Internetegaz.

Sarean, arrakastarik gehien daukiezan zerbitzuak bi dira: informazino eguneratua eskaintzen dabenak eta posta zerbitzua. Gauza horreetan oinarritu behar dira Uberuagaren ustez diasporeari eskaini beharreko guneak.

Helbide batzuk:

- http://www.euskalkultura.com
- http://www.buber.net
- http://www.basqueheritage.com
- http://www.basqueclubs.com (North American Basque Organitationen, NABO)
- http://www.eeny.org (New Yorkeko Euskal Etxea)

Atxapunte

Azken urteotan, mundu osoan zehar dagozan euskaldunek euren burua Euskal Herritik gero eta hurrago ikusten dabe, sasoi bateko urruntasuna txikitu egin da eurentzat. Daborduko, gitxik sentiduten dau munduaren beste puntan bakartuta dagoala. Eta horren danaren oinarrian Internet dago.

Sarearen erabilpenak munduko euskaldunen bizimoduak irauli dauz. Etxera hurreratu ditu, eta euren arbasoak ezagutzeko bidea egiten lagundu deutse. Aldaketa hau barria dala esan geinke, orain hamarkada bat hasi ziran euskaldunen arteko Interneteko komunikazinoak eta.