JAIki 2004, jaiaren eta Euskal Herriko herri kulturearen aldarrikapena
Jai eta Herri Kulturearen Aldeko Manifestua
1. Euskal Herrian jaiaren zentzua bizirik dago eta agirikoa da herritarrek jaiari erakusten deutsen atxikimentua. Egun, oraindino, herri honetako kulturearen oinarrian dagozan atabismo zabaleko ospakizunek bere horretan diraute. Inauterietatik Sanferminetara, Aste Nagusian zehar, jaia osasuntsu dabil.
2. Artista, musikari, idazle, konpartsa, peña, blusa, jai batzorde eta herri kulturan txertatuta dagozan ganerako eragileen zeregina jaia bere zentzu osoan iraunarazotea da (errituak, zentzu iniziatikoa, alaitasuna, alkartasuna, ironia, umorea, kritika, heterodoxia, orgia, katarsia). Ez ditu protagonismo edo kontrol asmoak mugiarazoten jaiaren zentzu osoaren partaide eta erantzule sentitzen diranean; adierazpen askatasuna bere egin eta indarrean jarten daben neurrian, kulturea sortzen dabe, hau da, jaia bera.
3. Aro eta sistema hau ez da egokiena jaia, eta kultura oro har, gorde eta garatzeko. Haren gainera jausten diran mehatxuak, tamalez, sobera ezagunak dira: zentsura politikoa musikari, idazle, artista, antolakuntza herritarrerako, merkatukeria, ikuskizuna parte hartzearen kaltetan eta abar. Alde horretatik, argi itxi gura dogu ezinbestekoa dala herritarren parte hartzea jaia eta kultura garatzeko eta erakundeakaz antolakuntzea partekatzea be.
4. Ideologia eta pentsakera politiko anitzak ditugulako -edo akaso horreri esker-, alderdi eta instituzinoen gako eta kontroletik kanpo aritzeak, presinorik bako ikuspegia eskaintzen deusku. Ikuspuntu horretatik jaia bere osotasunean iraunarazo eta garatzeko konpromisoa hartzen dogu, alperrik galtzera eroan leikien ekimenak ebitauta eta horreen kontra eginaz.
5. Dei egiten deutsegu herritarrei jaiaren antolakuntza, gestinoa eta jolasean parte hartzeko. Guztion jarduna da jaiaren iraunarazpena eta garapena bultzatzea, galbidea edo erosinoa ebitetea, eta herri kulturearen adierazpen guztiak errespetarazotea.
6. Azaldutako guztiaren bidetik, jaitik abiatuz eta esandako guztia kulturara zabalduz, errotik baztertzen ditugu adierazpen askatasunaren kontrako eraso guztiak, jaia eta kulturearen persekuzinoa eta judizializazinoa. Bide horretatik abiatzen diranak ez dira duinak jaiaren antolakuntzan ez gizartean ardurarik hartzeko.
Jai bizia, eta gizarte libre, osasuntsu eta sortzailea gura izan ezkero, ez dago beste aukerarik.
Jai eta Herri Kulturearen Aldeko Manifestua hasi da bere frutuak emoten eta bagilaren 19rako "Jaiki 2004" izeneko Jaialdia antolatu dabe, Bilboko Konpartsa, Gasteizko Blusa, Donostiako Pirata eta Iruñeako Peñen kolaborazinoagaz. Jai eguna Bilboko Arenalean eta Alde Zaharrean izango da gehienbat, eta era guztietako ekitaldiak preparau dabez, betseak beste, kalejirak, musikea, animazinoa, antzerkia, txistulariak eta gaiteroak.
Bilboko Konpartsen ordezkariek nabarmendu dabe Jaiki 2004 Jai eta Herri Kulturearen Aldeko Manifestuaren irudikapen praktikoa" dala. Gauzak holan, jaia oro har eta jenteari luzatzen jakon jaietan parte hartzeko deialdia buztartzen dituala azaldu dau.
Programan izango diran ekitaldiei jagokenez, eguerdiko 12,00etan hasiko da, kalejira bategaz. Kalejirea mundua guztiak parte hartzeko ideiagaz eratuko da eta konbitea kuadrila, txaranga, konpartsa, txistulari, trikitilari eta gura daben guztiei egin jake. Ganera, bitxikeria legez, Barricada talde nafarrak joko dau kalejirearen barruan.
Ondoren, kontzertu bat emongo dabe Raimundo Amador musikari andaluziarrak eta Rafa Rueda mungiarrak. Eguneko kontzertu nagusia, barriz, gauez helduko da, bertan izango baitira Las Niñas, Loquillo eta Siniestro Total taldeak; kontzertu honetan euskal talde bat falta da baina antolatzaileak bateren baten bila dabiz.