Dirutzea e-publizidadean
Ameriketako Estadu Batuetako Interactive Advertising Bureau erakundeak urtero egiten dauan ikerketearen arabera, aurtengo lehenengo hiru hilabeteetan, Interneten, publizidadean inoizkorik diru gehien gastau dabe enpresek, 2.300 milioi dolar hain zuzen be. Igazko denporaldi berean baino % 40 baino gehiago suposetan dau zifra horrek, eta egia esan, igoerea nabarmena da.
Kontu danetan legez, beti dagoz pastelaren zati handiena eroaten dabezanak. Aitatu beharrik ere ez da egongo, askok jakingo dabe nortzuk dagozan, euren guneetan publizidadea ipinteko lekuak salduta, irabazi gehien hartu dabezanen buruan eta. Halan da be, nonor jokoz kanpo egon leiteke, eta horreeri begiak edegiten lagunduko deutsegu. Hona hemen: AOL, Yahoo!, MSN eta Google. Orain bai, ezta?
Zortzi urte daroaz IABk ikerketa honeek egiten, eta ordutik hona batu dauan daturik altuena da 2004. urteko lehenengo hiruhilekoarena. Dudarik ez dago etorkizun ekonomikoa sarean dagoala. Horretarako baina, betiko handiei aurre egin behar jake lehenengo.
Atxapunte
Komunikazinoaren munduan publizidadeak pisu handia daukala inok ez dau ukatzen gaur egun. Izan be, publizidadetik datoz arlo horretako enpresa pribatuen diru-sarrerak. Horregaitik, ezinezkoa izango leiteke berbarako telebista edo irrati batentzat iragarki barik aurrera segidutea.
Orain arte, komunikazino enpresez berba egin dogunean, burura irratia, telebista edo egunkaria etorri jaku. Halan da be, jakin badakigu beste komunikazino bide zabal bat egon badagoala: Internet. Bertan guneren bat martxan ipinteko informatikako ikastaro ugari egitea eta ordenadoreakaz trebea izatea baino ez da behar. Baina, proiektuari irabazi ekonomikoak atarateko, derrigorrezkoa da publizidadea.
Edozein web-gunetan sartzen garanean, daborduko ohituta gagoz beste lau edo bost leiho zarratu behar izateaz. Askotan, birusa izan leitekenaren bildur be eukiten dogu, baina gehienetan badakigu autoarentzako seguroa edo telefono tarifa merkeagoa eskeintzen dauan enpresa baten iragarkia dala.