Nire berbie euskeraz
Euskerearen erabilerea Gernika-Lumoko kaleetan
'Bizkaierea era erabilpena' jardunaldiak Gernika-Lumon
Euskal Herririk ezin da izan
ez badago euskaldunik,
ez euskaldunik euskera barik,
ez argi bako egunik.
'Gure berbie euskeraz' bedi,
baztertu barik lagunik,
ez daien esan Gernika-aldea
euskalduna ez dogunik.
Ez dakianak beharko leuke
ahal dan neurrian ikasi,
baina ez inor errudun bila
auzora joan igesi.
Hazaina handirik ez dogu behar,
bakarrik berbetan hasi.
Dakigun danok geure herrian
euskeraz gaitezan bizi.
Hizkuntza danak gurgarri dira,
bakotxa bere izakeraz.
Herri bakotxak dauka beria;
pozik gagoz geuriegaz.
Kanpaina honen lema harturik,
harro esan daigun, beraz:
'Euskal Herrian bizi naz eta,
Nire berbie euskeraz.'
Jon Enbeita
SEI Kultur Elkarteak 2001eko zemendian egindako Gernika-Lumoko euskerearen kale erabilerearen neurketako datuak ezagutu doguz oraintsu. Azterlan sakona, Gernikako Erdialdean, Lurgorrin, Errenteria/Lorategietan eta Seber Altube Ikastolan, Allende Salazar eskolaurrean eta merkatuko plazan eta Allende Salazar Ikastetxean egindakoa. Edozelan be, neurketan jasotakoa ez da Gernika-Lumoko biztanleen erabilerea, Gernika-Lumoko kaleetan jasotako erabilerea baino; izan be, euskerearen errealidadea adierazoteko oinarri-oinarrizkoa da kalean erabilten dan euskerearen neurketea.
2001eko neurketa horretan jasotakoaren arabera, Gernika-Lumon euskerearen kale erabilerea % 54,3koa da eta gogoan izan azterlanean 2.390 hiztuni jagokezan datuak jaso dirala, hau da, biztanleriaren % 15,8.
Erabilerearen bilakaerea
Erabilerearen bilakaereari jagokonez, zehatz positiboa izan dala esan behar da, kontuan hartuz, azken 12 urteotan 19,5 puntu igon dala Gernika-Lumoko erabilerea. Dana dala, 1989tik 1993ra bitartean bilakaerea nahikoa egonkorra izan zan eta handiagoa, barriz, azken 9 urteotan. Gauzak holan dirala, 1993an hasitako hazkundea positiboa izaten jarraitzen dau, eta igoerearen erritmoa be azkartzen joan da; 93tik 97ra ia-ia 9 puntu igon dan bitartean, azken lau urtekoan (1997tik 2002era) 11,4 puntu egin dau gorantz erabilereak. Bestalde, erabilera maila handienak ikastetxe inguruetan jaso dira, eta Seber Altube Ikastolan jaso da mailarik altuena, alde handiagaz ganera (% 84,1); Allende Salazar Ikastetxean (% 65) eta Errenteria/Lorategietan, ostera, erabilera mailarik txikiena (% 43).
Adin taldekako emoitzak
Ondorioa argia da: euskerea gehien erabilten dabenak 14 urte bitarteko umeak dira (% 66,5) eta ondoren, 14 puntuko aldeagaz, adinekoak (% 52,6). Gitxien erabilten dabenak, ostera, gazteak (% 45,1) eta helduak (% 46) dira. Kontuak kontu, arduratzeko moduko datua da umeen erabileratik gazteenera dagoan saltoa (21,4 puntukoa); izan be, gazteen artean euskerearen erabilerea umeenaren azpitik egotea hizkuntzearen galera prozesuaren adierazgarri izan daiteke. Pentsau geinke ume askok euren hizkuntza ohiturak gaztelaniara aldatzen dituela gazte izatera pasetan diran neurrian.
Hiztunaren generoa
Emakumezkoa edo gizonezkoa izateak ez dakar eragin nabarmenik euskerea erabilterakoan, eta hori jokera orokorra da Euskal Herrian. Esanguratsua ez bada be, nahikoa bitxia dan datua jaso da: gizonezkoek ia bost puntuko aldea ataraten deutsela emakumezkoei.
Umeak tartean dagozanean, barriz, neurketak egiten diran herri gehienetan erabilereak nabarmen egiten dau gora; Gernika-Lumon, umeak tartean dagozanean, euskerearen erabilerea % 63,8koa dan bitartean, umerik ez dagoanean 22,1 puntutan jaisten da erabilerea (% 41,7). Gogoangarria da erabilereak nabarmen egiten dauela gora, batez be, umeek zuzenean helduakaz edo helduek zuzenean umeakaz berba egiten dabenean (% 80). Umeen arteko alkarrizketetan, erabilerea asko jaisten da herrian (% 56,5).
Hizkuntza gaitasuna eta bilakaerea herrian (Euskaldunak % 70,6 / Ia euskaldunak % 13,5 / Erdaldunak % 16)
Gernika-Lumoko hizkuntza ezagutzearen ganeko datuak 1996koak dira eta, horreen arabera, ondokoak azpimarratu daitekez: euskaldunetan, gehiengoa (% 73) alfabetautakoak dira Gernika-Lumon eta erdizka alfabetatuak, barriz, % 22. Gernika-Lumoko euskaldunetan, beraz, % 5 besterik ez da alfabetau bakoa. Ia euskaldunen kategorian, % 50 alfabetautakoak dira, alfabetaubakoak % 31 eta, azkenik, ia euskaldun pasiboak % 19.
Ezagutzearen bilakaerea
Euskaldunen bilakaerea positiboa izan da 1986-1996 bitarteko hamarkadan eta lehen bost urteetan puntu biko hazkunde apala izan baeben be, 91tik 96ra, hazkunde erritmoa sano azkartu da eta 5 puntukoa izan da igoerea. Gernika-Lumoko euskaldunen bilakaeran 7,4 puntutan igon da euskerearen ezagutzea.
Ia euskaldunetan, ostera, beherakadarik handiena izan da (5,5 puntu). Dana dala, euskaldunen tipologia hazi egin dala kontuan hartuta, ia euskaldunek galdutako puntuak euskaldunen bilakaerea indartzeko balio izan dauela pentsau geinke.
Erdaldunen atalean, beherakadea izan dan arren (1,8 puntu), aldaketa esanguratsurik ez dala izan esan daiteke.
Datozen 10 urteetan zer?
Aurreikuspenen arabera eta, batez be, 91tik 96ra bitarteko bilakaerea kontuan hartuz, datozen urteetan gora egingo dabe euskerearen ezagutza mailak zein erabilereak; 2012. urtean % 89,9koa izango da euskaldunen kopurua, gaur egungoa % 77,3koa dan bitartean.
Bittor Zarrabeitia, Gernika-Lumoko Euskera Teknikaria pozik dago azterlan honetako emoitza eta ondorioakaz, eta eskualdeko ganerako herriakaz zein jokera orokorragaz alderatu ezkero, Gernika-Lumoren bilakaerea positiboa izan dala ganeratu dau. Halan da be, arduratzeko moduko datu batzuk be aitatu gura izan ditu: ume eta helduen artean erabilerea % 80koa dan bitartean, helduen arteko erabilerea % 26,8koa baino ez dala, eta edadekoen arteko erabileran beheranzkoa dala jokerea.