Urge Overkill, Turbonegro, MC5, Kuraia eta The Wildhearts lako taldeak aurtengo Gasteizko Azkena Rock jaialdian
MC5
Duda barik, MC5 talde mitikoa izango da jaialdiko izar nagusienetakoa. Detroit uriko banda historikoari eusten deutsen hiru musikariak taula gainean ikusiko doguz: Michael Davis (Baxua), Wayne Kramer (kitarra) eta Dennis "Machine Gun" Thompson (bateria).
Birako kontzertuetan musikari gonbidatu ugari izaten dabez, besteak beste, Deniz Tek (Radio Birdman), Mark Arm (Mudhoney), Evan Dando (Lemonheads), Tim Rogers (You Am I), Howlin' Pelle Almquist (The Hives), Marshall Crenshaw, Mark Lanegan (Screaming Tress), Nick Royale (The Hellacopters) edo Lemmy Motorhead.
Kanpoko taldeen artean, Suediatik helduko dira The Soundtrack Of Our Lives. Igaz azken orduan geratu ziran egitarautik kanpo disko barria grabetan egozalako, baina aurten igazko hutsegitea pagau gura izan dabe eta Gasteizen izango dira lan barria aurkezten.
Stacey Earle & Mark Stuart (AEB), Josh Rouse Band (AEB), Hoodoo Gurus (Australia) eta The Wildhearts (Ingalaterra) izango dira oraingoz baieztauta dagozan ganerako taldeak.
Bizkaie!
Gasteizko Azkena Rock Jaialdiak bere hirugarren edizinoa beteko dau irailean, eta aurten lau eguneko egitaraua antolatu dabe, irailaren 9tik 12ra bitartean. Arabako uriburuko Mendizabalako landatan Urge Overkill, Turbonegro, MC5, Red Kross, The Screamin, Cheetah Wheelies, The Soundtrack Of Our Lives, Stacey Earley & Mark Stuart, Josh Rouse Band, Hoodoo Gurus, The Wildhearts eta Kuraia taldeak izango dira eta oraindino izen batzuk konfirmetea falta da; egitarau potoloa eta sano interesgarria.
Esandako moduan, irailaren 10ean eta 11n, 20 talderen txandea izango da bi agertokietan, joan dan urteko antzeko ordena eta ordutegiak jarraituz; era horretara, aurkezturiko talde guztiak ikustea posible izango da. Lehenengo egunerako, irailaren 9rako jaialdi berezia preparau dabe talde askoren parte hartzeagaz eta ezuzteko ederrakaz; hilaren 12an, barriz, Johnny Cash zanaren omenezko kontzertu bat izango da, bere heriotzearen lehen urteurrena ospatzeko.
Ganera, beste barrikuntza bat "kontzertu akustiko-amerikarrak" izango dira eta irailaren 10, 11 eta 12rako iragarri dabez Azkena Gasteiz aretoan. Horrezaz ganera, "Rock Karpa-Mondosonororen 10 urte" izango da beste barrikuntza bat, hilaren 10ean eta 11n; bertan, DJ ezagunek rock & roll saioak eskainiko dabez gauerditik goizaldera arte.
Jaialdiaren aurkezpen bireari jagokonez, Diamond Dogs suediarrak eta Atom Rhumba bilbotarrak izango dira protagonista nagusiak. Bagilaren 16an Bartzelonako Bikini aretoan agertuko dira; hurrengo egunean Madrilgo Aqualung aretora joango dira eta bagilaren 19an amaituko da aurkezpen bira Gasteizko Azkena aretoan. Talde suediarrak "Black River Road" disko barria aurkeztuko dau, eta bilbotarrek, barriz, "Backbone Ritmo".
Sekulako kartela
Igazko arrakasta handiaren ondoren (egun bakotxean 14.000 lagun inguru batu ziran Mendizabalako zelaietan), Azkena Rock Jaialdiko antolatzaileek izen handiko bandak kontratau dabez aurten be.
Alde batetik, "Pulp Fiction" pelikulako soinu-bandan parte hartu eta zenbait urte geldi egon ostean, Urge Overkill talde estadubatuarra Gasteizen izango da. McDonald anaien Red Kross taldea izango da beste izarretako bat, eta "Motorcycle Black Madonna" disko barria aurkeztuko dabe.
Beste alde batetik, The Screamin Cheetah Wheelies estadubatuarrek lehen aldiz joko dabe Europan Azkena Rock Jaialdiari esker. Turbonegro norvegiarrak, ostera, ezagunak dira Euskal Herrian, joan dan urtean be Bergarako Jam aretoan izan ziralako "Scandinavian Leather" disko barria aurkezten.
Euskal ordezkaritzeari jagokonez, Kuraia taldeak beteko dau leku hori oraingoz. Joseba eta Galder (DUT), Mikel (Anestesia) eta Fernando (El Corazón del Sapo) musikariek osotutako taldeak arrakasta handia lortu dau orain arte kaleratu dituan bi diskoakaz: "Kuraia" eta "Iluntasunari barre".