Barriketan  III. urtea // 60. zenbakia

Zigor Aldama: 'turismo sexualean baino gehiago gizartearen baloreetan dago prostituzinoaren giltza'

1980an Bilbon jaiotako gazteak makinatxu bat abentura bizi izan ditu munduan zehar. Kazetaria da, EHUko lizentziatua eta Asiako gaietan espezialistea da daborduko. Komunikabide desbardinetan kolaboratzaile beharrean dabil eta Bizkaie! Aldizkarian sorreratik dauka bidaia-kronikak nagusi diran 'Bidaide' atalaren ardurea. Egunotan aurkeztu dau 'Asia, burdel del mundo' liburua, izenburuak argi erakusten dauan legez, prostituzinoaren gaia hartuta; egoerearen kontakizun zuzena, gordina eta argia darabil, errealidadearen ispilu.

Ogibiderik zaharrena ei da prostituzinoa baina momentuan momentuko aldaketa eta iraultza guztien eragina be igarri dau eta, jakina, prostituzino modu desbardinak be ugaldu dira. Dirua errege dan munduan, prostituzinoan zein ganerako arloetan, mugak desagertu egin dira, lotsarik ez dago eta gehiegikeriak eta astokeriak edonon topau daitekez.

1. Azken urteotan, munduan zehar bizitako era guztietako esperientziak kontuan hartuta, zergaitik aukeratu dozu prostituzinoaren gaia?

Liburu hau shock batek eraginda idatzi dot. Txinara 19 urtegaz joan nintzan lehenengoz eta niretzako dana izan zan barria eta, besteak beste, hango sexu-baloreak zelakoak ziran ikustea ezusteko handia izan zan. Jakina, gaztea nintzan, orain be banaz baina gazteagoa nintzan eta niretzako shock handia izan zan lehenengo kontaktua mundu horregaz. Shenzenen ekin neutson bidaiari eta nire neska-laguna zanaren lagun batzuei esker hasi nintzan ordura arte ezagutzen ez nebazan giro, ohitura eta baloreak ezagutzen; berbarako 24 urteko neska bat 50-55 urteko amoranteagaz ibiltea, maitasuna ez dan bestelako interesengaitik; aurrerago prostituzinoaren munduan sartu nintzan; urian Bilboko Gran Via baino kale luzeago bat ikusi neban dana prostituzinoari dedikauta eta orduan hasi nintzan jaubetzen zelako mundua dan hau, zelako interesak dagozan, zergaitik dagoan horrenbeste emakume hor sartuta, zergaitik doazen horrenbeste gizon emakume horreengana...; lehenengo hartu-emon horreek eraginda jakinmin handia biztu jatan eta nire buruari egiten neutsozan itaun danei erantzuna topau guran pentsau neban liburu hau idaztea. Jakina, mundu nahasia da hau eta galdera apur batzuk erantzunik barik geratu jataz baina zeozelan asetu dot barruan neukan interes hori.

2. Liburua errez irakurtekoa da, estilo zuzen eta argian idatzita dago baina zein izan da zure asmoa erreportajea ala bidaia liburua egitea?

Bidaia liburua espero eben-zenduen askok baina ni kazetaria izanda, beste ukutu bat emon gura izan deutsat; erreportaje moduan idatzita dago baina badaukaz saiakeraren eta bidaia-liburuaren ezaugarriak be. Hiru genero horreen arteko buztarketea da liburua. Kapitulu batzuk saiakera edo erreportaje moduan idatzitakoak dira eta prostitutei egindako alkarrizketen atalean, gehiago landu dot bidaia-liburuaren estiloa, nire bizipenak, sentimenduak, esperientziak kontetan dodazalako eta pentsetan dot iralurlearentzat oso lagungarria dalako hori, askosaz hurrago sentiduko dalako; zifrak eta datuak be emoten dodaz baina datu horreen atzean jentea dago, istorioak dagoz eta hori ezin dogu burutik kendu.

3. Prostitutei alkarrizketak egiteko arazo bat baino gehiago euki dozuz. Kontaiguzu informazino bilketea zelakoa izan dan eta alkarrizketa horreek berbatzeko erabili dozuzan amarru edo kakomakoak?

Kanpora joan aurretik, etxean dokumentazino bilketeari ekiten deutsat beti eta, jakina, liburua idaztea pentsau nebanetik hemen, hor eta han ibili naz ahalik eta informazino gehien batzen. Gero, berton inguruetan topau ez dodazan gaiagaz lotutako liburuak erosi eta irakurri nebazan Singapurren bertan. Hortik aurrera, buruan neukan informazino guztia egiaztetea izan da hurrengo pausua ze kontuan euki prostituzinoa mundu iluna dala eta ondorioz txosten eta liburuetan jasotako datuak ez dirala oso fidagarriak izaten.

Gero, kaleko beharra erreza baina gogorra be izan da; burdel batera bezero legez joatea sano erreza da; taxi, tuk-tuk eta motokarro horreetako baten sartu eta gidariari berba bakarra, berba giltza esatea nahikoa da: 'lady'. Gidariak lady gaztea-umea, nagusiagoa, merkea, karua? itaunduko deusku eta aurrera. Ondoren, burdeletako madame edo mamasan horreekaz tratua egin eta gatxena, duda barik, gelan gengozala emakumeei kazetaria nazala esatea eta prostituzinoari buruzko liburu bat idazten nagoala esatea zan, ez dodala gura fuck-fuck, informazinoa baino ez dodala behar. Jakina, niri inglesez berba egiten daben emakumeak interesetan jatazan eta emakumeak burdeletatik atarateko aukerea eukitea nire galdeketak erosoago eta arrisku larregi barik egiteko (hori ez da posible kasu guztietan). Ez ahaztu berba egitea ez dala emakume horreen beharra eta, ganera, kazetari bategaz berba egitea oso arriskutsua izan daiteke eurentzat. Sarritan ezezkoa izaten da euren erantzuna eta beste batzuetan baiezkoa emon arren, istorio faltsuak, pelikulak kontetan dabez. Zorionez, neskak umeak izaten dira eta errez igarten jake guzurretan noiz dabizen. Nire ustez nahikoa fidagarriak diran hiru testigantza jaso dodaz, egoera orokorraren adierazgarri. Prozesua gitxi-asko holakoa izan da.

4. Liburuan emoten dozuzan datuak bildurgarriak dira. Tailandian, gurasoek 1000 eurotan saltzen dabez alabak, 8, 9 eta 10 urteko umeen bila doazen turistak, Bangladesheko emakume batek bost rupia (euroko 15 zentimo) kobretan deutso bezero bakotxari...; datu horreetatik gehien harritu edo hasarratu zaituana?

Ez da erreza. Liburuaren lanketa prozesuan harridurea izan da nagusi, hango balore, jokera eta pentsamentuek ez daukielako zerikusirk gureakaz eta hasarratu nauana sexuaren bila eta kasu gehienetan umeen bila doazen turisten ugalketea izan da; niretzat oso gogorra izan da jokera horrezaz jaubetzea eta mendebaldarra izateaz be lotsatu egin naz baten baino gehiagotan. Cambodian edo Campuchean bizitakoak izan dira esperientzia gogorrenak ze leku horreetan pederastia kasu asko dagoz. Zuk datu batzuk aitatu dozuz baina era horretakoak edo gogorragoak be badagoz; dana dala, nik ez dot gura jenteak morboagaitik liburua erostea, sentsazionalismotik alde egin gura izan dot.

5. Azken urteotan zortzi aldiz egon zara Asian. Prostituzinoari jagokonez, igarri dozu aldaketarik tarte horretan?

Ez da erreza galdera horreri erantzutea; Txinan lau aldiz egon naz, beste lau aldiz Indian eta Asiako hego-ekialdean eta nik uste dot gauzak ez dirala asko aldatu, pentsaizu ekonomia kenduta Asian arlo guztietan oso geldiro emoten dirala aldaketak, pentsakerea, kulturea, gizartea bera, hango ikuspuntuak ez dira arin aldatzen eta, beraz, 5 urteko tartean gorabeheraren bat igartea ez da erreza.


6. Ogibiderik zaharrena ei da baina eboluzinoaren podezuz gizatasunik bako jarduera bihurtu dala pentsetan dozu?

Bai, ogibide zaharrena da baina gaur egun muga danak pasetan goaz bata bestearen atzetik. Prostituzino modu bi dagoz, norberak aukeratzen dauana eta inork behartuta praktiketan dana; lehenengo modua bidezkoa dala pentsetan dot, inori kalterik egin barik, bakotxak bere gorputzagaz zer egiten dauan erabagiteko askatasuna dagoalako; bigarren modua, barriz, gogor salatzekoa da, hor ez dago ezelako gizatasunik, babesik eza da nagusi, ez dago ez hankarik ez bururik, mafien erreinua da, umeak saldu, erosi, bortxatu eta hil egiten dabez eta prostituzinoa eta esklabutza sarritan bat eginda egoten dira. Pentsaizu umeek ez dabela erabagiteko edo aukeratzeko aukerarik izaten eta diru iturri legez, merkantzia legez erabilten dabezala. Naturearen, moralaren eta etikearen kontrako praktikak izaten dira eta historian zehar holakoak beti egon badira be, nik esango neuke pederastia kasuak gero eta gehiago dirala.

7. Prostituzinoa norberak gurata aukeratzea gauza bat da baina kasu gehienetan inork behartuta dabiz beharrean. Prostituzinoa diru asko mobiduten dauan negozioa da baina ezelako arau barik eta sarritan mafia desbardinen kontrolagaz dabilena. Prostituzinoa arautzeko edo kontroletako ikusten dozu aukerarik?

Asian prostituzinoa araututa dago eta Campuchean berbarako lege gogorrak dagoz pederastiaren kontra; legearen arabera, 14 urtetik beherakoak ezin dira sartu prostituzinoaren sarean baina arazoa da eguneroko bizimoduan, errealidadean bestelakoa dala egoerea; kontuan euki Asian poliziak, militarrak, gobernuak oro har ustelduta dagozala, dirua da erregea eta prostituzinoa gero eta diru gehiago mobiduten dauan negozioa da. Liburuan esaten dodan legez, garapen bidean dagozan herrialde batzuetan PIB edo barne produktu gordinaren % 14 prostituzinotik dator eta hori diru piloa da. Kontua da ze horrenbeste diru eta mobimentu dagoanean, jenteak eskatzen daualako izaten dala.

8. Asian pobrezia, heziketarik eza, prostituzinoa eta kasu askotan pederastia bat eginda dagoz ala gauzak aldatu egin dira? Asian eliteko prostituzinora heltzeko zeintzuk dira pausuak?

Bai, horreek danak bat eginda dagoz baina bire ustez, prostituzinoan sartzeko heziketarik eza da arrazoi nagusienetakoa ze pentsaizu oinarrizko heziketea daukan personea manipuletea gatxagoa dala. Heziketa falteagaz, personeak ez dauka ezelako babesik, asko eta asko analfabetoak dira eta gizartean familia oinarria izan arren, seme-alaben baloreak be ez dabez ezagutzen; horreri pobrezia gorria gehitzen badeutsazu prostituzinoan sartzeko hautagai onaren aurrean egongo gara, izan be, diru apurraren truke seme-alabak saltzeko be kapaz dira.

Horrezaz gan, globalizazinoak ekarri dituan balore barriak, berbarako materialismoa gero eta gehiago igarten dira uri handietan; telebistearen eta Interneten indarra sekulakoa da eta oraintsura arte ezagutu ez daben zurrunbiloan sartu dira: balore barriak, kontsumismoa...; horreetara heltzeko bide legez ikusten dabe sarritan prostituzinoa.

Prostituzinoan maila desbardinak dagozala be ez da barria; bajua, erdi mailakoa eta elitekoa aitatuko neukez. Pobreagoak diran herrialdeetan, Cambodia, Laos edo Nepalen maila bajueneko prostituzinoa dago; esklabutzan edo esklabutzatik hur dagoz emakumeak eta behartuta dabiz zeregin horretan; erdi mailan, Vietnam edo Indonesia sartuko neukez baina elitekoa be badago hor. Elite mailako prostituzinoa uri handietan eta turistak dabizen lekuetan egoten da eta neska politenak, hango edertasunaren ereduko neska politenak ibilten dira, zuriak, altuak izaten dira eta inork behartu barik, ogibidea askatasunez aukeratu daben emakumeak izaten dira. Dana dala, zikloa zarratzeko hogeita hiru urtegaz edo erdi mailara joaten dira eta hortik beheko mailara. Jakina, beheko mailan dagozanak ezin beherago joan eta asko hil egiten dira, HIESak edo sexu-transmisinoko bestelako gaixotasunak jota. Egia da, eliteko batzuk ogibidea ixten dabenean, burdel bat zabaldu eta mamasan bihurtzen dirala.


9. Idatziko dozun hurrengo liburuaren gaia erabagi dozu?

Oraingoz nahikoa daukat liburu honen promozinoagaz ze Bilbon ez eze, Bartzelona eta Madrilen be aurkeztu behar dogu. Dana dala, idazten jarraitzeko asmoa daukat eta hurrengo liburua bidaia-liburua izango da, nire azken sei urteotako ibilbidea kontetako, abenturak, anekdotak, bizitako esperientzia onak eta txarrak...

10. Eta hurrengo bidaia nora izango dan?

Datorren irailean Errusiara joan gura dot pare bat edo hiru asterako eta hurrengo bidaia luzea datorren urtean egiteko amesa daukat: barriro Txina, Hego-korea, Mongolia eta Asiako erdialdea.

Koldo Isusi Zuazo