Bidaide  III. urtea // 60. zenbakia

Bategiteak eta fideltasun-programak abiazinoan

Probetxu handiena zelan atara hegazkinez egindako bidaietan


Mundu mailako aliantzak

Hegazkin konpainien arteko lehia edo konpetentzia sekulakoa da eta sarritan larri ibilten dira batzuk ekonomia orrialdeetan zenbaki gorriak dabezala. Oraindino gogoan daukat Swissair eta Sabena konpainien porrota, hasikeran hegaldiak bertan behera itxi eta geroago ateak zarratu behar izan ebezanean. Hegaldi merkeak eskaintzen dabezan konpainiak, besteak beste, Easyjet edo Ryanair gero eta indartsuago dabiz eta konpainia 'handiak' be hasi dira bildurtzen. Orain urte batzuk, 1997an, lehen aliantza erraldoia sortu zan krisiari aurre egiteko: 'Star Alliance' hain zuzen be; gaur egun, hogei bat konpainia dagoz aliantzara batuta, tartean Spanair. Aliantzan buru Alemaniako Lufhtansa, AEBetako United Airlines eta Asiako Singapore Airlines dira. Guztien artean sare zabala osotu dabe eta aireportua daukan munduko bazterrik ezkutuenera be heltzen dira. British Airways eta American Airlines konpainiek arriskuan ikusi eben euren merkatua eta 'One World' sortzea erabagi eben; laster egin eban eurekaz bat Iberiak eta geroago Qantas australiarrak. Hiruigarren aliantza erraldoia Air France eta Alitaliak abiarazo dabe Koreako Korean Air eta AEBetako Delta Air Lines konpainiagaz batera; oraindino ez dau lortu onarpen larregirik, batez be, bategite prozesuan Alitalia eta KLM holandarraren artean izandako tirabiren ondorioz.

Talde edo aliantza handien parean kontaktu sare murritza baina segurua daben konpainia txikiak be badagoz, besteak beste, Air Europa.

Seguridadea eta erosotasuna

Aliantza handiek seguridade neurrien bateratzea eta hegazkin flotea barritzeko derrigortasuna zorrotz beteten dabez eta hori asko eskertzen dau bezeroak. Poloniako LOT lako konpainia txikiek asko hobetu behar izan dabe euren eskaintzea 'Star Aslliance' horretan parte hartzeko eta, jakina, sekulako ahalegin ekonomikoa egin behar izan dabe, hori guztia, bidaiarion mesederako. Kontuan hartu, holako talde handi batentzat porrot handia dala ezbeharrik txikiena be; gogoan daukat 2000. urtean Singapore Airlines konpainiako Boeing 747 batek istripua izan ebanean, aliantzak kontrol zorrotzak eta zigorrak jarri eutsozala istripuak ebitetako.

Azken buruan, fideltasun-txartel bat eukiteak ez dau esan gura konpainia edo aliantza bakarragaz kontratau behar doguzanik gure hegaldiak, izan be, onena txartel bat baino gehiago eukitea da, era horretara, eskaintzarik merkeena edota guri komeni jakun lotura onena aukeratzeko. Jakina, konpainia bat baino gehiagogaz ibili ezkero, sariak lortzea edo miliak pilatzea gehiago kostauko jaku baina abenturazale zein bidaia luzeak maite dabezanentzat galdu ezinezko aukerea da.

Testua eta argazkiak: Zigor Aldama

Gaur egungo ekonomiaren atzeraldia, 11-S eta 11-Mko atentaduak eta Asiako neumonia hegazkin konpainiek be igarri dabe eta fusino edo bategite prozesuak abiarazo behar izan dabez bidaiariak gero eta gehiago izan arren, merkatuan konpetentzia handia dagoalako. Gauzak holan, munduko konpainia handiek aliantzak bideratu dabez merkatu zati handiagoa hartzeko, kostuak murrizteko eta baliabideak eta onurak hobeto aprobetxetako atxakiagaz.

Zorionez, garraio sistema honetako enpresen egituraketan izandako aldaketa horreek mesedegarriak dira bidaiariontzako baina zuhur ibili ezean ez dago aukera larregirik. Atal honetan, hegazkina sarri-sarri erabili behar izan ezkero, probetxu handiena atarateko moduak azalduko deutsuedaz, izan be, erregaluak, deskontuak eta tartean dobaneko bidaiak be egoten diralako.

Fideltasun-programak

Hegazkin konpainia guztiei interesetan jake euren bezeroak fidelak izatea eta bezeroak erakarri guran fideltasun-programak eskaintzen dabez. Horreen bitartez, bezeroaren konpromisoa lortzen dau hegazkin konpainiak eta bezeroak, barriz, deskontuak eta bestelako eskaintza bereziak.

Programa horreen mesedeak edozeinek jaso leikez eta nahikoa izaten da aireportuan edo hegazkinetan eskuragai dagozan formularioak betetea; hegazkin konpainia batzuk online be eskaintzen dabe aukera hori. Datu personal batzuk emon ostean, bezeroak behin-behineko txartel bat jasoko dau adierazotako helbidean eta erreserbak egiteko eta maletak fakturetako txartel hori erakutsi behar izaten da. Bidaiotan egindako kilometro edo miliak puntu bihurtzen dira eta puntu kantidade zehatzetara heldu ezkero, dobaneko bidaiak edo bestelako eregaluak egoten dira. 'Travel Club' txartelagaz egiten dan antzera, beraz, baina kasu honetan ez da horrenbeste denpora itxaron beharrik izaten. Hegazkina askotan hartu behar daben bidaiariei 'zilarrezko' edo 'urrezko' txartela eskaintzen jake eta holakoagaz airean egindako miliak 1,5 edo 2 batez biderkatzen dira. Bidaietarako hegazkina erabilten daben askok ez dabe jakingo era horretako programak dagozanik be eta doban hegaz egiteko aukerak be egoten dirala. Aitatutako txartela eskatzea dobanekoa da eta lantzean behin hegazkina erabilten dabenentzat be probetxugarria da. Hori bai, behin txartela eukita, pilatzen doguzan miliak ahaztuta ez ixtea komeni da ze epemugak egoten dira.

Argibideak

Pentsau daigun Lufthansa, Alemaniako hegazkin konpainiaren programa bateko titular garala eta oporretan Australiako Sydneyra joan-etorriko bidaia egin gura dogula. Bilbotik lotura puntua izango dan Alemaniarako tartean 1.000 milia lortuko doguz, kontinenteen arteko gitxienekoa hain zuzen; Frankfurt eta Sydney bitarteko hegaldiagaz, barriz, 11.000 milia irabaziko doguz; joanekoan, guztira, 12.000 milia eta joan-etorrian 24.000 izango dira. Milia kantidade horregaz Europako edozein puntura joan-etorriko hegaldia eukiko dogu doban. Kontua da ze bidaiari askok ez daukala horren barri eta txartelik barik egiten dituala bidaiak. Nik neuk aireportuko tasak baino ez dodaz pagau Singapurrerako txartela atarateko, izan be, 90.000 milia euki dodaz pilatuta txartelean.

Hegazkin konpainia bakotxak bere programak eskaintzen ditu baina gehienak aliantza erraldoiakaz bat eginda dagoz eta, beraz, hegaldiak konpainia desbardinakaz kontratau arren, miliak pilatzen jarraitzeko modua dago.