Euskaldunak Ekuadorren
- Ekuadorreko Los Rios probintziako Palenque Kantoiaren ganeko web orria:
www.iglesiapalenque.org.ec
- Palenqueko Lagunak Aldizkaria:
www.zinemaker.com/palenque
Oraingo honetan, Ekuadorreko Los Rios probintzian, kostaldeko eskualdean dagoan Palenque kantoira jo behar dogu. 500 km2-ko azalerea dauka eta gaur egun 30 mila lagun bizi da bertan. Biztanleak bizibidez nekazariak eta abeltzainak dira gehienbat, eta 2000. urteko datuetan oinarrituta, biztanleen % 85 pobrezia mailatik behera bizi da; horreetatik % 40 miseriaren mailatik behera dago.
Palenqueko eta, oro har, Ekuadorreko kostalde osoko biztanleak montubio izeneko gizon eta emakumeak dira. Ez da etnia berezitu bat (Andetako indigenen moduan) etnia askoren nahastea baino (Europatik joandako zuriak, Afrikako baltzak, bertako indiarrak...).
1948tik hona herri honetako eleizearen ardurea Euskal Misinoek hartu eben eta ordutik hona eten barik egon dira bertako San Nikolas Tolentinokoaren parrokian euskal misinolariak; azken urteotan, Jose Maria Odriozola 'Dandi' zarauztarra eta Txema Kortazar mundakarra egon dira, azken hau 7 urtetan. Gaur egun, barriz, Benjamin Respaldiza, Artziniegakoa dabil buru-belarri beharrean.
Lehenaldia eta oraina
Kulturea
Gizartean, bizikeraz eta jakintzaz beti izan dira behe mailakoak, eta ez dabe izan euren kulturearen harrotasunik. Halan da be, oso folklore indartsua dabe eta aitatzekoa da oraindino bizirik darabilen ahoz ahoko literatura aberatsa. Montubioen lekukotasun kultural horreek jaso eta aztertzeko asmoagaz, 2000. urtean, Labayru Ikastegiaren laguntzinoa bitarteko zala, 'Palenque' izeneko ikerketa taldea sortu zan, eta honezkero kantuak, ipuinak eta siniskerak jaso, grabau eta artxiboetan ipinten hasita dagoz; hemetik urte batzuetara euren beharren emoitzen barri emongo dabe euren kulturea lau haizetara zabalduaz.
Beste alde batetik, aitatzeko modukoa da gaur egun 'Palenqueko Lagunak' aldizkaria be Interneten dagoala ikusgai ondoko helbidean: www.webzinemaker.com/palenque. Alkarrizketak eta Ekuadorreko eta inguruetako barri interesgarriak irakurteko aukera ederra, beraz.
Osasuna
Osasun zerbitzuak urriak eta maila eskasekoak izan dira Palenquen oraintsura arte. Edozelan be, 1995ean 'Aita Sesma' izeneko osasun zerbitzua sortu zan. Ospitaletxu honen garrantzia berebizikoa izan da, eta gaur egun urtean 8.500 konsulta izaten dira bertan. Horrezaz ganera, aldian-aldian zerbitzu bereziak eratu dira epe mugatuetan ekintza bereziak eginaz (oftalmologia eta optometria kanpainak, pediatria...). Zerbitzu honek urtero-urtero Euskal Talde Misinolariaren, Deustuko San Pedro parrokiaren eta hainbat eta hainbat lagunen laguntzinoa jaso dau. Gaiaren harian, Zarautzeko Udalaren eta herriaren babesari esker, 2000. urtean ospitaletxu bat egiteko lanak hasi ziran, eta gaur egun martxan dago.
Lege arloko arazoak
Palenqueko herritarrek premina larriak zituela ikusita, 1999an 'San Nikolas' Lege-aholkularitzako Bulegoa eratu zan. Lege arloko arazoak konpondu eta zuzentzeko laguntzinoa emoten jaken bertan herritarrei, batez be auzoetan bizi diran herritarrei. Palenqueko giza eskubideen aldeko taldearen hazia izan da bulego hori. Arazo larrienen artean ondokoak dagoz: lur arazoak, biolentzia, emakumeen egoerea eta herri agintarien ustelkeria. Bulego honek urtean-urtean Deustuko San Pedro Parrokiaren laguntzinoa hartzen dau.
Kooperatibak
Kooperatibak aspaldi antolatu zituen, eta gorabeherak tarteko, gaur egun 6 alkarte dagoz parte hartu gura izan daben palenquetarrek euren beharrak eta dirubideak alkarregaz egiten eta aurreztuten irakasteko asmoagaz. Ekintza ugari egin dabez, besteak beste, bertakoentzako bodegatxu bat eta, era horretara, oinarri-oinarrizko elikagaiak kooperatibako kideen esku prezio egokian jartea lortu da, beharra auzo-beharrean eginaz eta probintzia zein nazino mailako koordinazinoagaz ganera.
Hogar de Cristo Fundazinoa
Palenqueko biztanlerik pobreenak sano bizileku txarretan bizi dira. Herritik kanpora, auzoetan, egurrezko zutabeen ganean egindako kainaberazko txaboletan. Ganera, 1998ko uriolen ondorioz, egoereak okerrera egin eban nabarmen. Gauzak holan dirala, 2000tik aurrera, Hogar de Cristo Fundazinoaren beharrari esker, 80 bat etxe barri eregi dira Palenquen eta inguruko hainbat auzotan. Etxe bakotxaren prezioa 500 dolarrekoa da, eta jente pobreari hiru urteko kreditua emoten jako eta erraztasuna dirutza hori pagau ahal izateko.
Irakaskuntzea
Irakaskuntza sarea oso ahula izan da Ekuadorren eta egoera ekonomiko larriak be ez dau lagundu. Palenqueko guraso askoren urtenbide bakarra euren seme-alabak ikastetxe pribatuetan matrikuletea izan da; izan be, egoera horri aurre egiteko eta, batez be, umerik behartsuenei ikasteko aukerea emoteko, 2001. urtean eleizearen inguruko emakume talde batek irakaskuntza kooperatiba bat eratu dau. Eskola horrek ikas-materiala eta mahaiak erosteko laguntzinoa eskaini dau, eta ikasle pobreentzako beka-sistemea be bai. Gaur egun 200 ikasle inguru dabilz eskolan. Ekintza honek Bilboko Begoñazpi Ikastolearen laguntasuna jaso dau.