Ofizialkidetasuna Europan
Holakoetan kontraesanak ugari izaten dira. Europak gitxiagotutako eta gitxiengoen hizkuntzak babestearren, eta herritarren eskubideak jasoaz, Eurokarta onartu eban. Hainbat estaduren aldekotasuna lortu ostean, indarrean ipini eban ganera. Baina, itun horretan jasoten diranak betetea estaduen eremura, borondatera mugatu dira. Beraz, horra hor lehenengo kontraesana! Herritarrei maila batean onartu jakezan eskubideak zergaitik ez dira jaso Europako Konstituzinoan? Era horretara, besteak beste, europar herritarren hizkuntza eskubideak bermatzeko babes juridiko zabalagoa lortuko litzateke. Baina, estadu batzuek ez dabe holakorik gura.
Ez dabe gura, besteak beste, Eurokarta indarrean jarri arren, hartu izan dabezan hainbat konpromiso beteteko ez dabelako ia pausurik emon. Halan da ze, esan dodan legez, herritarren hizkuntza eskubideak erabilteko –benetan– baldintzak sortzea estaduen borondatearen eremura mugatu da. Testuinguru horretan, Frantziak bere konstituzinoa aldarazo eban frantsesa estaduaren hizkuntza bakar legez autortu ahal izateko. Era berean, gitxiagotutako edota gitxiengoen hizkuntzak babesteko oso urrats gitxi egin ditu. Bada, Frantziar estaduak holakoak egin dauazanean, zelan onartuko dau bestelakorik Europako Konstituzinoan?
Espainiako gobernuaren jarreran be badagoz kontraesanak. Eurokarta beteteko egin dabezan urratsen barri emon behar deutse estaduek Europako Kontseiluari. Espainiak jagokon txostena atzeratu dau (bi urtez, gitxienez) eta, txostena egin eta emon dauanean, lege aitamenak baino ez daukazan idatzia izan da. Halan da ze, oraindino ez dau argitu Eurokartatik Estaduak berak hartutako konpromisoak bete dauazan ala ez.
Europako Konstituzinoan, modu mugatuan bada be, Estaduko hizkuntzek errekonozimendua izatea garrantzitsua da. Bai guretzat, baita euskerearen eta katalanaren kasuan, ofizialkidetasunik ez daukien lurraldeetako biztanleei begira be. Baina ahalegin horregaz batera, Espainiako Gobernuak bere menpeko administrazinoan eta haren bidez herritarrei eskeintzen deutsezan zerbitzuetan zer egingo dauan argitu beharko dau, katalana, galegoa eta euskerea ofizial diran lurraldeetan, gaztelania hutsez jarduten daben administrazino periferikoaren kasuan, batez be.
Aspaldi esaten da gure artean 'zozoak beleari ipurbeltz!'
Erramun Osa
Espainian nagusitu ei dan testuinguru barriaren altzora katalana, euskerea eta galego hizkuntzek erditzear dan Europako Konstituzino barrian ofizialkidetasuna euki dagien urratsak egiten dihardu Espainiako Gobernua. Eskaria Catalunyatik etorri da, azken hauteskundeak pasau ostean eratu dan hirukotik. Gero, estaduan ofizialkide diran Erkidegoetako bestelako hizkuntzetara zabaldu da.
Baina proposau dana aurrerapausoa izan arren, ez da egiazko ofizialkidetasuna. Halan izanda be, ez da gitxiestekoa, ze besteak beste, gitxiagotutako hizkuntzak Europar herritarren begien aurrean jartea ekarri dau horrek eta, badakigu jakin, ikusten dana existitzen dala, baina, antza danez, ikustezin egiten dana ez da existiduten.
Europako Konstituzino barria hizkuntza horreetara itzultzea eta herritarrak instituzinoetara hizkuntza horreetan zuzentzeko aukera dira lortu gura diran helburu praktikoak. Badaezpadako ofizialtasuna da, zalantzarik barik. Hiztun kopuru gitxiago euki arren, onarpen osoa daukien beste hizkuntza batzukaz konparauta, gehiago. Baina, besteak beste, Frantziak eskaera horreei be gehiegizko deritxe eta Konstituzino barria hizkuntza horreetara itzultzea onartzeko prestutasuna baino ez dau agertu.