Bertsotan  III. urtea // 59. zenbakia

Bertsotzaindia (II)


Eta zuzentasuna jaio zan...

Zuzentasuna, beraz, azken aldiko moda barri bateko fenomenoa baino ez da, holan ikusita. Ganera, arazo asko ekarri dauz bere etorrereak: ontasuna eta zuzentasuna banandu behar izan dira, zuzentasunak ez dau esparru komunikatibo danetako egokitasuna bermatzerik lortu oraindino, bertsoa osotzeko estrategia batzuk bertan behera itxi dauz...

Edozelan be, zuzentasunak inon presentziarik badauka, leku hori duda barik txapelketea dogu. Bertsolari txapelketa danetako epailetza erispideak kontuan hartuta, holako laburpen bat urtengo jakun zuzentasunari buruzko atalaren ganean:

“...jentaurreko hizkera-maila erabili behar du bertsolariak... txokokeriak baztertzea komeni da... bertso-hizkerak zuzena izan behar du... edozein euskalkitan kanta dezake bertsolariak...”

Osorik leidu gura izan ezkero: http://www.bertsozale.com

Dudea da nagusi: jentearen hizkera-maila zehatza zein dan badakigu? Txokoan be txokokeriak txokokeria dira? Euskalki bakotxaren zuzentasuna zehaztuta dago?

Azken batean, Euskal Herriko hiztunen gehiengoak (ezin dalako esan zenbaki borobiletan) ez dau euskera zuzenik erabilten. Idazten dauanak be sarritan sartzen dau hankea barruraino. Orduan, bertsolariek zer izan behar dabe, euskera zuzenaren erreferentzia utopikoa (posible bada) ala gaur egungo gizartearen euskerearen eroale?

Oharra: Bertsotzaindia (III) atalean bertsolarien artean sano zabalduta dagozan akatsak aztertuko doguz. Hori be, jainkoek gura badabe, hamabost egun barru.

Xabier Paia

Iñakiren esanei
eskerrak emonaz,
ziber-bertso-gutunak
pasau jakuz modaz...
Bertso bakar bategaz
eskusatuko naz:
Berba lauak ibili
nahi dodaz ganoraz,
neurtuan ez baina,
neurtuko dodaz.

Bertsolaritzearen zuzentasuna Euskaltzaindia sortu aurretik

Inork ez dagiala pentsau data seinalatua danik euskerearen akademia sortu zan eguna. Baina 1876an foruak galdu genduzanean jazo zan legez, inflexino puntu txikiek aldaketa handiak ekarri dabez historiaren eboluzinoan. Izan be, gaur egun mugak ondo zehaztuta daukaguzan arren, Euskaltzaindia sortu aurretik zuzentasunaren eta ontasunaren arteko banaketea egitea sano gatxa zan: azken batean, zelan esan geinke zer dan euskera zuzena inork ez baldin badau ipinten erreferentzia zuzen zehatz bat gure eskura. Ondorioz, orduko bertsolariek euren euskerea joko dabe ontzat, zuzentzat eta posible zan kasuetan, egokitzat. Holako adibidez josita dago XX. gizaldi aurreko bertsoen gehiengoa. Adibide bat emotearren:

Loriak udan ihintza bezela
Maite det dama gazte bat,
Hari hainbeste nahi diodanik
Ez da munduan beste bat
Inoiz edo behin pasatzen badet
Ikusi gabe aste bat
Gorputz guztira banatutzen zait
Halako gauza triste bat

Atal hau lantzean behin leiduten dauanak errez ezagutuko dau Indalezio Bizkarrondo Ureña bertsolari famatuaren bertso hau. Bilintxen bertso honetan letra etzanean ageri dan partea ezin dogu zuzentzat hartu gaur eguneko arauen arabera. Puntu-lerro horrek “Hura hainbeste maite dudanik” esatea baegoan, baina orduan bertsoak ez eban erabateko arrakasta komunikatiboa lortuko orduko bertsozaleengan, sasoi haretako Donostia inguruko euskerearen aldaera bat dalako hain zuzen be “nahi” aditza erabiltea “maite izan” aditzaren ordez. Zuzentasunak, beraz, zerikusi gehiago eukan artez eta tente kantateagaz, hizkuntzaren edozein alderdigaz baino.