Popularren arazoak sozialisten mesederako
Ez dira honeek, ez, Espainiako popularren arazo bakarrak. Botereagaz lagunak ugaldu egiten dira eta boterea galtzeak buruko min ugari emoten ditu. Nora joango ete dira boterean popularrekaz ibilitako hamaikatxu ministro, zuzendari eta gorbatadun? Europako Parlamentura joateko labankada bat baino gehiago izan da, Espainiako boterearen moketea zapaldu ahal izateko denpora luzean itxaron beharko dabe eta.
Euren egoerea goitik behera petralduteko, Hurreko Ekialdean izandako jazoerek arrazoie emon deutse sozialistei. Aznarrek Busheri emondako laguntzino publikoa ez da, hain zuzen, botoemoileek popularren alde joateko behar dabena.
Guzurra emoten dau zelako aldaketea izan dauan egoereak. Orain sei hilabete eskas inor gitxik jarten eban dudan popularrek barriro irabaziko ebezala hauteskundeak. Orain, ostera, popularrek ez dakie zulotik zelan urten. Popularren pekatua harrokeria, prepotentzia izan da, duda barik. Eta pekatua larrutik pagauko dabe.
Gauzak holan, PPren pekatuei esker Estaduko Alderdi Sozialisteak ezkutau egin ditu bere faltak. Argi dago ez ebela izan irabazteko itxaropen gehiegirik eta oposizinoan egoteko programeagaz joan dirala Gobernura. Oraingoz, popularren irudi eskasa lagun, zauririk barik aurrera joateko moduan dagoz. Baina noiz arte iraungo dau egoera honek? Baietz iraun Europako hauteskunde egunerarte. Falta horreek geroago eragingo deutse sozialistei burukomin bat baino gehiago, baina ez orain. Oraingoz, behinik behin, haizeak Zapateroren alde joten dauala emoten dau.
IƱaki Atxutegi
Minduta joan zan boteretik Espainiako Alderdi Popularra. Martiaren 11ko atentaduak izan ei ziran euren hondamendiaren errudunak. Eta zalantza barik, atentaduek zerikusi handia izan eben hauteskundeen emoitzetan. Horrexegaitik uste dabe popularrek atentadurik izan ez bazan eurek irabaziko ebezala hauteskundeak.
Orain, popularrek egoerea gainditzeko esperantzea agertu dabe. Euren ustez hauteskundeen bezperan izandako ukutu emozionala desagertu egingo da Europako hauteskundeetan. Hau dala-ta, Europako hauteskundeak aurrekoen bigarren bueltea legez planteau gure dabe popularrek.
Emoitza hobeak espero dabez Rajoyren jarraitzaileek. Emoitzok lagunduta posible izango litzake Zapateroren legebidezkotasun faltea agirian ixtea. Orduan hasiko litzateke euren oposizino beharra. Popularrak oposizinoan oso gogorrak dirala ez dogu ahaztu behar, "Joan zaitez, Gonzalez jauna" eta holakoak ez jakuz errez burutik joango.
Dana dala, popularren itxaropena ezerezean geratuko dala emoten dau. Azken boladan agertu diran inkestek popularrek izango dabezan emoitza eskasak erakusten deuskuez. Bestaldetik, Rodrigo Ratok Ameriketara egindako saltoak begibistan itxi dau, besteak beste, ez daukala konfidantza gehiegirik bere alderdiaren etorkizunean.