Txutxu-mutxuan  III. urtea // 59. zenbakia

Galapagoak, apurka-apurka desagertzen joan dan paradisua


Isuritako erregaiak

Biztanle kopurua hazi dan ezkero, erregai kopuru handiagoak be behar dira arrezife eta hatxez beteriko itsasertz honetan.

2001eko urtarrilaren 16an, 240.000 galoi erregai garraiatzen ebilen itsasontzi batek hondoa jo eban. Zorionez, korronteek hidrokarburoaren orbana itsaso zabalera eroan eta 10 itsas otso baino ez ziran hil. Urtebete geroago, BEP taurus izeneko petroliontzi batek diesela bota eban Isabela irlan. Kasu honetan hondamendiari aurre egin jakon ugarteko herritarrek zabaldutako paper zurgatzailezko hesi bati esker.

TURISMOA. Ekuadorretik 970 kilometrora Galapagoak jomuga pribilegiatuak dira, bertako klima, uraren garbitasun eta gardentasuna eta animalia exotikoen mantsotasuna dirala eta. Urtean-urtean 60.000 turista bertaratzen dira irla horreetara.

Begiluzea

Hazkunde demografikoak, turismoak, arrantzak, kontrabandoak, beste espezie batzuk sartu izanak... amenazetan dabe Darwinek eboluzino teoria hazurmamitu eban artxipelagoaren biodibersidadea

Marrazoen legez kanpoko arrantzea

Marrazoak legez kanpo arrantzatzeko jardunari orain dala gitxi ekin jakon, Estadu Batuetako eta Sortaldeko mokofin batzuek ikusi ebenean, animalia horreen hegaletatik propiedade afrodisiakoak daukazan zopa bat egin eitekela. Mito barregarri honetan oinarrituriko kapritxo hau nahiko zabaldu zan munduan zehar eta arrantza konpainia handiek eskaereari erantzun gura izan eutsien.

Gauzak holan, apirilaren 2an, kasu baterako, Galapagoetako Natur Parkeen Zerbitzuak itsas erreserban arrantzan egiten ebilzen itsasontzi bi gerarazo ebazan. Ontzien sotoetan 100 marrazo ingururen gorpu zatituak topau ebezan. Aurten, itsas poliziek 5.000 hegal baino gehiago konfiskau eta justiziaren esku 50 urratzaile baino gehiago ipini dabez.

Datu horreek ez dira harritzekoak; izan be, marrazoen hegatsen negozioa kokainarena baizen errentagarria ei da. Berrogeita hamar kilo inguruko sorta bat 8.200 dolarren truke saldu daiteke; New York, Hong Kong edo Singapurreko jatetxerik dotoreenetan hegatsez egindako zopa batek 150 dolar inguruko balioa euki leike.

Dortokak, baleak eta itsas otsoak

Espainiarrak ugarte horreetara ailegaukeran, artxipelagoan geochelone elephantopus familiako milaka eta milaka dortoka egozan; edozelan be, galapagoak desagertzeko zorian egon dira, baleontzietako arrantzaleen harrapaketen ondorioz. XX. mendearen hasikeran, Estadu Batuetako konpainia batek 13.000 dortoka baino gehiago atrapau ebazan.

XVII. mendean Ingalaterrako piratek gordeleku modura aukeratu eben espainiar merkataritzearen kontra egiteko; geroago, itsas otsoen eta baleen ehiztari eta arrantzaleek ugaztun horreen erdia baino gehiago ehizatu eben. Gaur egun, azken bi honeen habitata Isabela eta Santa Cruz irletan baino ez dago, hau da, artxipelagoa osotzen daben 13 irla handietariko bitan besterik ezin dira topau.

Turismoaren eragina

Laurogeiko hamarkadan turismoa itzel garatu zan mundu osoan, baina justu sasoi horretan krisialdi handia izan zan Ekuadorren. Ondorioz, ehundaka persona lekualdatu ziran artxipelago honetara behar bila.

Inor ez zan arduratu personen kopurua mugatzen eta irla honetako biztanleek daborduko 16 milako zenbatekoa gainditzen dabe. Edozelan be, inmigrazino honen eraginik kaltegarriena etxeko abereak eroatea izan da. Txarriak, astoak, ahuntzak, katuak, txakurrak eta enparauak ugarteetako harraparirik trebeenak dira; horreentzat guztientzat dortoken, hegaztien eta ganerakoen arrautzak elikagai ezin hobeak dira. Mendi eta basoetara iges egindako txakurrek mila iguana hil dabez daborduko.

Era berean, arrantzale kopurua be agiriko moduan hazi da. 1975ean 150 besterik ez egozan, baina gaur egun 600 baino gehiago dira. Aurtengo zezeilean parkerako sarbidea astebetean itxi eben, amuz beteriko kordelina erabilteko baimena eskuratu guran.