Musikea  III. urtea // 59. zenbakia

Lirikotasunetik erritmo landuagoetara

'Smog', Igor Arzuagaren 2. diskoa plazan


Eskarmentu eta preparazino handiko musikaria da Igor Arzuaga ez bakarrik ikasketa musikalengaitik baita 'kantautore' legez hasi baino lehen beste talde batzuetan ibilitakoa dalako; Exkixu taldekoa izan zan eta Mikel Urdangarinegaz be ibili izan da pianoagaz. Horrezaz ganera, Mara proiektuan be oso gustora ibili zan, aurrera egiteko modurik egon ez bazan be; Parisera eta New Yorkera egindako bidaien eragin argia igarten zan proiektu horretan. Orain, barriz, euskal musikagintzeari ekarpen berezia eginaz, 'bakarlari' legez ataratako bigarren diskoa: 'Smog' izenekoa kalean dauka Laudioko gazteak.

Bon

Hurreko zein urruneko gaiakaz, Nitasuna eta gaua ardatz hartuta dator Laudioko
kantautorea, akaso, 'Argi izpi bat', 2002ko udagoienean argitaratutako diskoan baino ausartago, biziago eta rockeruago. Dana dala, erritmoaren egiturak landuagoak diralako igarri daiteke zeozelako gogortasuna Igorrek berak autortu dauanez. Hori bai, batzuk rock diskotzat hartu arren, 'Smog' ez dala rock diskoa adierazo dau egileak, gaietan aurrekoan baino sakontasun handiagoa atzemoten bada be. Horrezaz gan, kontuan hartzekoa da 'Smog' diskoan Igor Arzuagagaz batera, Juanan Ros teknikaria eta Javi Cepeda, antxina Danba taldan ibilitako kitarra jolea be produkzino beharraz arduratu dirala eta beharbada horixe izan daiteke disko barriko kantuak aurreko lanekoak baino azkarrago eta indartsuago agertzea. Izan be, asko igarten da diskoan Javi Cepedaren eragina (Danba).

Ganerakoan, Anari, Ruper, Petti, JC Perez eta Neil Young zein Steve Earle Igor Arzuagaren eredu izan dira eta batere batek topauko dau horreen ukutua diskoan.

'Smog' (Kutsadurearen eraginez urietan sortzen dan ke-lainoa) diskoko 14 kantuak igaz grabau ebezan Gasteizeko Bakardadearen Kantoian, aurreko diskoan parte hartu eban taldeagaz. Aldaketa bakarra kontrabaxu jolearena izan da: Julkio Cesar Romeroren lekua Txubio Fernandezek hartu dau. Prozesua luzea eta gogorra izan ei da, kantu zaharrak, orain bost edo sei urtekoak eta gaur egungoak buztartu behar izan dabezalako.