Hector
Malagako Zinemaldian pelikularik eta andrazko antzezlerik onenaren sariak eskuratu eta gero, Gracia Querejetaren laugarren filma heldu da pantailetara. Pelikula hau daborduko sarritan ikusten ez dan pertsonaia-zinea da, apurka-apurka baina erritmo egokiari jarraituz egituretan joango dana.
Filmak arian-arian topauko dau lekua, pertsonaiei jazoten jaken modu berean; guztiek, askatasunetik abiatuz, bilatu gura dabe munduan egoteko modua, baina ez dakie zelan askatu korapiloa.
Iraganera jo beharko dabe, orainean daukiezan arazoei urtenbidea emon ahal izateko. Hazkunde moral baten barri emoten dauan filma da; gidoi arin eta argia dauka eta ez dau flash-back-etara jo behar, elipsi adimentsuak erabili arren. Istorioaren hasikerea apur bat hotza da, baina, aurrera egin ahala, personajeak berpiztu eta pantaila norberaren burua ikusteko ispilu bihurtuko da. Antzezlanak bikainak dira, larregiko dramatismo merkean sartu barik baina beharrezko emozinoa agirian ipiniz.
Maitasunagaz batera, parkamena munduaren ibilbide luze eta estuetatik zehar igaroteko ezinbesteko baliabide modura azaltzen da. Pelikulan ukutu larri eta dramatikoak sarritan agertuagaitik be, baikortasun eta itxaropenaren kontrapuntuek errealismo orekatua emongo deutsie. Pelikula ona, benetan.
Joseba Terreros
- Zuzendaria: Gracia Querejeta.
- Iraupena: 107 minutu.
- Antzezleak: Adriana Ozores (Tere), Nilo Mur (HEctor), Damian Alcazar (Martin), Joaquin Climent (Juan), Unax Ugalde (Gorilo), Nuria Gago (Fanny), Pepo Oliva (Tomas), Jose Luis Garcia Perez (Angel), Mariano Peña (Belarmino), Elia Galera (SofIa).
- Gidoia: Gracia Querejeta eta David Planell.