Zinea  III. urtea // 59. zenbakia

It runs in the family


Gromberg-tarrek zorioneko familia bat osotzen dabe, alkarren arteko komunikazinoaren gaian lar trebeak ez badira be. Alex Gromberg-ek (Michael Douglas) zeregin gatxa dauka; ez dauz bere aitaren akatsak egin gura, baina ez dau lortu bere seme biak eredugarriak izatea familiaren barruko hartu-emonetan. Alexen andreak, Rebeccak (Bernadette Peters), ama, emazte eta lanbide bizitzearen arteko orekeari eutsi gura deutso. Mitchell Gromberg (Kirk Douglas) familiaren aitalehena da eta New Yorkeko abokatu bulegorik garrantzitsuenetako kide jubilatua. Evelyn (Diana Douglas) azken honen emazte langile eta saiatua da, familiaren alde dana emon dauana eta Alexen eta aitaren arteko pakea ezartzeko gauza dan bakarra. Asher Gromberg (Cameron Douglas), Alexen seme nagusia da. Noraezean dabilen gazte bat da, oraindino bere ibilbidea finkatu ez dauana. Eli (Rory Culkin) Alexen bigarren semea da. Hamaika urte besterik ez daukaz, baina beharbada Gromberg familiaren gizonezkorik heldu eta orekatuena da.

Gidoia, balio sentimentalei jagokenez, ona da benetan, pasarte batzuetan dramea larregikoa dala emoten dauan arren. Antzezpenak onak dira eta Douglas nagusi bien beharra azpimarratu behar da. Ganera, beraren lehenengo luzemetraia izanagaitik be, Cameron Douglas-en (Michael-en semea) lana be ezin da albo batera itxi.

Duda barik, ikusleak familia honen joan-etorriak benetakoak dirala sentiduko dau, sendi gehienak sarritan batu ohi diralako alkarregaz barre egin, burrukan egin, negar egin edo laguntzeko. Film ona, zinearen historian hain garrantzitsua izan dan benetako familia hau bakar-bakarrik ikuste hutsagaitik be mereziko leukena.

Joseba Terreros

- Zuzendaria: Fred Schepisi.
- Herrialdea: AEB.
- Iraupena: 109 minutu.
- Antzezleak: Michael Douglas (Alex Gromberg), Kirk Douglas (Mitchell Gromberg), Rory Culkin (Eli Gromberg), Cameron Douglas (Asher Gromberg), Diana Douglas (Evelyn Gromberg), Bernadette Peters (Rebecca Gromberg), Michelle Monaghan (Peg maloney), Mark Hammer (Stephen Gromberg), Geoffrey Arend (Malik), Sarita Choudhury (Suzie).
- Gidoia: Jesse Wigutow.