Belfasteko lehoiak orro batzuk zor deuskuz
Kultuko musikariak, ba, aurten Gasteizen. Itxaroten dodan bakarra da igaz Chick Corea nire kultu partikularreko jazz izarrak emon ebana baino gehiago emotea danak, eta Van Morrison ez etortea igaz Paco de Lucia etorri zan moduan. Luzimentu hutserako, esan gura dot. Belfasteko lehoiak orro batzuk zor deuskuz.
Edorta Jimenez,
Idazlea.
Euskal Herriko eta beronen inguruetako jazz zaleontzat agorrilaren aurrekoa aseila dala esan leiteke. Baionan, Getxon, Gasteizen, Donostian eta Bilbon, besteak beste, musika zehaztezin baizen liluragarri horren adar askotako txori batzuenak entzuteko erea izaten dogu, urtero, eta aurtengoan be ez dogu huts egingo.
Kritikau izan da, ostera, hemengo jazz jaialdietan gero jazzaren mundutik kanpokoak diran musikariak, r&r edota r&b ildoetakoak, atxakiarik barik ekarten dirala. Antolatzaileek, holako musikariak ekarteko arrazoitzat, jazzaren beraren mugak musika-ildo gehienetara zabaldu dirala aitatu izan dabe, eta bat nator neu be horretan. Jazza zer dan eta zer ez dan, ia nor ausartzen dan epaitzen. Demasekoak be egin izan dira, dana dala, eta horreek bai onartezinak. Aurten, barriz, Gasteizko Jazzaldiak parean jo dau Van Morrison ekartean. Gura ez geunken ekatxen batek eragozten ez badeusku, hantxe izango gara, jazzaren gure aseilaren 17an, Mendizorrotza Kiroldegian. R&B munduko ezein sortzailek jazzagazko zorra agerian badaroa, Belfasteko errebeldeak daroa, eroan.
Duda barik esan geinke Van Morrison handiak bere azken laneko kantak ekarriko dituala, han izango garan zaleotako bakotxak bere gogokoak eskatuko deutsozala baizen ziur. Zer egingo dauen, ez dakigu. Baina badaezpada zaleok belarri artean darabilguz azken lan horretakoak, ‘Down the road’ zorioneko diskakoak, hain zuzen.
Van Morrisonek bere musika-aberria sortu eban –ala topau egin eban?– musika noten arteko hordialdietan, edo psikotropikoen olatuen ganean, edo bietan, batek daki. Aberri horren izena Kaledonia da, eta Kaledoniako musikea da ‘Down the road’ lan honetakoak. Esan gura dot osagarriak betikoak dirala, hain zuzen be, bluesa, irlandar baladak, gospela, gura dana, baina batez be bihotzeko gorataldi eta beherataldiak bozaren ñabarduretara ekarteko gaitasuna, eta gaitasun hori, sentiberatasun ikaragarriz tresnakaz buztartzeko berak dauen haragoko beste gaitasun bat. Hamalau kantu dira –beste horrenbeste maisulan– ‘Dow the road’ horretan datozenak.
Maisua da Van Morrison, eta asko dira aspaldion horregaz konturatzen datozenak. Hainbeste ze, honezkero Mendizorrotzako emonaldirako sarrerak agortuta dagoz.
Ez da beti jentetzearen begietako izarra izan Van Morrison. Hobeto esanda, belarriak merke asetzen ddituenen aldetik urrun bizi gura izan dau 1945an Belfasten jaio zan errebeldeak. ‘Zazpika’ aldizkarian igaro dan bagilaren bederatziko zenbakian argitaratu zan erreportajen argi ekarren: 'gurago dot kultuko musikaria izan, holan jenteak ez zaitu-eta bertan behera ixten'. Holantxe da. Van Morrisonen zaleok ez dogu sekula bazterrean itxiko. Esan daigun, bide batez, Zazpika aldizkarian irakurri dogun hori berori azkeneko hamabost urteotan edo esaten dabilela Morrison. Gizonak ez ditu alkarrizketak maite, halandaze, behin ondo esandakoa hamaika bider esan eta hor konpon gero kazetariok. Zazpika aldizkariak ekarren moduan, halako alkarrizketa orokor bat argitaratu dau, bakarra munduko kazetari danentzat, eta kitto horregaz publizidade-zorrak.
Pablo Cabeza musika-kritikariak sinatuta agertu zan erreportaje horregaz asetu ezean, hortxe dago Eduardo Jorda izenekoaren ‘Van Morrison’ liburua (Cátedra argitaletxeko rock&por bilduman). Liburuan 1989 urtera arteko diskak, hainbat kantutako hitzak, argazkiak eta aurkibideak dagoz.
Belfasteko errebeldearen kontua alde batera itxita, Gasteizko aurtengo jazzaldia maila handikoa izango da. Hasteko, hilaren 16an Jan Garbarek, fisika garaikidean dimensinoak hiru baino gehiago dirala esaten daben moduan musikearen arloan beste horrenbeste esateko erea emoten dauen saxo-jolea; amaitzeko, beharbada Garbarek baino ezagunagoa dan Herbie Hancok, Michael Brecker eta Roy Hargrove lagun izango dituala; tartean, orain arte aitatukoek lez jazzaren antologietan leku egin daben Joe Lovana edo John Scotfield, beste izen bi aitatzearren.