Uruguai (I)
Ikusita gorputzean zeozer sartu arte orduak pasauko zirala, hondartza batera joan gara. Bertan etxundu eta begiak zarratu orduko loak hartu deusku. Ordu bi egon gara lotan, txakur bi gu usaintzera etorri diran arte, nondik gatozen jakin guran edo.
Kutxa automatikoak hutsik egon dira goizeko bederatziretan be. Udan ordutegi benetan berezia daukie hemengo bankuek: arratsaldeko ordu batetatik lau t`erdiak arte.
Dirua atara ostean, dendara joan gara zer edo zer jateko. Eguna ondo baino hobeto pasau dogu eta urrunen dagoan hondartzaraino joan gara gure barruko senari segiduta. Rio de la Platan arbolak, palmondoak, bedarra eta musika ona daukien taberna ugari dagoz. Hondartzea nasaia da, harea ia zuria eta errekako ura gorri kolorekoa da baina garbi dago.
Arratsaldean Montevideora joan gara eta lehenengo eta behin Colonia karuegia dala autortu behar da. Montevideoko autobus geltokiko turismo bulegoan sartu gara eta leku merke bat emon deuskue. Windsor dauka izena eta nahiko aristokratikoa dala emoten dau. Hoteleko argazkiak ikusi doguz gero: etxe zaharra eta polita da; ganera, Mario Benedetti bizi dan kalean dago, beraz, ia ikusteko aukerea dogun.
Hotelera ailegau garanean, etxea zahar-zaharra dala konturatu gara. Gelan ohe bi dagoz eta bertan jesarterakoan koltxoi zaharra zer dan jakin dogu. Koltxan orbanak dagoz, garbitu arren kendu ezin diranak (hori gura dogu pentsau behintzat, garbituta dagozala). Komuna pisuko ganerako jenteagaz batera daukogu. Holan da be, gelan lababoa dago, baina ur barik. Bentanea be badaukagu, eta eskertzekoa da, aspalditik ez dogu euki kalera emoten dauan bentanarik eta. Holan, gauean gozau egingo dogu trafikoaren soinuaz eta urugaitarren berbakera gozoaz. Luju bat. Benedettik esan ebanez, Montevideok ez dau emoten herrialde bateko uriburua. Gehiago emoten dau herri handi bat, izan be, berton jentea ez dabil prisaka, ezta kotxeak be.
Eguerdian portuko merkatura joan gara. Merkatu hau bertan egiten daben janariagaitik da ezaguna. Guk, haraino joateko dagoan biderik luzeena hartu dogu; egia esan, galdu egin gara eta bide batez portu osoa ikusi dogu. Merkatua ederra da, egurrez eginda, eta hemen be karu dagoz gauzak. Horregaitik ba, eta kartereak agintzen dauanez, kukurutxoagaz konformau behar izan dogu. Gero, beste leku baten bila joan gara, eta topau be egin dogu, merkea ganera! Lebatza daukiela esan deuskuenean, poztu egin gara, ekarri eta jan dogun arte. Labatzaren erdia ez da egon txarto, baina beste erdia platerean itxi dogu. Handik urten eta izozki bategaz ospatu dogu otordua.
Montevideoko gauak bereziak izan dira: goizero eulitxu txikien ziztadakaz izartu gara. Eulitxuak txiki-txikiak dira, odola ataraten deutsuen arte. Gero loditxuak dira, eta egia esan, ez dakit zelan egiten daben hegaz. Oroigarri moduan granotxu bat ixten deutsue, eta kremea emon arte itzelezko hazkurea aguantau behar dozu. Horretan Ekaitz desbardina da, berak hazkureari errezago egiten deutso aurre eta. Ordu erdiz ez badozu granotxua ukutzen, ez dozu ia hazkurarik sentiduko. Ni saiatu behintzat, saiatu naz, baina ez dot lortu holako autokontrolik.
Egunez Montevideon itzel pasau dogu, hondartzetara joan gara eta merke jan dogu. Jente jatorra eta apala be topau dogu, benetan atsegina. Uruguaiarrei irribarrea berbakaz batera ataraten jake.
Iratxe Ormatza
Goizeko zortziretan txiripaz izartu gara, iratzargailua zazpiretarako imini bai baina 'on' botoitxuari emon barik itxi dogulako. Ferry-a bederatziretan da! Altxau, dutxau, jantzi eta armozua jan dogu, prezioan sartuta dago-eta. Gero, kalera urten dogu, taxi baten bila. Taxi gidaria sano jatorra izan da, eta euskaldunak garalako edo, ahalik eta arinen joango garala esan deusku. Holan ba, bederatzirak bost gitxiagotan ailegau gara. Ze ondo!
Pozik sartu gara terminalean baina txartela erosten joan garanean, irribarrea kendu jaku: ezin dogu txartelik erosi, zarratuta dago eta. Hurrengo ferry merkeak gaueko hamabi t`erdietan urtengo dau. Bueno ba, albo batean jesarri eta itxarotea besterik ez jaku geratu. Hurrengo orduetan lo, liburua irakurri, dendako aldizkariak eta egunkariak dendan bertan irakurri, Interneten sartu, berba eta barre egin, jentea ikusi, janari merke eta sano osasuntsua jan...; holan pasau doguz orduak.
Gaueko hamabi t´erdietan sartu gara ferry-an. Bi jesarleku handi hartu eta pelikulea hasi danerako lo geratu gara. Handik hiru ordura ailegau gara Urugaira, Colonia de Sacramentora. Lauretan portuko terminala zarratu dabe eta hur dagoan autobus geltokira joan gara motxilak bertan ixteko.
Gero, herria ikustera joan gara, eta egia esan, sano polita da: harrizko kaleak eta kolore askotako etxetxuak daukaz. Goizeko seiak dira eta dana dago nasai-nasai. Ez dogu euki dirurik eta kutxa automatiko baten bila ibili gara, eta topau behintzat, topau dogu, baina diru barik. Astelehena da eta antza, astegoienean egon dan diru dana hustu dabe. Hain goizetik izanda, dana zarratuta egon da. Ni gose naz; Ekaitz, ostera, ez. Berak gosearena nahiko ondo eroaten dau. Nik ez.