Kulturea  III. urtea // 59. zenbakia

Leioako Nazinoarteko V. Umore Azoka, maiatzaren 27tik 30era


Aurtengo Umore Azokak aurkezten dauan egitarauaren kalidadeaz gan, antolatzaileek eta kolaboratzaileek Leioako Azokak orain bost urte jaio zanetik ezagutu dauan eten bako hazkundea azpimarratu dabe.

Urterik urte handitu egin da bertan parte hartzen daben konpainien kantidadea eta Umore Azokara hurreratzen diran arte eszenikoen profesionalen eta zaleen presentzia. Beste alde batetik, oso garrantzitsua da antolatzaileek emoten deutsen azoka izakerea ze hartu-emon kulturalen gune ez eze Leioa zirku, antzerki eta dantza ikuskizunen alkartrukerako gune bihurtzen dalako.

Ganera, azokeak herria bertoko eta kanpoko profesionalen eta ikuslegoaren elkargune bihurtzen dau. Aurtengo edizinoak izango dauan barrikuntzarik aitagarriena Azokeak Leioako kultur gune barri baten atal bat okupauko dauala izango da, Azokako informazio eta alkargunea Kultur-Leioa egoitza izango baita.

Bizkaie!

Mundu osoko 50 konpainiaren 120 ekitaldi, 11 kaleko eszenatoki, 10 behin betiko estreinaldiz eta Estadu espainiarrean estraineko aldiz erakutsiko diran nazinoarte mailako bost talderen ikuskizunez gozetako aukerea izango da. Hau guztia, Umore Azokak iraungo duen lau egunetan zehar.

Aurten, guztira mundu osoko 50 talde bilduko dira Leioan: hamabost euskal talde; Katalunia, Extremadura, Aragoi, Madril, Gaztela-Leon, Balear Irlak eta Madriletik etorritako hogei konpainia; eta Frantzia, Danimarka, Britainia Handia, Alemania eta Japoniako beste hamar talde. Horreetatik hamaika taldek, ganera, lan barriak estreinauko dabez Leioan.

Euskal taldeen estreinaldiei jagokenez, honako lan honeek ikusi ahal izango dira lehen aldiz Umore Azokan: Hortzmuga Teatroren '12k', Kapikuaren 'Circo Kapikua', Trapu Zaharraren 'El pisito', Golokaren 'Hau mundu eroa', Organik Dantza-Antzerkiren 'ES3IN', eta La Ressistens-en 'Brakala'. Gaitzerdi, Hegan, Ideas y Medios, Kalez Kale, La Tirili Teatro, Simulacro Teatro, Xabier Larrea, Zirko Ttipia eta 96 Unicornios taldeak izango dira euskal kale antzerkairen ganerako ordezkariak. Euskeraz ikuskizun bi baino ez dira izango: Zirku Ttipiaren 'Giriguay' eta Golokaren 'Hau mundu eroa'; hilaren 30ean aurkeztuko dabez biak, Ibilaldia, Bizkaiko Ikastolen aldeko Jaiaren egitarauagaz bat eginda.

Mundu zabaletik etorriko diran taldeen artean, Frantziako Cirkologiomek Diabologiom eta Les Doryphoresek izen bereko obrak ekarriko dabez; AEBetatik Dirty Fred umoristea; Alemaniatik Nilynils, Nilynils-Show lanagaz; Danimarkako Lice de luxe konpainiak izenburu bereko lana eskainiko dau eta Japoniako Gamarjobat umorista bikotea be Leioan izango da.