Soziedad Alkoholika Garzonegaz aurrez-aurre
Soziedad Alkoholika taldeak, bere aldetik, 2002ko bagilean salatu eban hedabideen presinoaren ondorioz hainbat kontzertu bertan behera geratu izana. Taldeari ‘terroristen aldeko, xenofobo, arrazista eta antisemita’ izatea leporatu eutsien Espainiako komunikabide batzuk. Adierazpen horreen aurrean, Soziedad Alkoholikak neurriak hartuko ebazala iragarri eban.
Denporan atzera eginaz, antzeko adibideak be topau geinkez. Urtarrilean, berbarako, Berri Txarrak taldeak Madrilen eta Fermin Muguruza Kontrabandak hainbat uritan egin behar ebezan kontzertuak bertan behera geratu ziran.
Bizkaie!
Terrorismoaren Biktimen Alkarteak (AVT) Soziedad Alkoholika taldearen kontra ipinitako kereilea Baltasar Garzon Espainiako Auzitegi Nagusiko epaileak aztertuko dau.
Oraintsu ipini dau alkarteak kereilea, talde gasteiztarrak terrorismoa goratzen dauala esanaez. Halan da be, ez da hori Garzonek aztertu behar dauan salaketa bakarra. Joan dan zezeilean, Auzitegiko Fiskaltzeak daborduko ipini ebazan SAren kontra antzeko salaketak, eta Garzonek horreek aztertzea erabagi eban. Iturri juridikoen arabera, poliziari taldekideen ganeko informazinoa eskatu eutson.
Terrorismoaren Biktimen Alkartearen arabera, hiru kantutako berbek delitua dagoala erakusten dabe: ‘Explota Zerdo’, ‘Sindrome del Norte’ eta ‘Stop Criminalizazion’. Taldekoen arabera, artikuluan esaten danak terrorismoa goratzen dau. ‘Delitua da terrorismoa adierazpen publikoen bidez goratzea eta baita terrorismoaren biktimak gitxiesten dabezan ekintzak egitea’, dinoe alkartekoek. Daniel Portero, AVTko bozeroaleak, ‘Soziedad Alkoholikaren kantu horreen ondorioz luzaroan jasandako umilazinoagaitik eta minagaitik dago ipinita taldearen kontrako kereilea’. Bere ustez, ‘adierazpen askatasunetik urrunago doaz holakoak’.