Poesia gaztea, hiru poeta gazte
Hirugarren liburua Jon Gerediaga (1975) bilbotarrak argitaratu dau, Pamiela etxeagaz: “Fitola balba, karpuki tui” izena ipini deutso Aritz Merinoren marrazkiakaz datorren liburuari.
Jon Gerediaga beste esparru baten zan ezaguna: antzerkian. Izan be, Antzerkiola Imaginarioa taldean dabil, taldeak eszenaratzen dituen lanak idazten. Edozelan be, eta Gerediagaren berbetan esanda, bere obrek asko daukie poesiatik, eta bere poesiak be asko dauka antzerkitik. Ez alperrik: antzerkian hasi baino lehen, poesia idazten eban, eta azkenean batak bestearen kutsua hartu ei eban.
Liburu honetako poemak barru-barruko sentimentuetatik abiatuta idatzi ebazan. Bere buruari egindako galderei erantzuten saiatu da, hizkuntza irakurterreza erabilita. Gerediagak 2000n esperientzia gogor bat bizi eban, eta krisi fisiko eta emozional sakonean sartu zan. Zulo haretan bizitakoa idatzi dau, behin zulotik urtenda. Zuloaren ikuspuntu biak emoten ditu liburuan: lehenengo atalean iluntasun haretan sentidutakoa kontetan deusku, eta bigarrenean iluntasunetik argira urtendakoan bizitako sensazinoak, azkenean esperantza apur bat agertuz. Halanda ze, Gerediagak aitortu dauanez, “heriotzea” berbea askotan agertu arren, azkenean bizitzearen ganean idatzi dau.
Azkenean, hirugarren partea be badago, “Off the record” izenekoa: bertan, krisialdiagaz erlazino gitxiago daukien poemak dagoz.
Edu Zelaietaren liburuaren antzera, “Fitola balba, karpuki tui” liburua eszenako formatuan ikusteko aukerea be badago. Izan be, Antzerkiola Imaginarioak hogei testu aukeratu ditu liburutik, eta errezitaldi dramatizatua atondu dau. Formatu txikiko obra hori Bilboko lokal batzuetan ikusteko aukerea egongo da.
Amaitzeko, eta albiste hau idazteko momentuan oraindino aurkeztu barik egoan arren, Paddy Rekaldek be poema liburu bat plazaratuko dau, Txalaparta argitaletxeagaz. Horren barri be eukiko dozue aldizkari honetan.
Julen Gabiria
Liburu eguna apirilean izaten da. Egun horren bueltan, normala danez, liburu gehiago argitaratzen dira. Baina apirila pasau da, maiatza etorri da, eta liburuak agertu eta agertu dabilz aurten, geratu barik. Danontzako dago. Betiko legez, irakurrienak nobelak izango dira. Ipuinek be eukiko dabe irakurleren bat, saiakerak be hortxe-hortxe. Eta poesiak, anaia txiker horrek, liburu guztien artetik burua ataraten dau, apal baina lotsa barik. Orain dala aste pare bat, argitaletxeak ados ipinita legez, hiru poesia liburu argitaratu ziran, hirurak idazle gazteek idatzita. Hirurak 70eko hamarkadakoak.
Lehenengoa, Elkarren eskutik, plazan barria ez dan idazle batena: Castillo Suarez (1976) idazle altsasuarrarena. Suarezek “Spam poemak” liburua plazaratu dau, orain lau urte “Mugarri estaliak” argitaratu ostean. Nonori deigarria egingo jakon Castillo Suarezen liburu barriaren izenburua. Spam deitzen jake, hain zuzen be, posta elektronikora guk eskatu barik eta nondik datozan be jakin barik heltzen jakuzan mezuei. Holan egin ei eban Castillo Suarezek bere poemakaz be: lagun eta ezagunei bialdu eutsezan, hareen eretxia jasoteko.
Iban Zalduak aurkezpen ekitaldian esan eban “Mugarri estaliak” liburuagaz konparauta, poetak ironia gitxiago darabilela (ia desagertzeraino), eta liburua aurrekoa baino mingotsagoa dala: poema-liburu serioagoa, tristeagoa eregi dau Castillo Suarezek, Zalduaren berbetan. Halanda be, lehengo ezaugarriei eusten deutse, baina indar gehiagogaz: idazkera gardena baina ez “senzilloa” erabilten dau, prosarena ez dan narratibidade baterako jokerea dauka, ideia eta irudi alkarketa ausartak eta barriak emoten ditu, eta sentimentalkeria alde batera ixten dauan lirika edo bere literaturtasunaz kontziente dan poetikea sortu dau altsasuarrak.
Aurkezpenean Iban Zaldua egotea kontraesana izan daiteke, ze, Zalduak esan ebanez, “poesiaren gainean daukadan irudia, oro har, ez dalako lar ona”. Suarezek argitu eban hori: “Ibani eskatu neutsan liburuaren hitzaurrea egiteko; bera, hain zuzen be, poesiaren kontrakoa dalako, eta nik, aldi berean, antipoesia egin gura dodalako”. Poeta nafarrak autortu ebanez, poemak zabaldu beharreko zeozer dira, eta ez gordeta eukiteko zeozer: poesiaren bidez irakurlea “aztoratu” gura ei dau Suarezek, eta, “modu baten edo bestean, jendearengana heldu gura” horretan, testu gehienak hur dagoz irakurleakandik, zu bati idatzita legez, irakurleak berari zuzenean ari jakola pentsau dagian.
Liburuaren aurkezpena pasau eta egun batzuk beranduago, liburuari ondoetorria emoteko, poeteak party agro-techno bat preparau eban Arbizun. Ez da harritzekoa, izan be, hurrengo bi idazleek be literaturatik kanpoko eszenak aukeratu ditue euren liburuak aurkezteko.
Bigarren liburua, Susak argitaratutakoa, Edu Zelaieta (1973) gasteiztarrak idatzi dau. Gasteiztarra, edo erdi-gasteiztarra. Edo erdi-beratarra, edo, azken baten, mugaldekoa. Izen hori ipini deutso bere lehenengo liburuari: “Mugaldekoak”. 2002an, Arabako Foru Aldundiaren eskutik, “Jendakiak urruneko familiatan” poema liburua argitaratu eban. Liburu barriaren izenburuak, baina, ederto erakusten dau zein zan bere azken aldiko ardurea: “irakurle legez neukan hutsunea eta hutsune personala betetea; eta, azken baten, ni ere muga batean bizi nazala”. Zelaietaren aita Berakoa da, mugakoa. Euskalduna da, baina harengandik ez eban euskerarik jaso eta, hizkuntza bereganatu guran, orain bost urte erabagi eban Beragaz eukazan hartu-emonak sendotzea. Ama, barriz, Galiziakoa da, Portugal ondoko herri batekoa, ha be mugakoa.
Liburu hau idazteko, Zelaietak Joseba Jaka bekearen laguntzinoa euki dau, eta poemario tematikoa osotu dau gasteiztarrak, mugak gai hartuta: “Mugaldea sano lurralde emonkorra da”, autortu eban egileak. Muga fisikoakaz hasten da poema liburua, baina bidaia kanpotik barrura doa: bere poesian aitatzen diranak “geografiaz harago doazen territorioak” dirala dino autoreak, ze, azken baten “gaur egun danok gara mugalariak”.
“Mugaldekoak” lau ataletan dago banatuta. Lehenengoan, “Mugaldean” izenekoan, muga da ardatz nagusia, eta Bidasoaren mugatik abiatzen da. Bigarrena “Urratuak” deitzen da, eta gizartea gehiago agertzen da. Autorearen esanetan, atal honetako mezu nagusia da “mugak apurtzeko jaio garala, apurtzeko eta gainditzeko”. Hirugarren atala “Mugarri luzeak” personalena eta luzeena be bada. Hirugarren atal horren barruan sensazinoak, amodiozko eta desamodiozko poemak, sentimentuak eta abar dagoz. Laugarren partean kontrabandoaren ganeko istorio bat kontetan dau Zelaietak, eta hori da liburuaren atalik harrigarriena, ezohikoa, “transgresorea”, egileak esan ebanez. Azken hori “entzun izan ditugun istorioak bezain sinisgarria da, baina kontau ez deuskuen horreetakoa; beharbada, euskal kulturan be tabuak ditugulako”.
Edu Zelaieta liburua aurkezten ibiliko da hemetik aurrera, han eta hemen; baina aurkezpen bereziak izango dira: emonaldiak eskainiko ditu, liburuko poemak oinarri hartuta. Horretarako, Berako lagun batzuk eukiko ditu alboan: Beñardo Goietxe gitarreagaz, eta Raul Garcia harmonika, harpa txikia eta zerra musikalagaz. Emonaldiak maiatzaren 28an hasiko dira Beran bertan. Gero, bagilaren 15ean Gasteizera joango dira, eta 25ean Larrabetzura.