Andoni Lariz: 'bolibartarrok beti eutsi deutsagu geure herri izakereari'
Urte asko daroez Ziortza-Bolibar eleizateko herritarrek Markina-Xemein udalerritik (4770 biztanle) banandu guran. Desanexinoaren aldeko sinadura bilketeari ekin eutsen 1991n eta ordutik makinatxu bat izan dira ahaleginak. 2002ko martiaren 17ko herri galdeketan boto emoileen % 96 desanexinoaren aldekoak izan ziran baina prozesuan izandako akatsak tarteko, indarrik barik geratu zan erreferenduma. Aurten, barriz, zezeilaren 6an desanexinorako legezko pausuetan adostasuna lortu eben Desanexinoaren Aldeko Batzordeak eta Bizkaiko Aldundiak eta hurrengo pausua maiatzaren 30eko desanexinoaren ganeko erreferenduma izango da. Herri galdeketak herritarren borondatea erakutsiko dau baina ez da loteslea izango. Ondoren, Aldundiak txosten bat egingo dau eta jarraian Batzar Nagusien ardurea izango da desanexinoa onartzea ala ez. Erabagia urte amaierarako edo espero da.
'Maiatzaren 30ean bolibartar guztiok bai desanexinoari' lemapean dabil beharrean Desanexinoaren Aldeko Batzordea eta egun seinalaturako gero eta gitxiago falta danean, Andoni Lariz, Batzordeko kidearenagana jo dogu gehiago jakin guran.
1. IX. mendetik herri izan ostean, Bolibar 1969an anexionau zan Markina-Xemeinera. Zergaitik?
Sasoi haretan oraindino transizinoa pasetako egoan. 1978rako ia 10 urte falta ziran. Orduko jokera orokorra izan zala esango neuke. Orduko agintarien (Diputaziokoek be bai) erispidea zala esan behar, herri txikiak haundi baten barruan sartu eta egiturak zentralizetakoa. Ni neu gai honetan aditua ez nazan arren, guztiok ezagutzen doguz, gaur egun hamaikatxu herri sasoi haretan anexionau ebezenak. Herri batzuk gerora herri izakerea berreskuratu dabe. Gure eskualdean ezagunena Berritxu da; baina ezagunak dira Arratzu edo Ajangiz bera,... Bilbo ingurura bagoaz hor dogu Sondika,...; bien bitartean, beste herri batzuk oraindino be anexionauta jarraitzen dogu.
Bolibarren kasuan esan behar dogu dana dala, Markinera anexionetako pausua, orduko diputazinoko eta herriko agintariek herriaren ezkutuan egin ebela. Herriak ezer be ez ekiala eroan euskuen Markinara. Eta hau gogoan daukie oraindino herriko nagusiek. Gerora jakin dogu Bolibarko arduradunakazko mehatxuak egon zirala. Hau Desanexino Batzordearentzat beharrean diharduen Juan Landa abokatuak erakutsi dau, topau dauan dokumentu historiko baten bidez.
2. Desanexinorako pausuak, 91n hasi ziran. Zergaitik ez arinago?
Ezin neike nik hori zehatz-mehatz erantzun. Orduan posible ez zalako ikusiko? Aukerarik ikusten ez ebelako orduko bolibartar helduek? 20 urteko tartea dago 1969 urtetik 1988ra (Bolibarko junta lokala Diputazinoagaz hartu-emonetan hasten dan urtea desanexioaren gaiagaz). Baina transizinoa 1978ra arte ez zala emon gogoratzen badogu, 10 urte dira bakarrik. Dana dala, argi esan behar dot urte horreetan guztietan bolibartarrok beti eutsi deutsagula geure herri izakereari. Markinar tratua emon izan deuskuenetan, gora-goraka atara izan gara, eta bolibartarrok herri nortasun propioa daukagula gogoratu deutsagu aurrekoari.
3. Azken urteotan, sinadura bilketak, eskariak, bideragarritasun txostenak, demandak, epaitegiaren erantzuna eta erreferendumak be izan dira. Kontaiguzu prozesua.
Esandako moduan, 1988an hasi ziran Bolibartik Diputazinoagaz hartu-emonetan. 1991an sinadura bilketa bat egin zan herrian eta gehiengoaren sinadurak lortu ziran. Orduan Bolibarko juntak eskaerea luzatu eutson Markinako udalari, arau foralak dinoan modura espedientea hasteko. Markinak baietza emon ondoren, 1991an “baliabideen ikerketea” egin zan; ikerketa honen ondorioak izan ziran herria izateko baldintzak beteten ebazala Bolibarrek.
1993an idatzi bat luzatu zan Diputazinora Bolibarko juntako kide guztien sinadurakaz desanexino prozesua jarraitzeko eskatuz. Urte honetan bertan, diputazinoak lege berria onartu eban eta desanexionau ahal izateko baldintzak aldatu ebazan (baldintza horreetako bat zan ordutik aurrera desanexionau gura eben herriek 5.000 biztanle euki behar ebezela gitxienez).
Orduan diputazinoa auzibidean sartu genduan, esanaz Bolibarri aurreko araua toketan jakola, prozesua aurretik hasita gendualako. 1998ko garagarrilean sententziak arrazoia emon euskun eta diputazinoari esijidu jakon prozesuagaz aurrera segiduteko.
Hemetik aurrera, Diputazinoak (udal hauteskundeetako emoitzen arabera) Desanexino Batzordea osotu ahal izateko, alderdi politikoetako ordezkariak izentau eta zerrendak bialtzeko esan eban. Zerrendak esandako moduan osotu eta Diputazinora bialdu ziran. Orduan etorri ziran alderdi ilun batzuk Diputazinoaren partetik: herritik zerrendak osotu eta bialtzen ziran baina ez ziran Diputazinora heltzen. Non geratzen ziran? 2001eko apirilean gure batzarretan berba egiten zan oraindino be, “falta zan zerrendea Diputazinora helarazoteko ahaleginak egingo genduzala”. Diputazinoa saiatzen zan pelotea herritarren ganean ixten. Denpora horretan guztian, Desanexino Batzordeak hartu-emon iraunkorrak euki dauz Diputazinoagaz.
2001eko urrian esperantzea galdu barik gengozan, Diputazinoak esaten euskun eta batzorde kudeatzailea izentau eta legeak eskatzen dauan moduan erreferenduma antolatzeaz arduratuko zala.
Hamaikatxu gorabeheren ostean, azkenean 2002ko martiaren 17an egin zan erreferenduma, gehiengo osoz irabazi genduana. Baina kasualidadea! erreferendumak hamaika hutsune eta akats ei ebazan. Horren erantzukizun nagusia Diputazinoko teknikoena izan behar ebanean, errua Bolibarko Desanexino Batzordearen gan ixten saiatu ziran.
Orain, 2004ko maiatzean gagoz (urte bi eta bi hilabete pasau dira) eta herrian geuk eskatutako erreferenduma eukiko dogu, legez bete behar diran baldintza guztiakaz.
4. Desanexinoaren harian, Markina-Xemeingo Udalaren jarrera politikoa zelakoa izan da urteotan? Prozesuak aurrera ez egiteko zeintzuk izan dira traba nagusienak?
Orain dala 12 urte, gitxi gora behera, Markinako udalaren partetik kontrako jarrerea ikusi geinkean, batez be, Markinako alkatea Lauren Aretxabaleta zan garaian. Baina desanexinoaren aldeko jarrera argia ikusita (Bolibarren oso indartsu, baina Markinan bertan be herritarren artean aldeko jarrera nagusitzen zan, izan be, ikusten eben Bolibarrek herri izateko eskubide osoa eukala) Markinako udalean agintean egoan alderdiak (EAJ) jarrerea aldatu dau, azken 5 urteotan prozesuan bultzadea emoten laguntzeraino. Izan be, ezer kuriosorik badago Bolibarren prozesu honetan, hau da: Markinako udala ez dala agiri kontrako eragile moduan.
Prozesuak aurrera ez egiteko traba nagusiak Diputazinoko arduradunengan bilatu behar doguz. Eurak izan dira eta behin eta barriro, ezelako arrazoi barik, kontua atzeratu dabenak; Legez betetea toketan jakena bete ez eta, herritarrok zoratzen ibili gara.
5. Zeintzuk dira oinarrizko legezko baldintzak desanexinorako?
Bete behar diran oinarrizko baldintzak hiru dira: 1.- Bai anexionau zanean bai orain herri bereiztua izatea lurraldez. Hau beteten dogu bai IX. mendean Bolibar sortu zanean, bai 1969an eta bai gaur be 2004an. 2.- Herri moduan bete beharreko eskumenak edo konpetentziak beteteko gai izatea, errekursoak eukitea: Herri aberastasuna, aurrekontu nahikoa,... ikerketak erakutsi eban honetan ondo gagozala. 3.- Herritarrei eskaintzen jakezan zerbitzuen kalidadea ez murriztea. Gure kasuan ikerketak erakutsi eban zerbitzuok hobetzeko baldintzak beteten ditugula.
6. Ziortza-Bolibar eleizate-herriaren izakera edo nortasunaren ezaugarrien artean zeintzuk azpimarratuko zeunkez?
Herri nortasuna daukan jentea gara. Euskaldunak eta euskeraz bizi garanak, gehientsuenok.
7. Desanexinoagaz zer irabazi eta zer galduko dau Bolibarrek?
Geure burua antolatzeko aukerea irabaziko dogu; geure herria zaintzeko boterea izango dogu, honek dakartzan ondorio guztiakaz, baliabideak eta bitarteko gehiago..., hasi dirutik eta geure herriaz arduratuta egongo dan personetaraino. Eta zer galduko dauan? Ba menpekotasuna eta miseria edo bitarteko faltea galduko ditugu, hori seguru!
8. Aurreko erreferendumeko datuak kontuan hartuta, Bolibarreko herritarren % 4k zergaitik ez dau gura desanexinoa?
Erreferendum hori 2002ko martiaren 17an egin zan eta 325 hautesle egozan. Horreetatik 275ek parte hartu eben. Badakizu ze emoitza egon zan? 265 BAI ; 2 EZ (baliobakoak 4 eta 4 zuri be egon ziran). Datuok ikusita ez al jaku galdera egokiagorik bururatzen? Adibidez emoitzok izan ziranak izanda, ZERTAN EGON DA BIZKAIKO DIPUTAZINOA prozesu honetan emon beharreko pausu legalak emoteko. 2004ko zezeilaren 6ra arte adostu barik euki ditu pausuok Bolibarko Desanexino Batzordeagaz. Bi urte luze alperrik galduta. Aurretik askoz be urte gehiago!
9. Xemein eta Markina batu ziranetik 52 urte joan dira eta hor be salaketa eta burrukak izan ziran uribildu eta eleizatearen artean. Azkenean, anexinoa baino gehiago bateratzea izan zan. Uribildu eta eleizateen arteko hartu-emonetan tirabirak izan dira beti?
Ez ditut beste kasuak ezagutzen, Xemeingoa be ez larregi. Egokiena eurei galdetzea izango litzateke.
10. Maiatzaren 30eko erreferendumerako 'Onartzen dozu Ziortza-Bolibar eleizatea Markina-Xemeinetik banandu eta independiente izatea' itauna proposatu dozue. Zenbat dira botoa emoteko moduan dagozanak?
Guztira, 317 bolibartar. Horreek guztiek legez emon ahal badabe be, batzuk ezingo dabe etorri urrun bizi diralako (Ameriketan, ....) edo oso gaixorik dagozalako, oso nagusiak diralako,... ezin dabenak etxetik mobidu. Herri kontsulta honetan ez da emon aukerarik botoa korreoz emoteko edota notarioagaz etxetik botoa emon ahal izateko.
Andoni Lariz (Desanexinoaren Aldeko Batzordea)
1973an jaio nintzan. 18 urtera arte Bolibarren bizi izan nintzan eta gero Gasteizera pasau nintzan. Han Euskal Filologia ikasketak egin nebazan. Euskara irakasle moduan be lan egin neban Gasteizko AEKn. Orain Bolibarren bizi naz barriro, euskara teknikari legez nabil beharrean egun-erdiz Eako udaletxean. Bi guraso talderen irakasle be banaz Markinan. Bolibarko Desanexino Batzordeko partaide izateaz gan, Markinako Maxea plataformatik bolibartarren ordezkari aurkeztu nintzan azken udal hauteskundeetan (herritarrek babesa emon arren, gaur egun errekonozidu barik gagoz ni eta beste plataformakide bat).
Koldo Isusi Zuazo