Euskerea berbagai  III. urtea // 58. zenbakia

Euskal Poesiaz mintzo


Bakotxak jakin daiala zer egin gura dauan bere beharrak ixten deutson denpora libreagaz; orain, lar abrosiduta dagozanentzat, noizean behin hartu dagiela poema liburutxuren bat. Ahalegin gitxiko zeregina izango da eta mesede handia idazlearentzat.

Hori bai, euskal argitaletxeek pentsau behar leukie inoiz produktu ez didaktiko eta agian ez errentagarriren bat plazaratzea, baina bai dibertigarria edo deigarria izango dana, izan be, elebidun batek errez joko dau erdarara euskereak gura dauana emoten ez deutson kasuan.

Xabier Paia

Aste honetarako berbagai hartu dodan materiak ez deust erreztasun handirik emon serio lantzen hasteko orduan. Izan be, jatorri euskalduneko olerkiak topau gura dituanean euskal irakurleak, ondo baino hobeto daki bilaketa ezin gatxagoan jardun behar dauana.

Izan be, bertsolaritzeak bere esparrua ondo zehaztu ebanetik (oraindino atal batzuetan dudea nagusi bada be), euskal literaturearen adierazpen poetikoak bide bereziak ezagutu behar izan ditu. Gure herriko poesiak bide barriak erabili dauz aurrera egiteko, kontuan hartuta merkatu zorrotza dan literaturearen eskaintza eta eskaerearen artean mobidu behar izan dauala.

Argi dago Euskal Herriko irakurle kopurua sano bajua dana, egia bada be beste hiztun komunidade batzuekaz konparauta, askoz be portzentaje altuagoa dana geurea besteena baino. Halan eta guztiz be, euskaldun askok konpromisoz leiduten dau. Beste askok inork behartuta leiduten dabe. Eta azkenean, plazer hutsagaitik leiduten dauan jentea esku bategaz kontau daiteke.

Gure herrian argitaratzen dan literatura errentagarri bakarra umeei eskaintzen jakena da. Gaur egungo idazleek badakie maisu eta maistren begietatik ondo sartzen diran liburuak izango dirana bizirik irauteko baliabideak topauko dabezanak. Lehenengo edizinoaren erdia saltzeko izen handiko liburuak edo idazleak behar dira. Harry Potter, berbarako, arrakasta handiko gertakaria izan da Euskal Herriko umeen artean. Kasu hau, ostera, berezia da, itzulpen baten ganean berbetan gabilzelako.

Euskal jatorriko literaturan, beraz, helduentzako liburuak be altxor handi legez tratau behar dira. Hizkuntza edo irakurketearen maitale handiak dira sail honetako liburu gehienak leiduten dabezanak, eta esandako moduan, euskal argitaletxe batek ezin dau liburu horreetako baten tirada handirik egin, ezpabere, itsaso beteko diru galerea eukiko daualako etorkizunera begira.

Azkenik, helduentzako poesia oso mugatua da gure herrian. Izen handiko idazleek be hainbat urtero behin atarako dabe olerkiz egindako liburutxuren bat, eta ha erronka ikaragarria izango da lan hori libururatzen dauan argitaletxearentzat. Eta ez baldin bada Durangoko azokan asko saltzen dala, liburu horren aleek urteak igaroko dabez argitaletxe horren biltegiko bazter galduenean.

Jarduten dabenak badabilz, baina asko dira ilunpean ibilten diranak. Bihotz Bakartien Kluba lako taldeak gero eta ugariagoak dira gure herriko hainbat sektoretan, baina talde txiki horreek izaten daben oihartzuna soinu bakoa izaten da. Izan be, dezibelio gitxiko harana da euskal poesiarena, eta zer edo zer esatekotan, hobe da dagozanak persona bakar baten edo gitxi batzuen izenak esatea askorena baino.

Ganera, poesia ez da errez itzultzen dan genero bat, itzulgarritasunari buruzko dudak nabarmen areagotzen diralako olerki bat itzultzerakoan. Forma eta edukia hain alkartuta dagozan egitura honek ez deutso lan errezik emoten itzultzaileari, eta akaburako, egokitzapen edo baliokide lako xede hizkuntzako olerkiez egiten dogu berba.