Jairik jai bai baina kontuz gero!
Iruñean, San Fermin jaiak (www.sanferminonline.com)
San Joan suaren ganetik salto egin eta neguko arropak gorde ondoren, uda sasoian bete-betean sartuta, giro sargoritsuagaz eta egunak luzeagoak dirala, jaiak edonon eta zenbat gura topau geinkez, eta parrandarako gogoa baino ez da behar. Jakina, norberaren herrikoak edo auzokoak onenak izaten dira, baina ezin da ukatu Iruñeako San Fermin jaiak munduan ezagunenak, jentetsuenak eta zaharrenetakoak dirana. Urtero-urtero, garagarrilaren bigarren astean milaka lagun hurreratzen dira Nafarroako uriburura, eta adarkadaren bat hartzen ez dabenak behintzat gustora joaten dira etxera bueltan.
San Fermin jaien jatorria
San Fermin jaien ganeko lehenengo aitamenak XIII eta XIV. gizaldikoak dira eta badakigu XVI. gizaldira arte urrian ospatzen zituena; dana dala, sasoi horretan eguraldiak askorik laguntzen ez ebala ikusita garagarrilera aldatu zituen. Antxina, gaur egun batera egiten diran ekitaldi edo ospakizunak egun desbardinetan egiten ziran, baina geroago San Fermin jaietan hiru ospakizun alkartu ziran: San Fermin patroiaren omenezko ospakizun erlijiosoak eta XVI. gizalditik aurrera egiten ziran salerosketarako azokea eta zezenen jaia. Hiru osogai horreekaz eta garagarrilean egindako lehenengo San Ferminak 1591. urtean egin ziran. Gaur egun, ostera, San Fermin jaietako osogaiak hiru baino askozaz gehiago dira, eta jaiak gehiegikeriatzat be jo dabez askok eta askok; arestion aitatutako ekitaldiez ganera, su artifizialak, dantzariak, musikariak, konpartsak, erraldoiak, buruhandiak eta bestelakok be ez dira falta orain.
Euskal Herriko jairik internazionalenak
Mundu osoan oihartzuna daben jaiak dira San Ferminak, batez be XX. mendetik aurrera, eta Ernest Hemingway (1899-1961) idazleak 1926an 'The sun also rises' (Fiesta) eleberria idatzi ebanetik; izan be, ordura arte, Espainiatik kanpo ez ziran ezagunak. Literaturako nobel sariduna 1923ko garagarrilaren 6an heldu zan lehenengoz Iruñeara. Hemingwayren lehenengo eleberria (The Sun Also Rises) Iruñean kokatu eban eta San Fermin jaien arrakastan berebizikoa izan zan, kontuan hartuz, ordutik milaka eta milaka kanpotarrek egiten dabela osterea Iruñeara. Iparramerikar hau zortzi aldiz gehiago itzuli zan Iruñera, Espainiako Gerra Zibilaren eta II. Mundu Gerrearen ondoren, birritan 1953an eta 1959an. Antonio Ordoñez eta Juanito Quintana toreroen lagun handia izan zan, eta hareekaz eta beste lagun batzuekaz buru-belarri sartzen zan jai giroan. Entzierroetan zezenen aurretik ibiltea be gustetan jakon eta 1924ko entzierroan, zezen batek lehenengo mutila, hau da, Esteban Domeño, 22 urteko gaztea hil ebanean bertan egon zan. Hemingwayk mutil horren heriotzearen ganeko kontuak azaldu ebazan 'Fiesta' izeneko idazlanean eta urte batzuk geroago, 1932an argitaratutako 'Heriotza arratsaldean' eleberrian zezenen mundua islatu eban.
Ernest Hemingwayren obrearen eraginez, jai giro ederraren bila, urtero Iruñeara hurreratzen diran milaka lagunen artean asko eta asko kanpotarrak izaten dira eta entzierroetan zauritutakoen izen-abizenak ikustea baino ez dago. Aurtengo San Fermin eguneko entzierroan be amerikar neska gaztea eta hemeretzi urteko australiarra zauritu dabez zezenek, adarkada larriez.
Entzierroetan ez ziran ibiliko seguruenik, baina izen handiko lagunak be ibili dira Iruñeako jaietan: Orson Welles zine zuzendaria, Ava Gardner aktorea, Margueaux Hemingway idazlearen lobea edota Arthur Miller idazlea.
Entzierroa
Lehen aitatu doguzan San Fermin jaiotako osogaien artean, ondokoak dira garrantzitsuenak: txupinazoa, mando eta zaldunen desfilea, prozesinoa, zezenketak, entzierroak eta 'Pobre de mi', jaien azken eginkizun ofiziala.
Halan da guztiz be, ekitaldirik ikusgarriena eta arriskutsuena entzierroa izaten da, ezelako duda barik. Hankak arin eta burua argi izatea behar-beharrezkoa da entzierroan parte hartzeko, baina zeozer gehiago be behar izaten da ganezka egoten diran kaleetan jenteagaz estropozurik ez egiteko eta, adarkadarik ez hartzeko: suberte galanta, ia-ia mirakulua. 'A San Fermín pedimos, por ser nuestro patrón, nos guíe en el encierro, dandonos su bendición' eskaria edo otoitza egunero egiten dabe korrikalariek goizeko zortziak aurretxuan eta handik lasterrera hasten dira arin-arinka. Hesiz babestutako kaleetan, sei zezenen aurrean korrika egitea baino ez da entzierroa eta 825 metro besterik ez dira, baina gehienei luze egiten jakez.
Entzierroak egunero egiten dira goizeko zortzietan hasita garagarrilaren 7tik 14ra bitartean, eta 7:30etatik aurrera ez dago hesien barrualdean sartzerik. Ibilbidea ohikoa izaten da: Santo Domingo aldatza-Udaletxeko Plazea-Mercaderes-Estafetako bihurgunea-Telefonica-Zezen-Plaza. Dinogun lez, ibilbidea ez da kilometro batera heltzen, baina, batez beste, hiru minutukoak izaten dira entzierroak, zezenen bat atzera begira jarten ez bada behintzat. Horixe izaten da arriskutsuena zezenen batek bueltea hartu, bakarrik gelditu eta adarkadaka hastea. 1924ko San Ferminetatik hona dozenatik gora lagun hil dirala entzierroetan eta 200dik gora adarrez zauritu. Zezenei adarretatik oratzea, ibilbidean 18 urtetik beherakoak egotea edota mozkortuta edo edozein drogaren menpean egotea zehatz galarazota egon arren, jenteak ez deutse jaramonik egiten agindu horreei, eta gero izaten dira izatekoak.
Kontuak kontu, Iruñeako San Ferminetan ez eze, zeuon herriko jaiotan ahalik eta ondoen pasau daizuela, baina inori kalterik egin barik; zezenakaz eta bestelakoakaz zuhur ibili eta norberak parrandarako gogo bizia dauenean besteen egoereari begira egotea gatxa bada be, ahal dala lagun hurkoak errespetau eizuez, ze danak be ez dabe jaietarako gogorik izaten, eta batzuk oporretan edo jaietan dagozan bitartean, beste batzuk beharrean ibiliko dira eta. Amen.
Koldo Isusi Zuazo