Bertsotan  III. urtea // 58. zenbakia

Bertsotzaindia (I eta erdi)


Gaurko bertsolariak
behar leuke nonnahi
euskera on, zuzen ta
egokirako gai.
Baina egia balitz
astelehen danak jai!
Jolas dalako edo
ez dalako langai,
beti ez da asmatzen
inoz ahaztu be bai.

Bertsoaren soloan
“hau da hau endredo”,
nork ez dau gura izan
“txapelen bezero”.
“Bela konpontzerikan”
ez daigun espero;
ikusiko da “bihar,
etzi ala gero”,
lizentzia larregi
darabilgun edo.

Gero arau barritan
egin behar arraun,
euskerak berak dauka
horrenbeste itaun;
Bazkaltzaindi... parkatu,
Euskaltzaindiko jaun:
Bizirik nago baina,
ai, belaunez belaun,
hainbeste urratugaz
ezin dot biziraun!

Bizkaierarako be
ez gara kaltea,
normaldu gura bada
gure berbetea.
Hasi bedi kantetan
hor gazte jentea;
bideak esan daian
“soka” ala “sokea”,
ezinbestekoa da
bidea egitea.

Pakea emon daiodan
nire erroteari,
dana ez dalako gaur
ehotzeko gari.
Ez dakit itxi dodan
zer edo zer argi...
Ni datorren astean,
zain naukazu Xabi,
gustura leiduko dot
Bertsotzaindia II.

Eskualdeetako hiru txapel buruan

Aurreko asteburuetan Gernikan, Muskizen eta Zeanurin izandako saioen ostean, hiru txapel banatu dira Eskualdeetako Txapelketetan: Anertz Muniategi da Busturialdeko txapelduna bigarren aldiz, Jokin Castaños Enkarterriko lehenengo txapelduna, eta Arratiako txapela Eñaut Intxaurragak jantzi dau. Honeek hirurak, Gorka Ostolaza Lea-Artibaiko txapeldunagaz batera, Bizkaiko Txapelketarako sailkatu dira eta falta diran hiru eskuladeetako finalen ostean erabagiko da zeintzuk jarraituko daben euren bidea.

Datorren asteburuan bi saio izango dira: Bilboaldeko Txapelketaren finala maiatzaren 21ean jokatuko da Basauriko Ibaigane Kultur Aretoan, 19:30etan; maiatzaren 22an Ipar Uribeko Txapelketaren finala, Getxoko Andres Isasi Musika Eskolan, 19:00etan. Han izango da gure bertsotzain (ponp)osoa be. Suerte on.

Iñaki Aurrekoetxea

Doinua: “Espainian behera”

Bertsoa ta hizkuntza
batera sakuan,
formal ete dabizan
ala pekatuan...
Honezkero sartuta
Payaren barkuan,
teoria praxiaz
lotzeko kontuan,
hor doa eretxia
berbaldi neurtuan.

“Hau zer dabil?” dinozun
irakurleari:
azken artikulua
da honen atari.
Aurrekoan polito
aritu zan Xabi,
adierazo gurean,
nik ulertu hori,
zer zor deutson bertsoak
gure hizkuntzari.