Joane Somarriba, ‘Euskal Herritar Unibersala’
Aurtengoa VII. edizinoa izan da, eta aurreko edizinoetan Laboa Monsinorea, Eduardo Txillida, Donostiako Orfeoia, Jorge Oteiza, Pedro Miguel Etxenike, Juan Oiarzabal, Jon Sobrino, Pablo Mandazen (Gines anaia), Xabier de Irala, Ainhoa Arteta eta Martin Ugalde saritu dabez. Sarituak epaimahai bidez aukeratzen dira, eta aurretik Euskal Etxeek eta alkarte batzuk izentetan dabez proposamenak (aurten 28 egon dira).
Saria jaso baino lehenago (urriaren 6an emongo deutse Gasteizen, Lehendakaritzearen egoitzan) Somarribak badauka laster ‘unibersaltasun’ hori praktikan ipinteko aukerea, izan be, Atenasera egingo dau osteratxoa abuztuan, bertan Joko Olinpikoak ospatzen dira aurten eta. Ganera, handik etorri eta segiduan joango da txirrindulari bizkaitarra Munduko Txapelketara, irailean. Badauka, beraz, zeregin nahikoa, eta orain arte legez segiduten badau, garaipen asko eukiko doguz ospatzeko.
Pozik dago Somarriba ‘Euskal Herritar Unibersala’ sariagaz. Zorionak Joane!
Saioa Torre Gereketa
Oraintsu jakin dogu Eusko Jaurlaritzako Kanpo Harremanetarako Idazkaritza Nagusiaren eta Euskadiko Kutxaren ekinbidez sortutako ‘Euskal Herritar Unibersala’ saria txirrindulari bizkaitarrarentzat izango dala.
Sariaren helburu nagusia Euskadiren irudia gure mugetatik kanpo zabaldu daben personak, enpresak eta alkarteak aintzat hartzea da. Personen artean, Joane Somarribak zeresan handia dauka, izan be, Frantziako hiru Tour (2000-2001 eta 2003koak), eta Italiako bi Giro (1999 eta 2001ekoak) irabazi dauz, baita mundu mailako txapelketa bat be. Jaurlaritzeak Joaneren ibilbide profesionala eta personala saritu gura izan dauz, baita bizkaitarrak mundu osoan zehar euskaldunon izen ona zabaltzeagaitik eskerrak emon be. Ganera, Euskal Herriko txirrindularitzearen familia osotzen daben danentzat be badala saria gogoratu dabe, babesleakaz eta afizinoagaz batera.