Kulturea  III. urtea // 58. zenbakia

La España metafísica...


Ramón Menéndez Pidal espainiar filologorik garrantzitsuena dala esan daiteke, XX. Mendeko Espainiako intelektualik inportanteenetariko bat. 1926 eta 1969 bitartean, Real Academia Española de la Lengua-ko burua izan zan, 1939-1947 tartean izan ezik. Halaber, Euskaltzaindiako euskaltzain ohorezko izan zaen. “Filologiako Espainiar Eskola” deitutakoaren sortzaile eta gidaria izan zaen. Dozenaka liburu eta ehunka artikulu zientifiko sortu eban, filologiaz, hizkuntzalaritzaz eta historiaz.

Bizkaie!

'La España metafísica: lectura crítica del pensamiento de Ramón Menéndez Pidal (1891 – 1936)' izeneko liburua Pruden Gartziaren doktorego tesiaren bersinoa da. Liburua Euskaltzaindiaren Iker bildumaren 16. alea da eta Euskal Herriko Unibersidadearen eta Akademiaren arteko hitzarmenari esker argitaratu da.

Zertaz ari gara espainiar nazionalismoaz ari garanean? Funtsean, galdera honi erantzuna topau gura izan deutso Pruden Gartziak, Menéndez Pidal hizkuntzalari eta ikertzaileak horren ganean idatzitakoari helduta. Izan be, egilearen ustez, Menéndez Pidal da espainiar nazionalismo modernoaren formulatzaile nagusietako bat. Tesian ideia hori azaltzen saiatzen da, espainiar nazionalismoa bost tesi nagusitan deskribiduz: “Pidalen teoriek gaur egungo testuinguruan daben baliogarritasuna gorabehera, Espainiaz zer esan eban zehaztu gura izan dot, bere logikearen barruan kokatuta”.

Hortaz, espaniar intelektual garrantzitsu baten idazlanen irakurketa kritikoa aurkeztu dau. “Espainiar nazionalismoa ez da berez faxista edo eskuindarra, baizik eta bersino liberalak, demokratikoak edo ezkertiarrak izan leikez. Menéndez Pidal horren adibide bat da".

Egitureari jagokonez, ildo nagusi bi bereiztu daitekez. Batetik, Menendez Pidalen ikerketa filologiko eta historikoak izan ditu langai. Bestetik, hizkuntzazko eta soziolingustikazko azterketak jorratu ditu.

Pruden Gartziak 2002an irakurri eban bere tesia, Madrileko Unibersidade Autonomoan. Epaimahaian historialari eta filologo entzutetsuak egon ziran: Miguel Artola, Santos Julia, Jose Alvarez Junco, Jose Portolés eta Javier Pérez Núñez. Tesiaren kalifikazinoa bikain cum laude izan zan aho batez.

Pruden Gartzia Euskaltzaindiaren Azkue Bibliotekako zuzendaria da. Historia ikasketak eginak ditu. Udako Euskal Unibersidadea (UEU) alkartearen eta Joana Albret Bibliotekonomia Mintegiaren kidea da.