Gizonezkoentzako gonea modan
- Zuzendaria: Wolfgang Petersen.
- Gidoia: David Benioff.
- Antzezleak: Brad Pitt, Orlando Bloom, Eric Bana, Diane Kruger, Sean Bean, Brian Cox, Peter O'Toole, Brendan Gleeson eta Saffron Burrows.
- Iraupena: 165 minutu.
Brad Pittek gizonezkoentzako gonea ipini gura dau modan. Horixe esan eban aurreko asteko martitzenean “Troia” filmaren mundu aurkezpena egiteko aukeratutako urian, Berlinen. Ez dakigu hori jadetsiko dauan ala ez, baina, antza danez, ikuskizuna bermatuta dago filmak irauten dauan hiru ordu luzeetan.
Izan be, Homeroren epopeia klasiko honetan Helana eta Parisen arteko maitasun grinatsuak Pandoraren kutxea zabalduko dau, ikusleek era guztietako sentimentuen amaraunean sartu daitezan: zeloak, ohorea, mendekua, arinkeria, mitologia, ospea, handigurea, harrokeria... Horreek guztiorreek izango dira greziar eta troiarren arteko burrukea bilbatuko daben ardatzak. Baina, batez be, gatazka odoltsu honen epikotasuna ikusi ahal izango da; izan be, aurreratu deuskuenaren arioan, pelikulea xehetasun guztiakaz filmau da. Drama klasikoa gustau ez arren, burruka koreografiatuak, ordenagailuz egindako ejerzitoak, dekoraduak eta Troiako hondartzetara ailegauko dan flota ikaragarria ikusi ahal izango doguz.
Pitt-en eraldaketea
Akilesen narruan sartzeko, Brad Pitt-ek kilo batzuk hartu, giharrak sendotu eta beharrezko burruka teknikak ikasi behar izan dauz; personaia preparetako, sei hilabete behar izan dauz eta horreetariko hiru, ezpatea erabilten trebatzeko.
Pitt-ek heroiaren rola beteko dau, baina, tamaina honetako superprodukzino batek arrakastea euki daian, antzezle zerrenda bikain eta ezaguna behar da. Gauzak holan, Orlando Bloom-ek Paris-en papera antzeztuko dau eta Diane Kruger alemanak Helenarena. Eric Bana-k Parisen anaia dan Hektorrena egingo dau; Peter O’Toole legendarioa Priamo izango da, anaia bien aita; Brian Cox, Agamenon; Sean Bean Ulises eta Julie Christie Akilesen ama, Tetis.
Orain zinemara joan eta agindutakoak benetan merezi dauan ikustea besterik ez da falta.