Eretxia  III. urtea // 58. zenbakia

Argazki horreen ondorioak


Demokrazia eta giza eskubideak ezarri gura ebezan Iraken. Edo hori esan euskuen, behintzat. Orain arte euki dogun itxaropen apurra ezerezean geratu da tratu txar eta torturen ganeko argazki gordin horreek ikusita. Gure herrian aspalditik jakin izan dogu estadu baten kalidade demokratikoa, besteak beste, kartzelatan neurtzen dala. Mendebaldeko herriek ez dabe Iraken ejenplurik onena emon, hain zuzen.

Irakeko kartzelatan presoak soldadu estadubatuarren jostailu bihurtuta ikusi doguz. Giza duintasun osoa galduarazo dabe. Ganera, artikulu hau idazten nagoan bitartean entzun dot komunikabideetan ez doguzala irudirik gogorrenak ikusi oraindino. Ez dot pentsau gura zer agertuko dan irudi horreetan. Eta ez dot pentsau gura zer pasetan dan munduko begietatik horren urrun dagoan Guantanamoko kartzelan, edo konzentrazino eremua esan beharko geunke?

Sinistu gura dot honek guztionek ondorio politikoak izango dituala, sinistu gura dot nahikoa inozentea nazalako. Aznar espainiarragaz pasau zan legez, Azoreseko argazki haretan agertu ziran mandatariek gerra honetan egindako barrabaskeriak larrutik pagauko dabez. Eta zelan pagau? Ba, politiko bati min gehien egiten deutsonagaz: hauteskundeak galduta hain zuzen. Udagoien honetan George Bush barriro aukeratua izango ete da?. Ala Irakeko gerrea bere galbidea izango ete da? Amen.

IƱaki Atxutegi

Ez da erreza eretxi lasaiak emotea Irakeko kartzelatan hartutako argazkiak ikusi eta gero. Irudiok munduari bueltea emon ta gero, ez da bape erosoa Estadu Batuetako gobernuaren egoerea eta guri ez jaku bape gorputz onik geratu.

Irakeko gerrea hasi zanean bat baino gehiago ziran orduan ekintzeari laguntzeko emondako arrazoiak. Arrazoi horreek ustelak dirala begibistan dago. Arrazoiak baino atxakiak ziran esandako guztiak.

George Bush eta bere aliatuek esandakoaren kontra, ez dabe topau suntsipen handiko armarik. Horrezaz gan, Ekialde Hurreko egonkortasuna pikutara joan da. Sadam Hussein diktadorea boterean ez badago be, nekez esan leiteke pakea Irakera heldu danik. Inguruko estaduak be bildur dira ez ete dan desegonkortasuna euren eremura be zabalduko.

Ez dago jakiterik Al-Qaeda lehen baino indartsuago dagoan ala ez, holako erakundeak ilunak dira eta. Esan leiteke, ostera, Irak mundu musulmanean erreferente bihurtu dabela aliatuek. Guzurra emoten dau ustez laikoa zan Irakeko estaduan erakunde erlijiosoak "urrea" atara izatea egoera nahasi horretatik.