Txutxu-mutxuan  III. urtea // 58. zenbakia

Hazia urtzen dauan errekea


Araztegien lana

Araztegiek ez ete dabe lur eta txorrotetara heltzen dan ura tratau eta garbitzen? Aurki, plastiko, teila eta beste produktu askoren fabrikazinoan erabilten diran bifenilo plorikloratu arriskutsuak ez dira hain errez desagertzen. Izan be, koipetan metatzen dira, esate baterako esnearen, okelearen edo arrainen koipeetan; ganera, arrak emetzeaz ganera, gizonezkoen testikuluetan malformazinoak sortu eragiten dabez.

Urtenbidea, dana dala, Kataluniako Vallés herrian egon leiteke. Hor martxan ipini da medikamentuak eta pestizidak iragazteko gauza dan araztegi barri bat. Ingurumen eta Kimika arloko Ikerketa Institutuko ikerlariek Katalunia osora zabaldu gura dabe esperientzia hori; izan be, sexu aldaketak albo batera itxita, erreketako zabor kimikoa ez da errez igarten eta are gatxagoa izaten da garbitzea.

Antisorgailuak

Beste hipotesi bat etxeetako komunetan dago. Llobregateko arrainetan topaturiko sexu aldakuntzak ez dira kimika, ehun edo narru arloko enpresen isurketearen ondorio hutsa. Kataluniako zientzialariek etxe guztietako puntu baltzetara be begiratu gura izan dabe. Izan be, komun zulotik gernutik urtendako makina bat hormona femeninok hartzen dau erreketarako bidea. Horreek guztiak, batez be, menopausiaren tratamentuetan eta antisorgailuetan topetan dira. Froga modura ikusi dabe biztanle gitxiagoko udalerrietan estrogeno eta progestageno mailak txikiagoak dirala.

Mendebaldeko Europan 15etik 45 urtera bitarteko andrazkoen % 20 inguruk pilula ospetsuak erabilten dabez jaiotza-tasea kontroletako baliabide modura. Beraz, ez dau emoten arazo honek konponbide argirik daukanik, leku guzti-guztietan substantzia horreek guztiak tratetako behar dan moduko araztegirik ipinten ez bada.

Begiluzea

Kataluniako Llobregateko kutsadura hormonalak azaldu leike katalanen haziaren kalidade txarra. Hipotesia baino ez da, baina azterlan bik jo dabe alarmea, faunan behar baino anomalia edo irregulartasun gehiago topetan hasi diralako. Arrain arrak, esate baterako, eme bihurtzen hasi dira.

Karpa arrak eme bihurtzen hasiak

Bizia uretan eta itsasoan sortu ei zan. Orain, Bartzelonako eta inguruko iturrietara heltzen diran Llobregateko urak karpa arrak trabestitzeko baizen kutsatuta dagozala emoten dau. Bartzelonako Ikerketa Zientifikoetako Kontseilu Nagusiaren Sail Kimikoaren zientzialariek egindako ikerlan batek alarmea jo eta katalanen haziaren kalidade txarraren inguruko argibideak be emon leikez.

Azterlanean disruptore endokrinoak aitatzen dira, hau da, fabrika nahiz etxeetatik urtendako substantzia kimikoak (500etik 1.000ra bitartean), dosi txiker-txikerretan eta urte batzuetako epean arrainen sexualidadea aldatu eta euren genitaletan anormaltasunak sortzeko gauza diranak.

Llobregateko urak hormonez eta produktu kaltegarriez ganezka abiatzen dira. Topau diran azken substantziarik kaltegarrienak alkilfenoleak dira, plastiko, detergente edo espermizidetan erabilten diranak. Antza danez, berezko hormonen lekua hartu eta organismoa emetu egiten dabe.

Gero eta ar gitxiago?

Bartzelonako eta inguruko gizonezkoek estaduko hazirik txarrena daukie. Damià Barceló ikerlariaren esanetan, hipotesi modura ez dabe baztertzen Llobregateko urek errurik handiena eukitea. Izan be, erreka honek Bartzelona, Manresa, Igualada, Calaf eta beste udalerri askotako urak hornitzen dauz.

Ez da guztiz frogaturiko ondorioa, baina bai nahiko susmo argia. Kutsagarriek daborduko aldakuntza harrigarriak sortu eragin dabez faunaren sexuan. Orain ikerlan zehatzagoak egin behar dira gizakiei ekarritako ondorioen ganean. Gauza bat argi dago: bizi garan inguruetako errekak ezin dira hormonen, itsasgarrien, tinten edo medikamentuen sastarrontzi bihurtu.