Barriketan  I. urtea // 5. zenbakia - 2002ko garagarrilaren 1a - Hamaboskaria

Ander Manterola (Labayru): bizkaierearen prestigioa ukatzen dauena ezjakina da

Ander Manterola, Labayru Ikastegiko Buruagaz berba egitea beti izaten da sano atsegina, eta oraingo honetan be gustura jesarri gara mahai baten inguruan Labayru Ikastegiaren ibilbidea errepasetako.

1. Ezer baino lehenago, zorionak eta ez daitela zuon jardunean etenik egon, guztion onerako izango da eta. Ikastegia ekimen pribatuz 1970ean sortu zanetik hona behar handia egin dozue, baina egitekoak oraindino be asko izango dira

Bai, hori egia da. Egin ahala eginbeharra nagusitu egiten da, hau da, ezer egiten ez dauenak ez dauka zereginik, baina, esparru guztietan legez, beharra egin edo aurreratu ahala, ikuspegiak zabaldu egiten dira, eta jakina, eginbeharrak be metatu egiten dira.

2. Udako Euskal Ikastaroak martxan jartea izan zan Ikastegiaren lehenengo beharra. Zelan gogoratzen ditu momentu hareek Ander Manterolak?

Antxinako denporak gogoratzea umezaroa gogoratzea lakoa da, eta umezaroko gomutak izaten dira gehienetan gozoenak. Gure ikastaroen umezaroan 22 ikasle izan genduzan, zehatzago esateko ni neu be ikasle izan nintzan; irakasleak, Karmelo Etxenagusia, gaur egun Gotzain Laguntzailea Bilbon eta Mikel Zarate; dana dala, laguntzaileak asko izan ziran, tartean Gotzon Zugazaga eta ni neu. Ikasleak, barriz, 22 eta horreetatik 20 abadeak ziran eta beste biak mojak. Ikastaroa labur-laburra izan zan, astebetekoa hain zuzen be; egia esan, aprobako ikastaroa izan zan, hau da, ez geunkan oraindino liburu eginik, idatzirik eta apunteak baino ez genduzan erabilten. Azalpenak eta ikasketak batera egiten ziran, ordu biko saio luzeak, literatura, aditza, morfologia eta bestelako gai batzuk landuz. Ikastaro praktikoak ziran astelehenetik zapatura; zapatuan, bazkalaurrean ebaluazino antzekoa egin eta danok be oso pozik urten genduan. Danok ginan euskaldunak, baina gehienok ez genduan izan aukerarik gure ikasketetan euskerea ikasteko, eta orduan askok eta askok bide bat ikusi eben han geure euskera ederrean sakontzeko, irakurteko, aztertzeko; hasierako ikastaro harek bidea urratu eban. 'Hasiak egina dirudi eta eginak urregorri' dakar esakera zaharrak, eta nik esango neuke gauza guztiek hasikera ona izan ezkero, gehiena eginda dagoala. Sarritan egoten naz pentsetan, ume batek seintzaro zoriontsua bizi izan badau, gero hori umeori gazte eta gizon dala be zoriontsua izango dala, edo zorionerako bidearen zati bat eginda izango dauela behintzat. Udako Euskal Ikastaroen hasikerea, beraz, ederra eta gozoa izan zan eta hortik aurrera ikastaroak zabaldu egin ziran; lehenengo etorri ziranak andereƱoak izan ziran, jakituriagaz baino gehiago borondateagaz; gogoan izan, ikastolak be hasibarri egozala. Kontuak kontu, bizkaierea ikurtzat barik metodotzat hartu genduan, gure euskerea bizkaierea zan eta ez geunkan bizkaierea baztertzeko, ez, erabilteko eta sakontzeko baino.

3. Labayru Ikastegia Derioko Seminarioan sortu zan; gaur egun, barriz, zelan dagoz Ikastegiaren eta Eleizearen arteko hartu-emonak?

Urteakaz sendotzen joan dira hartu-emonak. Eleizeak, gehienbat, ikuspegi zabala dauka, esperientzia handikoa da eta lekuan lekukoa izan behar dau; beraz, Euskal Herrian euskaldun. Eleizeak izan behar dau Bizkaian bizkaitar eta Arratian arratiar. Horixe da Eleizearen izatea, Jaungoikoa bera gizon egin zanean ez zan gizon unibersal egin, lekuan lekuko gizon baino, judutar gizona; hori beragan dauka eta Kontziliotik hona, ganera, behar hori sendotu egin da. Gu Eleizearen erakunde bat gara, baina autonomiadun erakundea, diru aldetik gu geu baliatzen garan arren, jakina, Eleizearen mezuagaz bat egiten dogu.

4. Azkeneko 25 urteotan, makina bat jente ibili da beharrean Labayrun edo Labayruren inguruan, Joxe Miel Barandiaran tarteko. Orain be lantalde polita egongo da zuenean?

Joxe Miel Barandiaran aitatu dozu eta zehaztu behar dot ez zala gure behargina izan. Gure maisua izan zan, batez be etnografiaren arloan. Hirurogeita hamarreko hamarkadaren hasikeratik 80kora bitartean, ia hilero etorten zan geurera, beti zapatuz, eta egun osoa egiten eban gure artean, hementxe bibliotekan; hor emoten euskuzan irakaspenak, baina alkarrizketa legez, ze ez zan gauza formala izaten, eta zelan ikertu, notak zelan hartu, zer itaundu behar dan, zer zan garrantzitsuena eta halako gauzak azaltzen euskuzan. Zor handia deutsagu Barandiarani. Lantaldeari jagokonez, kasu gehienetan legez, jente gitxigaz hasi ginan, eta 1977an Labayruk ez eukan inor bere plantilan; geroago, laguntzaileak, idazkaria eta beste behargin batzuk sartu ziran. Gaur egun, Labayru Ikastegiak plantilan 60 bat lagun izango ditu, baina laguntzaileak edo kolaboratzaileak kontuan hartuta 120tik gora izango gara.


5. 'Dakigunetik ez dakigunera', 'Euskera bizitik euskera idatzira' eta 'Bizkaieratik batura' Labayruren lema ezagunak dira, baina bizkaierearen lekua zein da?

Lekurik behinena, jakina. Nik ez dakit nondik etorri jakezan ideia horreek, baina batzuek uste dabe euskera batua eta bizkaierea guztiz diferenteak dirala, eta beste batzuk, ostera, bizkaierea erdi euskerea dala. Nik pentsetan dot bizkaierea sakontzen badozu eta bizkaierea ondo ikasten badozu, ikasi ahala, euskera batua be ikasiko dozula. Bizkaierea euskerea da, hori ez dago ukatzerik. Euskera batuak baditu bere berezitasunak, baina horrenbeste be ez dira; hori ikastea askozaz errazagoa da euskerea bera ikastea baino. Lehen be esan deutsut bizkaierea metodotzat hartu dogula guk eta, beraz, bizkaierearen arlo guztiak morfologia, joskera, sintaxia, literatura eta bestelakoetan sakontzen badogu, era berean egiten gara gai beste euskalki guztiak ulertzeko eta euskera batura salto egiteko. Ez dot uste Bizkaian euskera batuaren alde Labayruk beste jokatu dauen erakunderik dagoanik, baina beti be bizkaierea oinarritzat hartuta.

6. Bizkaierearen prestigioari jagokonez, zelan ikusi dau eboluzinoa Labayruko Buruak?

Bizkaierearen prestigioa ukatzen dauena ezjakina da. Mogel, Etxeita, Santi Onaindia, Lauaxeta eta beste asko bazterrean itxi behar doguz ala?. Euskera onak beti eukiko dau prestigioa: bizkaiera onak prestigioa dauka eta bizkaiera txarrak edo sasibizkaiereak ez dauka ezelako indarrik. Batuagaz be bardin, euskara batu ona eta txarra bereiztu behar doguz. Prestigioa hizkuntzan bertan dago, zelan erabili, ze gozotasunez josi, ze irudiz hornidu, hori da euskerea, eta horregaitik dagoz bizkaiera zoragarriak eta batu negargarriak. Mitxelenak esaten eban: 'hor dabil erdera bat euskeraz jantzita'; hor dago gakoa, arra. Bizkaierea bizitzatik dator eta bizirik dago, bizkaierea ez da ikasten eskoletan edo ikastoletan; bizkaierea bizitzan ikasten dozu, amari titia hartzen deutsazun artean edo barrabaskeriak egiten dozuzan artean. Hizkuntza bat bizitzan ez bada ikasten, artifizialtasun kutsua hartuko dau seguru. Askok zaindu dabe euren euskerea inoren laguntzino barik, euren bizitzea, euren izakerea izan dalako, eta gu zelan joango gara izakera baten kontra ba?; galduko ete diran bildurrez, azkeneko karramarroak jagoten gabiz, eta hizkuntza bera zer, ez da balio handia hori ala?; horrek ez dau esan gura, herri bat garan ezkero, batasunaren alde jokatu behar ez dogunik, baina batasun hori prozesu normal baten barruan egin behar da derrigor; nire ama 90 urtetik gora egon zan bizkaieraz berbetan, eta ez da logikoa erregistroa egun batetik bestera aldatzea, injustizia argia izango litzateke ganera-eta.


7. Bizkaiereak estandarizazino eta baterakuntza premina larria dauka. Zeregin horretan be jarri dau bere garaua Labayruk eta oraintsu Bizkai Euskeraren Jarraibide Liburua plazaratu dau; bazan ordua baten batek ardura hori hartzeko

Jakina. Guk 30 bat urte daroaguz bizkaierea eta euskerea lantzen. Aitatu dozun liburu horretan bizkaieraz zuzen idazteko arauak emoten dira, baina, lagun batek esan eustanez, liburu hau oso baliagarria da euskeraz ondo idazteko be, bizkaierea oinarritzat hartuta. Bizkaieraz ondo idatzitakoa lapurtar batek be aituko dau seguru, eta sarri askotan sasibatuaz idatzitakoa baino errazago. Euskal pentsakereagaz, barru-barrutik, senagaz idazten badozu, errezagoa izango da beste euskalkietara edo batura saltoa egitea. Liburu hau behar-beharrezkoa zan, besteak beste, baten batzuei erakusteko bizkaierea ez dala txatxarkeria, bizkaiereak badaukala bere eredua, badaukazala bere fonetika arauak, morfologia eta literaturea; ideia antxinakoa izan arren, oraintsu gauzatu da Adolfo Arejitaren eraginez, laguntzaile askoren beharragaz eta Bizkaiko Foru Aldundiaren aginduz.

8. Bizkaierea ikastoletan edo ikastetxeetan emotea derrigorra da?

Bai horixe. Eskoletan, Arratiako eskola baten, berbarako, nondik hasten gara gu mendiak ikasten? Himalaya, Mont Blanc eta bestelakoak ikasten doguz ala lehenengo Gorbea, Lekanda eta gure ingurukoak? Hizkuntza bera ikasten be nondik hasiko gara? Hurreko eredutik ala urrunekotik? Amak erabilten dauenetik ala amak erabilten ez dauenetik? Kasu guztietan zentzunez jokatu behar dogu: beste disziplina batzuetan hurren dogunetik hasten bagara, hasi gaitezan hizkuntzan be hurrekotik.

9. Euskera batuari artifizialtasuna leporatu izan deutsie eta Euskaltzaindiari zaharkituta dagoala. Zer dino horren ganean Ander Manterolak?

Euskera batuarena lehen be aitatu deutsut, euskera batua beharrezkoa dala, baina euskera batu ona. Latinez be esaten da: 'distinge tempora et concordabis iura'; izan be, administrazinorako, zientziarako eta legeriarako beharrezkoa da batua; ezin geintekez ibili hizkuntzak goi mailaratzen ez badira baturatzen, ze muturretara jotea beti izaten da kaltegarria. Bakotxak bere lekua dauka eta batua beharrezkoa da Euskal Herri osorako danean, baina euskera batu ulerterreza, eta ez soila eta arraroa. Argi dinotsut, euskerea hizkuntza bat da, baditu bere aldaera eta berezitasunak, baina bat da, eta hizkuntza nazional legez behar-beharrezkoa da euskera batua. Erabilerearena beste kontu bat da. Zelan hasiko gara gu orain umeei, txakurrei edo ardiei batuaz egiten? Zer da hau?

Beste alde batetik, Euskaltzaindiak badauka bere zeregina, eta oso ondo beteten dauela esango neuke. Eredu batzuk finkatu ditu, eta azken baten Euskaltzaindiak ez dau horrenbeste agindu, batzuek esaten daben lez; ganera, lexikoa ez dau baztertu. Kritiketan hasi baino lehen, zehatz-mehatz irakurri behar da Euskaltzaindiak dinoana.

10. Euskal Atlas Etnografikoa Labayruren amaiera jakinik bako beharra da; oso oker ez bagagoz, orain seigarrenaren bila zoaze?

Bai. Ikerlanean 20 bat urte eta idazten hamabi urte daroaguz. Orain arte bost atara doguz, azkena, 'abeltzantza eta artzaintza', eta seigarrena aurten argitaratuko dogu. Liburu lodi-lodiak dira, mila orri ingurukoak, eta zutabe bitan bananduta. Euskeraz, gaztelaniaz eta frantsesez idatzita dagoz, baina egia da gehiago dagozala gaztelaniaz idatzita, batez be euskereak oraindino zirkulazino gitxi daukalako gure herritik kanpo. Kontuan hartu Euskal Herri osoko datuak jasoten doguzala eta herri asko erdaldunak dirala; Atlas honeek Katalunia, Madril, Salamanca eta Frantziako leku batzuetan be zabaltzen doguz; ganera, gure artean danok be ez gara euskaldunak. Gauzak ondo badoaz, datozen 10 urteotan beste bost bat atarako doguz eta, era horretara, Atlasa ia-ia osotuta egongo da.

11. Euskal gaietarako erreferentzia ederra da Labayruren Euskal Bibliotekea eta bertan 50 mila aletik gorako ondarea dago; orain egun batzuk ganera, lokal barria bedeinkatu dozue. Irakasle, ikasle zein ikerlarientzako leku aproposa.

Bai, leku ona da eta jente askorik be ez da etorten, baina etorten diranak luzaroan egoten dira, eta gitxienez astebete-edo egiten dabe; ikerlariak, idazleak eta holakoak izaten dira gehienbat. Zerbitzu ona eskaintzen dogu eta, berbarako, gure ondarera bide elektronikotik ailegetako aukerea be eskaintzen dogu. Momentu honetan, 60 mila liburu-edo eukiko doguz, danak euskal gaien ganekoak. Dohaintza eta erosketa bidez, urtero 1.500-2.000 bat liburu sartzen da gure Bibliotekan.

12. Oraintsu Labayru Ikastegiaren Batzar Nagusian gauza asko zehaztuko zenduezan; baina, momentu honetan, zer darabil bueltaka buruan Ander Manterolak?

Aparteko konturik ez, martxan dagozan gaien jarraipena eta, batez be, geroa zelan atondu; edozelan be, esparru barriak zabaltzeko ahaleginak egiten gabilz: euskerea enpresen munduan, Internet...


13. Egunean zenbat ordu emoten ditu beharrean Ander Manterolak?

Asko. Lehenengo eta behin, nik abade beharra daukat eleizeak berak ezarri deustana eta, horregaitik lehenengo orduak horretan emoten dodaz, otoitz egiten, gaixoak bisitetan eta mezea esaten. Hortik aurrera, egunak emoten dauena, berandura arte egoten naz berton. Askotan astegoiena be beharrerako aprobetxetan dot.

14. Irakurteko zer gurago, euskal literaturea ala gaztelaniazkoa?

Ez dot literatura asko irakurten. Gehiago irakurten dodaz filosofia edo antropologiako liburuak eta horreek, gitxi batzuk kenduta, tamalez ez dagoz
euskeraz. Egunero irakurten dot eta orain hiru liburugaz nabil: Mircea Eliaderen 'La Busqueda', Paul Popard kardenalaren 'Felicidad y fe cristiana' eta Eusebio Erkiagaren 'Berbalauaren kulunkan'.

15. Noz edo noz oporrak hartzea be komenidu da. Oporretan etxetik hur ala Euskal Herritik kanpo hobeto?

Euskal Herrian, duda barik. Leku baketsuak dagoz gurean; Arratia leku ona da gero! Nire amak errotea eukan, leku zoragarria. Iparraldera joatea be gustetan jat eta uger egiten be joango gara itsas bazterrera; baina abuztura arte ez dago oporrik.

Koldo Isusi Zuazo