Kulturea  III. urtea // 58. zenbakia

Mikel Zarateren altxorra Sarean

Mikel Zarateren 11 liburu jaso ditu Susa argitaletxeak atondu dauan http://www.mikelzarate.com webguneak


Hurrengo pausuak

Ezustekorik ez bada, aurtengo abendurako, Durangoko Euskal Liburu eta Disko Azokarako Zorrizketan Euskera Alkarteak DVD bikoitza plazaratuko dau. Bego Vicario zinemagilearen ardurea izango da. Bego Vicarioren aita, Jose Mari Vicario, Mikel Zarateren laguna izan zan eta harek egindako argazkiak be agertuko dira lan horretan. Kontuak kontu, lehenengo diskoan aurtengo omenaldi ekitaldien ganeko dokumentala agertuko da eta bigarrenak, barriz, Zarateren liburu guztiak eta idazlearei buruz idatzi diran lan guztiak bilduko ditu.

Bizkaie!

Mikel Zarate idazle, euskaltzale, maisu eta abade lezamarraren heriotzearen 25. urteurrena dan honetan (aurtengo apirilaren 10ean, zapatu santuz, Mikel Zarateren heriotzearen 25. urteurrena bete zan), Zorrizketan Lezamako Euskera Alkarteak ekitaldi ugari antolatu ditu aurten, besteak beste, berbaldiak, mahai-inguruak, antzerkia, kontzertuak eta poesia errezitaldiak.

Urteurrena gogoan eukiteaz gan, Mikel Zarate idazlearen ekarria jaso eta zabaltzea be asmo nagusienetakoa izan da eta, esangura horretan, mikelzarate.com gordailu digitala abiarazo dau Susak, era horretara, belaunaldi barriek be Lezamako Mikel Zarateren lanak, poemak, alegiak zein nobelak ezagutu eta leidu dagiezan. Webgunearen aurkezpen ekitaldian, Ritxar Zarate, Mikelen anaiak omenaldiarengaitik eskerrak emon eta familia oso pozik dagoala adierazo eban, besteak beste, Mikelen bizitza eta literatur ondarea ezagutarazoteko oso lagungarria izango dalako Sarea.

Webguneak Zarateren 11 liburu jaso ditu osorik. Hiru poema liburu: 'Higidura berdez', 'Bizipenen bultzadaz' eta 'Etorriaren zorabioz'. Lau narrazino: 'Ipui antzeko', 'Ipuin antzeko alegi mingotsak', 'Utopiaren fantasian' eta 'Bilbo irribarrez'. Hiru saiakera: 'Bizkaiko euskal idazleak (1580-1968)', 'Euskal literatura: azterbideak, aztergaiak, azterketak', 'Euskal literatura II: azterbideak, aztergaiak, azterketak'. Nobela bakarra: 'Haurgintza minetan'.

Edozelan be, aurrerago sartuko dabez webgunean Zarateren 'Euskal deklinabidea eta euskal ortografia' zein 'Hizunigu' nobelea, oraindino inon argitaratu bakoa.

Gorago aitatutako ekitaldiez gan, hiru liburu eta disko bat argitaratu dira Mikel Zarateren omenez: alde batetik, Zarateren beraren 'Etorriaren zorabioz' poema liburuaren edizino berezia Jon Kortazarrek atondutakoa; bestetik, Juan Luis Goiekoetxea, Iskander Ojanguren eta Iñaki Aretxabaletaren 'Gure Mikel' eta, azkenik, Asier Bidart eta Aintzane Etxebarriaren 'Lezamako toponimia'. Diskoa, barriz, Gaizka Peñafielek atara dau hainbat musikariren kolaborazinoagaz, 'Ekidazu. Mikel Zarate 1933-1976' izenburukoa hain zuzen.