Ibon Koteron: 'kultura asko batu doguz albokeari arnasa barria emoteko'
Leon Bilbao eta Txilibrinen ereduak ondo gogoan hartuta, Ibon Koteron bilbotarrak indarbarritu egin dau lau mila urteko historia daukan musika tresnea, albokea hain zuzen be. Musika tresna zaharrak (txalapartea, albokea...) mendeetan zehar herriko ospakizun eta erritualetan beharrezkoak izan diralako heldu dira gureganaino eta, duda barik, musikari batzuk tresna horreen tinbrea, afinazinoa, estetikea eta bestelako berezitasunen aurrerakuntzan emondako pausuak be erabagiorrak izan dira.
Albokea, Euskal Herriko klarinete bikoitza, gure musika ondarearen katebegirik berezienetakoa dogu eta gaurkotzea nahitaezkoa da gitxienez beste lau mila urtetan bizirik egon daiten. Ahalegin horretan, beste pausu bat da 'Airea' Ibon Koteronen diskoa, soinu-bidaia baten proposamena, gure oroimenaren zugatz zaharretik loratzen dan kimu barria.
Kulturen buztarketea be esanguratsua izan da eta diskoan kolaborau dabenen zerrendea amaierarik bakoa: Gilles Chabenat. ETXAK, Iñaki Plaza & Ruben Isasi, Kepa Junkera, Roston Kuchichian, Heiki Syrjänen, Pekka Westerholm, Faltriqueira, Ruper Ordorika, Soledona eta Andrea Pisu.
1. Nondik nora sortu zan ideia hau, albokea bera protagonista nagusi dala diskoa sortzeko asmoa?
'Airea' da zeozelan Kepa Junkerak eta biok 96an egin genduan 'Leonen orroak' diskoaren jarraipena. Urte asko pasau dira baina bien bitartean ez gara geldi egon, mundu zoro honetan ganera egun batetik bestera aldatzen dira gauzak, gaur barria dana bihar zaharra izango da eta hori gauza guztietan igarten da. Musika arloan be eboluzinoa sekulakoa izan da, baita albokearen munduan be eta esan deutsudan legez, denpora horretan gu esperimentetan, gauza barriak probetan eta doinu barriak sortzen ibili gara. Diskoaren harian, orain pare bat urte edo Kepari esan neutson sasoia zala bigarren pausu bat emoteko albokearen barrikuntza bide horretan eta atoan hasi ginan beharrean. Haurdunaldi luzea izan da baina azkenean lortu dogu eta pozik geratu gara emoitzeagaz.
2. Diskoa ez da gaur egungo musika jokera nagusietan sartzen eta holako produktu bat plazaratzea ez da erreza 'world music' horretan ekarpen handia egin leiken arren...
Bai, nik uste dot world music horretan ondo kokatzen dala. Hau ez da lehenago folk musikatzat hartzen izan dana, 'Airea' diskoan gure erroa ikusten da argi eta kontzeptu aldetik musikeak indar handiagoa dauka; ganera, munduko leku askotako soinuakaz buztartu dogu albokea, besteak beste, Gilles Chabenaten zarrabeteagaz, Roston Cuchichianen dudukeagaz edo Iñaki Plaza eta Ruben Isasiren txalaparteagaz. Ahots bereziak be sartu doguz, korsikarrenak, Galiziako Faltriqueira taldeko kideenak eta abar; kultura asko batu dira albokeari arnasa barria emoteko.
3. Albokeari protagonismo osoa emonda, zelakoa izan da buztarketa prozesua ganerako musika tresnakaz?
Bueno, konsposizino danak albokarako dagoz eginda baina Kepa Junkera produktoreak eta Asier Ercilla produzino laguntzaileak tarte edo hutsune egokienak topau dabez ganerako musika tresnak sartzeko. Musika tresnak bata besteagaz josteko prozesuan, Kepa arin konturatu zan zarrabetea izan behar zala albokearen kontrapisua; ganera, 'Leonen orroak' diskoan eta Berrogüetogaz grabautako diskoan be aprobak eginda geunkazan eta pentsau baino arinago lortu genduan soinuen arteko fusino hori; egia esateko albokea eta zarrabetea oso ondo buztartzen dira eta abiapuntua horixe izan da. Hortik aurrera, txalapartea, bestelako perkusinoak, kartoizko tutuak eta Keparen inguruan esperimentetan dagozan soinu tresnak sartu doguz.
4. Musika tresna zaharra da albokea. Zeintzuk izan ziran zure lehenengo hartu-emonak albokeagaz?
Ikasten 20 bat urtegaz hasiko nintzan baina lehenagotik be ezagutzen neban Leon, Maurizia, Txilibrin eta Fasioren diskoei ezker. Arin maitemindu nintzan barru-barruraino sartzen dan albokearen soinuagaz eta, egun baten egunkarian leidu neban klaseak egozala Bilboko alboka, pandero eta txistu akademian. Buruari buelta larregi emon barik anaia eta biok joan ginan. Hiru bat hilabetetan jo ta fuego ibili ostean, maila polita hartu nebala uste dot, izan be, errepertorioa nahiko txikia zan, jota, porrusalda eta bersinoren bat edo beste. Pozarren ibili arren, gehiago behar neban, esperimentazinoaren bidea zabaldu jatan eta zeregin horretan pausu batzuk emon doguzala uste dot; erronka handia izan da eta disko hau ikerlan, sorkuntza eta produkzino sakonaren emoitza garbia, besterik ez da.
5. Albokearen jatorriari jagokonean, zer esan behar dozu?
Askotan entzungo zendun, albokea arabiarra dala baina izenarengaitik esaten da hori: al arabierazkoa eta buk edo buq, adarra hain zuzen be; ni prest nago onartzeko, akaso, izena arabiarra izan daitekela baina benetan ez dago ezelako frogarik albokea arabiarra dala esateko. Antzeko tresnak Arabian baino gehiago mediterraneoaren ekialdean dagoz eta gai honetaz asko ikertu dauan Baynesek esaten dau albokea eta antzeko soinu tresna honeek neolitikoan zabaldu zirala. Albokea arabiarra bazan, zergaitik geratu zan Euskal Herrian eta ez, ostera, Espainian?
Nik neuk Anthony Bainesen teoria horreri Barandiaranek dinoana gehitu deutsat, euskal mitologian agertzen diran aztarna arkeologikoen azalpenak gogoan hartuta; berbarako, azken jentilak non dagozan lurperatuta artzain batzuk baino ez dakie, jentilarrietan hain zuzen be leku horreetan bota ebelako euren burua. Toponimia, mitoak eta aztarna arkeologikoak bat datoz eta nik ikusi dot basajauna gizona baino kultuagoa zala, berak ezagutzen ebazan gariaren ganeko gorabehera guztiak, zerra zelan egin eta abar. San Martin Txikik, barriz, maltzurkeriaz lortzen dau Basajaunei gauzak kentzea. Kontuak kontu, albokea neolitikoan eratu bazan eta Colin Renfrew arkeologoak esaten dauan legez, indoeuropearrak burruken bitartez barik nekazaritzearen bitartez zabaldu zirala kontuan hartuta, nekazaritzeagaz batera albokea be indoeuroparrek ekarri ebela esango neuke. Hemen, gurean, aurre-indoeuropar batzuk (euskaldunek) jakin eben jakinduria zozelan bereganatzen eta segurutik nekazaritzagaz batera, albokea be Basajauni ostu geuntson...
6. Albokeak sei nota baino ez daukaz, musika tresna berezia da. Zeintzuk dira bere ezaugarri nagusiak?
Holan ikusita nahiko mugatua dala esan leiteke, sei notagaz ez egoan miraririk egiterik eta lehenagoko kantuak tonalidade berekoak izaten ziran. Erronkea hor egoan hain zuzen be, hain tresna murritzagaz aukera barriak topetea. Esangura horretan, 'Airea' diskoan esperimentu batzuk egin dodaz, besteak beste, sei nota horreetatik bat kenduta jotea; soinu desbardina ataraten da, ez dirudi modo txikia nagusia baino. Zeozelako muga horretan be badago grazia eta zeozer berezia transmitidu daitekela uste dot. Esperimentuakaz jarraituz, do naturala do sostenidora pasau dot, sol bat gehitu dot eskalaren azpian eta, jakina, aukera gehiago dagoz orain.
7. Diskoan albokearena da protagonismoa baina bertso ederrak be preparau dozuz...
Bai. Koplak eta bertsoak egin dodaz, batzuk aspaldikoak dira eta beste batzuk diskorako beren beregi sortutakoak. Zaharren artean, inspirazino politikoa, amodiozkoa dago baina oro har testu poetikoak dirala uste dot; ganera, lanbideagaitik, ukutu filosofikoa be (presokratikoak...) be igarten dala esango neuke.
8. Albokea gizarteratzeko ahaleginean, 'Airea' diskoa zuzenean aurkezteko asmorik badozu?
Bai. Kontzertuetarako be aukera barriak dagoz orain; lehen ezinezkoak ziran saio luzeak ze tinbre eta afinazino arazoak egozan. Zorionez, albokearen inguruan, material barriak be sortu dira, plastikozko ahoko piezak eta bestelakoak eta dagoeneko ordubete luzeko saioak egin daitekez desafinazino arazorik barik. Zuzenekoak preparetan berehala hasiko gara eta uda partean alboka doinuak zabalduko doguz herrietan.
IBON KOTERON
Bilbon sortua 1967an, alboka eta gaita ikasten 1987-88 ikasturtean hasi zan, baita berehala irakasten be.
Bere beharra nahitaezkoa izan da desagertzeko arriskuan egoan albokearen berpizkundean; azken albokari tradizionalek be onartu eben hori. Koteronen alboka eskolea indartsuenetakoa da eta Kepa Junkera soinulariagaz eginiko "Leonen Orroak" diskoa erreferentzia nagusi bihurtu da albokari barri gehienentzat. Azken albokari "zahar" handienek euren omena jaso eben Ibonek eta Kepak antolaturiko omenaldietan: Leon Bilbaok Artean, 1996an eta Txilibrinek Bilbon, 1998an.
Gaur egun alboka ikasbide multimedia batean dihardu, Bilboko Botikazar Institutuko Filosofiaren irakaskuntzeak denporea ixten deutson neurrian.
Artikuluak:
- Mahai-ingurua: "Mesa redonda (28-1-1998): La música tradicional en el Bilbao Metropolitano: Tendencias actuales", in Bidebarrieta: Anuario de Humanidades y Ciencias Sociales de Bilbao. III: 1998. Bilbao: Bidebarrieta Kulturgunea.
- "La alboka. Clarinete doble, tradicional de Euskal Herria (País Vasco)", Interfolk (1999:2).
- "Alboka", http://www.dantzak.com orrian (2001).
- Web orri oso bat albokaren inguruan: http://alboka.net (2001).
- "Digitació i Escala de l'Alboc", La Porra (Revista de cullina popular i tradicional), (# 20, May 2002).
- "Apuntes de filosofía del euskara", Euskalingua, (#2, May 2003), http://www.mendebalde.com
Grabazinoak:
Alboka eta panderoa:
- "Argi-azkorrian", Elai-Alai Musika Taldea, Portugalete, May 1989.
Albokea:
- Tapia ta Leturia: "Dultzemeneoa", 1992.
- Tomás San Miguel con Txalaparta: "Lezao", 1994.
- Ibon Koteron-Kepa Junkera: "Leonen Orroak", 1996
-Tomás San Miguel con Txalaparta: "Ten", 1998.
- Berrogüetto: "Mar de Albokan", in Renovart Documentary, 1998
- Kepa Junkera: "Bilbao 00:00", 1998.
- RUDOLSTADT-TFF 2001. (Loewnzahn/HeiDeck 2002).
Albokea eta gaitea:
- Theme for the "Boulevard Euskadi" Radio Program (Radio Euskadi), (September 1993.)
- Kepa Junkera: "Kalejira Al-buk", 1994.
- Them for "Durango Irratia" Radio, 1995.
- Hymn of Balmaseda Village in its VII centenary, in ÑKU. "Comedias y a lo loco", 1999.
- "Julián Romano, 100 años", 1999.
- Bilboko Konpartsak: "Aste nagusia 25 urte", (July 2002). (Alboka, gaita eta txirula..)
Gaitea:
- Orquesta Mondragón: "Memorias de una vaca", 1995.
- Kepa Junkera & Bilboko Konpartsak: "Mari Jaia", 1996.
Koldo Isusi Zuazo