Kulturea  III. urtea // 58. zenbakia

Bermeoko X. Arrain Azokea

Maiatzaren 21etik 23ra arte egingo da Bermeon Arrain Azokea


Azokearen eboluzinoa

Bermeoko Arrain Azokako lehenengo edizinoa 1994ko bagilaren 24an izan zan. Erakusketa postuei jagokenez, 18 partaide izan ziran, eta lau milioi pezetatik gorako aurrekontuagaz bideratu ziran jarduera danak.

Hasikeran antolatzaileek azokea bi urterik behin egiteko asmoa eukien, baina bigarren edizinoaren arrakastea kontuan hartuta, urtero antolatzea erabagi eben. Antolakuntzako iturrien arabera, Arrain Azokea ekimen barritzailea izan zan, herri mailan behintzat. Izan be, beste azoka mueta batzuk normalak ziran herri desbardinetan, nekazaritza edo artisautza azokak berbarako, baina arrainari lotutako azokarik ez egoan sasoi haretan.

Urteak pasau ostean, Arrain Azokeagaz batera, antolatzaileek herriko azpiegiturak jenteari ezagutarazoten hasi ziran (konserba lantegiak, nautika eskolea, Arrantzaleen Museoa, Kofradia...), eta honeri danari esker herriaren izena zabaldu egin da. Ganera, antolatzaileek azokeari esker asko ikasi dabela autortzen dabe.

Giro onean eta arrantzeagaz lotutako gaietan sartuta ibili gura badozue, asteburuan Bermeora hurreratu eta gozauko dozue bertan topauko dozuenagaz, seguru ganera.

Bizkaie!

Aurtengoa hamargarren edizinoa da eta berdelari zuzenduta egongo da. Aurreko edizinoetan legez, ganera, konsumitzaileentzat eskuliburu bat kaleratuko dabe antolatzaileek.

Edizino honetan Hegaluze Saria banatuko da. Sari hau Arrain Azoka Alkarteak emoten dau eta Itsuki Irrati bermeotarrak koordinetan dau. Hegaluze Sariagaz, 2003. urteko ekintza zehatzen bat edo persona, erakunde, alkarte zein entidaderen bat saritu gura da, Bermeoko herriaren izena zabaldu edo ospea emon deutsona edozein arlotan (kulturea, kirola, enpresa, gizartea, ekonomia...).

Urtero, sari hau emoteko, zazpi herritarrez osotutako epaimahai bat eratzen da, eta beronek erabagiten dau nor izango dan Hegaluze Sariaren irabazlea, hautagaitza desbardinetan agertzen diran datu danak kontuan hartuta. Ganera, epaimahai honek proposatzen dau nortzuk izango diran hurrengo edizinoko epaimahaiko kideak.

Orain arteko edizinoetan, honeek izan dira Hegaluze Saria eskuratu dabenak: Gaztelugatxeko Doniene Batzordea; Txo Hiesa alkarteko kide dan Josu Unanue; Antonio Karmona futbolaria; Bermeoko konserberak; Alkartasuna dantza taldea; Bermeoko futbol taldea; Bermeoko Arraun Alkartea eta Bermeoko Arrantzaleak.

Azken bi kolektibo horreek izan ziran Hegaluze sariaren irabazleak igaz. Herriko arrantzaleak ‘Prestige’ ontzia Galizian hondoratu zanetik joan dan urtean petrolioa euskal itsasertzera ez ailegetako egindako lanagaitik, eta Arraun Alkartea azken 29 urteotan herriaren izena kirol munduan zabaltzeagaitik.