Panda Software, Europan gehien hazten dagozan enpresetariko bat
Aitatutako tartean enpresa euskaldunak % 1.318 igo dau beharginen kopurua; aurten, ganera, 50 persona gehiago hasiko dira beharrean Pandarentzat. Datuak sekulakoak dira baina kontuan hartu 222 herrialde desbardinetan bezeroak daukazan enpresea dala eta normala be bada horrenbeste behargin eukitea. Bulegoei jagokenez, 47 herrialde desbardinetan daukazala esan geinke, berbarako Txinan, Polonian, Frantzian, Tailandian, Turkian, Perun, Danimarkan, Suedian... Luzerako joko leuke danak aitatzea baina azpimarratu gura neuke azken urtean Japon, Argentina, Korea eta Austria batu dirala ia akabuerarik bako zerrenda horretara.
Zifra altu honeekaz guztiakaz bati baino gehiagori etorriko jakon burura diruen kontua. Izan be, enpreseak ia imajinau ezineko fakturazinoa daukala jakiteko ez da asko pentsau behar. Pandak, baina, ez dau oraindino aurtengo datu ofizialik emon. Halan da be, jakinarazo daben legez, igaz aurreko 12 hilabeteetan baino % 48 gehiago fakturau eben. Zenbat izango ete da hori eurotan? Jente asko dago matematiketan inoiz abila izan ez dana, eta egia esan, kasu honetan behintzat, pozago biziko dira ezelako ariketa matematikorik egin barik.
Enpresa guztien helburua haztea izaten da, horrek irabaziak daukazala adierazoten daualako. Kasu honetan, baina, datu estadistiko hori baltzez jantzita datorrela esan geinke, hainbat etxeko ordenadoretan euren produktua instalauta egon arren, ‘sasser’ birusa sartu dalako. Beraz, pozik bai, baina lanean segidu beharko dabe, danon antzean.
Atxapunte
Izen kuriosoa birusen kontrako informatika-zerbitzua eskaintzen dauan enpresa batentzat. Gure artean birusei kontra egiteko gehien ezagutzen dan produktua dala esan geinke, eta GrowthPlus-ek kaleratu barri dauazan datuen arabera, Pandak gero eta indar handiagoa dauka Europa mailan. Izan be, aurten, hirugarren bider ganera, kontinente zaharrean azken sei urteotan gehien hazi diran 500 enpresen artean dago.