2003: Asiako Hego-ekialdeko ugarteak (IV)
Luzón
Ordubeteko hegaldian Visayas ugartea atzean itxi eta Legazpira (Gipuzkoakoa urrun geunkan) heldu ginan, Herrialdeko hego-ekialdeko ugarte handieneko herrira. Philippine Airlines konpainiaren hegazkina eta hegaldia bera zoragarriak izan ziran, aurreko esperientziagaz konparauta. Mayon sumendiaren magalean dago aireportua.
Eguraldiaren kapritxoak tarteko, Filipinetako mirari naturalik handiena dan sumendiaren kono perfektua ezin izan genduan ikusi eta sekulako desilusinoagaz Angeles aldera jo genduan, Manila iparraldeko herritxura hain zuzen. Hor Asiako Hego-ekialdeko prostituzinoaren barri izan genduan. Erakarpen larregi bako herritxu horretara mendebaldeko milaka herritar hurreratzen dira, batez be, Fields Avenue ospetsuan dagozan prostituzino-etxeetara. Umeak be nahastauta dagoz prostituzino sarean eta sexu-gehiegikeriak eguneroko ogia dira inguruan. Zur eta lur geratu ginan nahiz eta urteak daroadazan gaia ikertzen; lanbide ikuspegia erabili neban baina umeak era horretara erabilten dabezanei muturreko bat baino gehiago emoteko tentazinoa euki neban.
Eguraldi txarragaz Luzon iparraldea eta Banaueko terraza ezagunak bisitau ostean, Bilborako hegazkina hartuko genduan herrira joan ginan. Ehun egunetan geratu barik ibilteak nekea eragin euskun eta deskantsua hartzeko premina handia geunkan. Sumatran izan genduzan osasun arazoak, Timorreko azpiegitura eskasak, AEBetako marineen bromak eta argi-urratze zoragarriak ikusteko loari kendutako orduak erabagiorrak izan ziran. Loiuko aireportura noiz helduko zoratzen gengozan, senitartekoak eta lagunak besarkatzeko eta pil-pil erara preparautako makailaoa jateko eta, jakina, Manila zoroan amaiera bakoak egin jakuzan azken egunak. Ordurako ohituta gengozan lepoan eroan beharreko 15 kiloakaz, izerdiagaz eta garraiobide eskasakaz baina hegazkina hartzeko eguna, abenduaren 22a zenbat eta hurrago egon, orduan eta astiroago pasetan ziran minutuak. Beharbada horregaitik, aireportuko besarkada hori ia ez dot gogoratzen, oso arin pasau zan dana...
Testua eta argazkiak: Zigor Aldama
Bideoa (Manila): Demelsa Gonzalez
Asiako Hego-ekialdean zehar 100 egunetako abenturearen azken txanpan, Filipinetako esperientzia kontauko deutsuet; herrialde zoragarria da, milaka ugartez osotua eta bidaiarientzako makinatxu bat leku interesgarri eskaintzen dituana.
Ezer baino lehen autortuko dot: Asian zehar urteetan ibili ostean, hegazkinik zahar eta zikinena tokau jakun Indonesiako Sulawesi iparraldetik Filipinetako hegoaldeko Davao, Mindanaoko uriburura arteko bidea egiteko. Bali Air konpainiako HS 748 modeloko hegazkina ugerrak janda egoan leku askotan, jesarlekuak mobidu egiten ziran eta guk geuk, bidaiariok atondu behar izan genduzan; hori gitxi ez bada, sargoria sekulakoa zan; ganera, konpainia hori ez zan guk aukeratutakoa, gurea Bouraq zan eta txartela 90 eurotan erosi genduan; zerbitzua jakina ez etorren bat pagautakoagaz. Dana dala, gure kalamidadea ez zan hor amaitu, ze hegazkinean sartu aurretik zoratuta ibili ginan hara eta hona ze hegaldiaren ganeko informazinorik ez zan agiri aireportuko informazino pantailatan, atara kontuak!
Zorionez, pare bat orduko hegaldian bihotza saltoka, sutan euki ostean, Mindanaora heldu ginan, gobernu musulmana aldarrikatzen daben Abu Sayyaf lako talde gerrilleruen sarraskiengaitik ezaguna dan ugartera. Hori bai, tensino giro handia espero arren, ezustean lasaitasuna topau genduan. Espainiar kolonizazinoaren eragina ia-ia deagertuta dago baina oraindino leku izen eta kale izen batzuk agiri dira eta urietan ez galtzeko oso ondo dator.
Gauzak holan, Filipinetako ugarteagaz izandako lehen kontaktua nahikoa atsegina izan zan. Indonesiako garapen maileagaz konparauta ez dago zerikusirik eta herritarrak oso jatorrak dira; jateko kontuan, barriz, pikante, pipermin eta horreetatik iges egitea erreza da. Ganera, euroa indartsu dagoala kontuan hartuta, prezioak be pentsetan genduzanak baino bajuagoak izan ziran. Datu legez, personako eta eguneko 20 bat euro behar genduzan eta aurrekontu horretan sartzen ziran alogeran, txofer eta guzti hartzen genduzan kotxeak be.
Ugarte bakarra baina milaka erakarpen Bideoa (Manila)
Pozarren ibili ginan hasieratik baina Bohol ugartean itzel gozau genduan. Han topau genduzan 'Txokolatezko Mendiak'. Izen berezi horren arrazoia, uda partean ingurualdeak hartzen dauan marroi (txokolate) kolorea da hangoek esan euskuenez. Tarseroak be han ikusi genduzan, planetako tximinorik txikienak hain zuzen. Hortik aurrera, ugarteko herritarrakaz izan genduzan hartu-emonak be ez daukaguz ahaztuteko.
Barrualde osoa leopardoaren narru faltsuagaz forrauta eroian taxista batek inguruko edertasun guztiak erakutsi euskuzan; ingurualde turistikoa izanda eta bisitetako lekuak ugari izan arren, turistak ez dira gehiegi mobiduten eta gauza eder asko ikusi barik alde egiten dabe. Sekulako gorabeherak igarri genduzan: Tagbilaran uriburuan Mc Donald´s eta era horretakoak bazter guztietan dagoz eta mendi aldean, barriz, nezakaritzea da nagusi eta herritarrak biziraupenaz baino ez dira arduratzen.
Geroago, burukomin bat baino gehiago eragin euskun Filipinetako erdialdeko eta pazifiko ozeanora emoten daben Visayas isletan zeharreko gure ibilbidea planifiketeak. Kontuan hartu behar da ferryetan egin behar dirala ostera asko eta kasu askotan astero baino ez dirala egoten; horregaitik, aurretiaz dana ondo pentsetea nahitaezkoa da, gora begira, hurrengo ferryaren zain geratu gura ez badozu behintzat. Guk planifikazino zehatza egin genduan eta enkantu handiko Cebú, Siquijor eta Negros lako ugarte ederrak bisitau genduzan.