Sarean  I. urtea // 4. zenbakia - 2002ko bagilaren 15a - Hamaboskaria

Ordenagailu handiak eta txikiak

PDA (Personal Digital Assistent)


Laburzurrean, agenda elektroniko horreek gero eta hobeak dira eta ordenagailu 'handiak', danok ezagutzen eta erabilten doguzanak, laster txiki geratuko jakuz. Gauzak holan dirala, boltsikoan telefonoa daroagun moduan, laster agenda elektronikoak be erabiliko doguz seguru; teknologiaren abiadea geraezina da eta ez dago jakiterik nora helduko garan. Azken barrien arabera, Fujitsu konpainiak kamera digital sano txikia plazaratu dau PDA horreetan eta eskuko telefonoetan be jarteko (atzazal baten neurrikoa, 7,8 x 7 x 4 milimetrokoa gitxi gorabehera). Uste baino arinago ikusiko doguz gure PDA honeek, lehenengo momentuan agenda arruntak baziran be, web kamera eta guztizko ordenagailu modura, eta holan, beharbada, mahai ganeko ordenagailutzarrak baztertu eta patrikeran eroateko moduko ordenagailu indartsuak izango doguz gure eguneroko zereginei aurre egiteko.

Gotzon Plaza,
Informatikoa.

Gaurko teknologiaren ezaugarri nagusienetarikoa ondokoa da, duda barik: aldatzeko eta garatzeko dauen abiada handia. Bart goizaldean teknologiaren ikuspegitik barria eta zehatz barritzailea zan tramankulu horreetariko bat, gaur arratsalderako nahikoa zahartua-edo topauko dogu, eta ia ziur antzekoa baina askozaz be hobea dan beste elementuren bat izango doguna eskuragai.

Informazinoaren teknologiaren garapena eta aurrerapausuak oso arin datoz, eta honen adibide bat baino ez dogu emongo. Errepasau daigun ordenagailuen historiaren atalen bat. Gaur egun, jente askok, eta batez be gazteenek pentsetan dabe ordenagailuak eta honeekaz lotutako mundu korapilatsu hau betikoa dala, hau da, bai ordenagailuak eta bai eskuko telefonoak edota beste hainbat eta hainbat elementu beti egon izan dirala eskuragai. Ez da, ez, holan izan. Hemen zeozertxu argitu gura geunke ordenagailuen inguruan sortu diran beste elementu batzuen ganean.

Ordenagailuen historiari jagokonez, bota daiguzan hemen tresnon neurriaren ganeko momenturik garrantzitsuenak. Hasikerako ordenagailuak handi-handiak ziran neurriz, jakina, barruan lanpara piloa gordeten ebelako. Edade batekook laster gogoratuko doguz gure lehenengo telebisinoak eta barruan topetan genduzan lanparak be. Edozelan be, denpora tarte txikian sekulako iraultzea etorri da, eta ordenagailuen neurria txikitzen joan bada be, zorioneko tresna horreen kapazidadea eta aukerak nabarmen handitzen joan dira. Ordenagailu personalak (Personal Computer, PC-ak) be agertu ziran. Azken urteotan PC honeek izan dira, bilakaera handia tarteko, aurrerantz jo daben elementu garrantzitsuak gure bizitzan, bai lanean bai etxean. Ordenagailuei esker, Internet sarean be sartu gara itoteko bildurrik barik: posta elektronikoa, webcam-a, web orriak eta informazinoa zenbat-gura.

Azken urteotan tresna edo tramankulu barriak agertu dira merkatuan: PDA (Personal Digital Assistent).

Sarritan, beste izen bategaz be ezagutzen doguz, 'Palm' izenagaz hain zuzen be; baina hori enpresa baten izena da. Bestalde, badagoz egon bestelako plataforma batzuk; ezagunenak Pocket PC eta Windows CE dira. Horreek danak zer izango ete dira ba? Lehenengo eta behin, agenda elektroniko moduan plazaratu ziran, hau da, boltsikoan sartzeko moduko tresnak ziran, betiko papelezko agenda baten neurrikoak, eta bertan gure lagunen/bezeroen edo antzekoen telefonoak, helbideak eta gura beste datu idazten genduzan.

Gaur egun, barriz, agenda elektroniko moduan ez eze, boltsikoko ordenagailutzat be hartu geinkez. PDA tresna horreetarako programa bereziak diseinau eta garatu dira, eta honeen artean honeexek doguz ezagunenak:

Agenda elektronikoa, oharrak edo bestelakoak gordetako programak, beharrak planifiketako programak, e-mailak jaso zein bialtzeko gauza diran programak, mikroinformatikako programa arruntak (word, excel, power-point), kalkulagailuak eta, zelan ez, joko mordoa.

Gure beharrean edo etxean ordenagailu personala dogu. Ordenagailu horren bidez Internet munduan sartzen gara eta posta elektronikoko helbide bat dogu. Ganera, mahai ganeko ordenagailuko posta helbideak edo kontaktuak gure PDA horretara pasetako modua dago, eta alderantziz be bai. Zeregin horri 'sinkronizetea' esaten deutsagu eta, era horretara, gure agenda elektronikoa informazinoagaz loditzen joango da, eta han egiten doguzan aldaketak, gero gure mahai ganeko ordenagailura eroango doguz.

PDAk agenda moduan erabili izan dira oraintsura arte; baina azken teknologia gehitzen badeutsagu, beste arlo batzuetan sartu daitekez: modem bat jarriz, gure PDA txikiagaz Internet-en sartzeko be kapaz izango gara. Horretarako, Interneten ibilteko nabigatzaile berezi batzuk beharko doguz, hau da, Internet Explorer edo Netscape Navigator erabili beharrean beste honako honeek izan beharko doguz: Blazer edo Avant Go, edo antzekoak.

Konekzinoari jagokonez, modem hau sare telefonikoan konektetea izango da normalena, baina beste modu bat be badago Interneten ibilteko: gure eskuko telefonoa erabiliko dogu lan honetarako. Jakina, derrigorra da telefono hori azkeneko belanauldikoa izatea.

Word edo excel lako programak be badoguzala aitatu dogu. Gure 'agenda elektronikoa' erabiliz dokumentuak be sortu geinkez, eta gura izan ezkero, txartel berezi bat gehituz gure PDAri ordenagailuen disko gogorra lako memoria be erantsiko deutsagu, kapazidade txikiagoagaz, baina gure zereginetarako nahikoa.

Kontuak kontu, Palm enpreseak prest daukaz udagoienetik aurrera merkaturatuko dituan PDA barriak; hurrengo belanauldia badator beraz: hau da hau martxea!. PDA barrietan sinkronizazinoak eta konekzinoak klabe barik egingo dira (wireless teknologia erabiliz), eta eskuko telefonoen ezaugarriak be erantsiko deutseez. Teknologia barria prezioan be igarriko dogu, hau da, gaur egungo prezioak asko merketuko diralakoan dagoz enpresa horreetako arduradunak.